Zirrikituak
Astelehena. "El Hormiguero"-tik deitu didate. Oheratu aurretik, mugikorrean zenbaki pribatu baten dei bat galdu dudala ikusi dut. Bai, orduagatik aukera asko ditu El Hormiguerokoa izateko. Programa ikusten egon naiz eta lehen bi saiakeretan −nirea haien artean, ziur nago− ez dute inorekin harremanetan jartzea lortu. Azkenean, Albaceteko andra batek zuzen erantzun dio ohiko «¿Sabe usted que es lo que quiero?» galderari, eta 9.000 euro irabazi ditu. Lastima...
Telefonoari kexuka begira nagoelarik agendan zenduriko senide eta lagun batzuen kontaktuekin topo egin dut. Ez nuke jakingo esaten zergatik ez nituen bere unean dispositibotik ezabatu; ez nuke jakingo azaltzen zergatik jarraitzen dudan gordetzen. Agian agerikoa setati ukatzeko modu bat baino ez da.
Telefono zenbaki horiek, nolabait, bi errealitate −agian bi fikzio− komunikatzen dituzten pitzadura, artesi txikiak dira; pasabideak. Noizbait, gaur bezala, deitzeko tentazioa sentitu dut; azkenean, gaur bezala, ez naiz ausartu: auskalo zer erantzun jasoko nukeen zirrikitu horretatik beste aldetik.
Asteartea. Garitaren etxea etorri zait gogora arratsalde erdian. Haurtzaro guztietan badago etxe abandonatu eta misteriotsu bat. Baita nirean ere: Garitaren etxea. Garitazelaia jauna hil zenean, etxea abandonatuta geratu zen eta denborak eta neguek zabaldu zizkioten atean eta leiho-oholetan, non auzoko haurrak kuxkuxean ibiltzen baikinen.
Zirrikitu haietatik ez zen gauza handirik ikusten, baina irudimenez ordezten genuen ikusten ez zena. Batzuetan, igartzen, susmatzen duguna agerian erakusten zaiguna baino argigarriagoa, esanguratsuagoa da. Sarritan detailetxo txiki batez irudi osoa eraiki, asma dezakegu. Koldo Garciaren curriculuma...
Asteazkena. Bidenen irudiak ikusi ditut Gazan datozen egunetarako su-eten bat iragartzen. Entzuten saiatu naiz, baina nire begiak jaten ari den eta mikrofono gisa erabiltzen duen izozkiari josita izan ditut. Izozki horri begiratu diot, zirrikitu horretatik, eta hobeto antzeman dut demokraten buruzagi zahartua definizio handiko argazki batean baino.
Osteguna. Fisikoki, Barajasen ez dago asilo-eskatzaileentzako telebistan gaur erakutsi dizkiguten gela horiek. Etorkinak inorena ez den lurrean daude. Bai, migratzaileak hain egoera tamalgarrietan bizi diren espazio horiek modu birtualean baino ez dira existitzen: Espainian daude baina etorkinek zapaltzen dute lurra ez da ofizialki Espainia. Duty free eremua bezala, lurralde imaginarioa da. Aireportuko arrakala, aireportuko zulo beltz bat da eta agian ez da ezta planoetan ere agertuko. Kongresuan Talde Mistoari jazotzen zaionaren antzeko zerbait gertatzen zaio leku horri. Egon «badago», baina ez «da». Ez dakit azaltzen naizen... Gauean esnatu naiz. Pertsianen zirrikituetatik asteazkena sartzen saiatzen da baina oraindik eguna, osteguna ez da urratu. Logelaren barruan, etxe barruan asteazkena da oraindik. Sevillara... portzierto.
Ostirala. Carmen Laforet-en "Nada" liburuko orrialde bat irakurri dut Batxilergoko ikasleokin. Zelulosazko arrakala horretatik gerraosteko Bartzelonan infiltratu gara. Txirrinak jotzean hara bidaiatzeko baliatu garen igarobidea magikoki itxi da. Espero dezagun ikasle guztiak bueltan egon izanak. Momentuz beraien familiak ez dira kexatu. Afaltzen dudan bitartean mugikorra plateraren ondoan jarri izan dut, Pablo Motosek berriro deituko balit ere.
Larunbata. 2024ko martxoaren 31n, igandea, herrialdeko erlojuak ordubete aurreratuko dira azkenengo aldiz. Halaxe dio egunkariak: «ordubietan hirurak izango dira». Naturaltasun osoz; normala izango balitz moduan. Desagertuko den ordu hori denboraren fisura −adigaitza− ere bada, bere modura: esan genezake gezurrezko minutu horietan egingo duguna −ordubiak eta laurdenetan esate baterako− ez dela inoiz gertatuko. Bergoglioren Elizak ere pitzaduraren baten bat badu. Toledon bertan, adibidez; hango apaiz batzuk Aita Santua zerura lehenbailehen bidali nahi dute.
Igandea. Urte batzuk geroago, Garitaren etxea eraitsi zuten pisuak eraikitzeko. Udarako goiz hartan umeok pilatu ginen makinak hormak behera nola botatzen zituen ikusteko, urteetan imajinatu genuen guztia baieztatzeko itxaropenez. Barruan ezer apartekorik ez egoteak, Garitaren espiritua obra-hondakinetatik ihesika ez topatzeak desilusionatu egin gintuen. Minutu gutxi batzuetan etxe sorgindu hori, mamuen lurraldera gidatzen gintuen korridore hori orube bihurtu zen. Pitzadura majikoa hori itxi egin zen.
«Uste dut, laztana, pasa den astelehenean El Hormiguerotik deitu zigutela», esan diot nire emazteari mobila ez hartu izanaren erantzunkizuna banatzeko. Ez, ez dit sinetsi.
En fin.