Xanti Begiristain Madotz
Euskaltzalea

Zentzutasuna

Orain dela hilabete, otsailaren 13an hain zuzen ere,  idatzi nuen artikulu txiki bat, nabarmentzeko zer gauza arraro eta ezohikoak gertatzen zitzaizkien Iruñeko Gaiarre antzokian, gurpil-aulkian zihoazen pertsonei, alegia, ordaindu behar zutela sarrerarik garestiena, nahi eta nahi ez, baina, hala eta guztiz ere, gero gelditu edo ikusi behar zutela ikuskizuna beheko azken ilararen atzetik. Hori, orain dela gutxi arte izan da horrela, nahiz eta zenbait urte eman ditugun kexa eta errebindikazio berberak egiten, anomalia hura konpon zezaten.

Ikusten denez, aparteko garrantzia du zer pertsonak entzuten duen errebindikazioa edota nor den arduraduna, kasu honetan, Gaiarre Antzokiko Fundazioaren kudeatzailea. Martxoaren 8an izan nintzen azkeneko aldiz aipatutako antzokian, “Itsasoaren emazteak” izeneko ikuskizunarekin gozatzen, eta, egun hartan frogatu ahal izan genuen, orain diru kopuru erdia kobratzen digutela sarrera, gainerako guzti-guztia berdin izanda, hau da, lehengo leku berean kokatu behar dugu nahi eta nahi ez, ez digute ematen beste aukerarik, baina, trukean behintzat, jaitsi digute txartelaren balioa. Horrekin ez da gelditzen dena konponduta eta normalizaturik, ez eta gutxiago ere, jakina, baina, gutxienez, detaile txiki bat izan da, eta konpentsazio bat lehengo bidegabekeriaren aurrean.


Gorago esan dudan bezalaxe, izugarrizko garrantzia du gai hauetan zein pertsonak erantzun behar duen arazo horien aurrean; izan ere, Gaiarre antzokiko langile batek esan zigunaren arabera, oraingo kudeatzailea beste pertsona bat omen da, aldatu omen zuten-eta, eta, antza denez, askoz ere harkorragoa izanen da, hori berehalaxe begi-bistan gelditu den bezala, bestela ulertezina baita nola oraingo honetan konpondu den arazoa hilabete eskasean, eta, lehen, zazpi bat urtean ezin izan dioten eman gutxieneko aterabide asegarri bat eragozpen berberari. Neronek, behinik behin, ez dut batere zalantzarik egiten gai hauetan egundoko garrantzia daukala pertsonen borondate onak, baita erantzukizuna duena pertsona arduratsua izateak ere.
Pena bakarra izan da halako neurria hartu ez izana askoz ere lehenago, zenbait pertsonari egoera deseroso, diru gehigarriak eta eragozpen desatseginak saihesteko, baina bueno, nola edo hala kontsolatzeko esaten den bezalaxe, hobe da berandu inoiz ez baino.


Eta bukatu baino lehen, hemendik, publikoki eskerrak eman nahi dizkiet Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxeta eta Pello Argiñarenari, nire kexari hedapena ematen laguntzeagatik, Udaleko zinegotzi batzuei, eta, azken batean, konponbidetxo hau hartzen inplikatu diren pertsona guztiei.

Buscar