Arantxa Tapia andreari
Arantxa Tapia andrea, hau da gure drama:
Lehenengo hitzak zuretzat: aita, aitona, senarra! Eredu izango zara guretzat, zure elkartasun, maitasun eta eskuzabaltasunaz harro gaude.
Bestetik, eskerrak eman azken orduetan zuen maitasuna sentiarazi diguzuen jende guzti horri! Ehunka izan dira jaso ditugun hitz goxo eta maitasun keinuak. Eskerrak ere Donostiako ospitaleko Amara Eraikineko langile guztiei, momentu gogorrenetan ere, pairatzen ari diren baldintza kaxkarretan gurekiko izan duten begiruneagatik.
Eta azkenik zuri, Tapia andrea: drama da hamar egunetik gora etxean sartuta egotea Covid 19aren sintomak dituzulako, baina ez egin izana inolako frogarik, aita ospitalean duzu eta ezin zara beregana joan ez dakizulako norbait kutsa dezakezun, ezin duzu amaren ondoan egon bera arrisku taldekoa delako eta agian kutsa dezakezulako.
Drama da aita hilzorian dela jakitea eta ezin izatea zure etxekoekin negar egin eta elkar besarkatzea.
Drama da aita hiltzea eta zuk zure etxean jarraitu behar izatea azken muxu bat emateko aukerarik gabe, arduraz jokatu eta ez duzulako inor kutsatu nahi, benetan kutsatuta zauden jakin gabe frogarik ez baitizute egin.
Drama da 58 urtez zure ondoan egon den pertsonari agur goxo bat eman ahal ez izatea, arrisku taldekoa zarelako eta kutsatzearen beldur zarelako.
Drama da aitona izugarri maite zuten gazte eta ume horiek izugarri maite duten aitonaren agurrera joateko debekua izatea. Arrisku taldekoa den amonari besarkada bat ezin ematea.
Drama da aita ospitalean bakarrik egotea bizitzako azkenetan denean eta itzaltzen ari denean, eta erantzukizunez arauak errespetatu behar izatea eta orduak pasatzen egon behar izatea okerrenaren zain.
Drama da tanatorioan aita hauts bilakatu behar den une horretan etxeko bi pertsonak baino sarbidea ez izatea kutsatze bat gertatu daitekeelakoan eta azken une horretan zure maiteen besarkada jaso ahal ez izatea.
Drama da aurreko egun guztietan eta baita hurrengoetan ere garraio publikoa hartu behar izatea lanera joateko, zazpi-zortzi ordu pasatzea jendearekin harremanetan lanean, baina orduan kutsatzea badirudi ezinezkoa dela!