Ekaitz eta Irati Goikoetxea

Burkinia bera ez da arazoa

Askotan galdetzen diot neure buruari non ezkutatzen ote diren-dituzten-ditugun gutxi gorabehera astebeteko lehertze iraupena izaten duten albisteak. Bat-batean isildu egiten dira-dituzte-ditugu, benetako hausnarketa-ikasbiderik landu gabe. Horrela doakigu. Kaka-parrastada eta kaka-parrastada artean justu-justuko astia hartzen dugu ipurdia garbitzeko; kaka usaina, ordea, hor geratzen da. Horrela doakigu. Azkenean sinetsi ere egin dugu besteen ipurdiei hozka egiteko eskubidea duten eltxoak garela.

Burkiniak sortu du azken eztabaidetako bat, eta gozo-gozo jarri gara denok lezioak ematen. Izugarri gustatzen zaigu hurbildu, ezagutu eta iritziak partekatu beharrean, goitik beherako ikuspegi bertikalaz hatz erakuslea luzatu eta parekoari (azpiko horri) zer egin behar duen esatea. Askatasunaren izenean hitz egiten ikasi dugu gainera orain, gure zilbor-hestea inoiz baino korapilatuago dugun honetan.

Jantzita uretan sartzea ez dela higienikoa entzun eta irakurri diot bati baino gehiagori azken hilabetean. Hondartza eta igerilekuak pixatoki ofizial bihurtu dituen gizarteak halakorik esatea ere! Azala behar da gero!

Besteen onespena lortzearren, askatasun mozorrotuz orduak eta orduak ispiluaren aurrean igarotzen dituen eta bere buruaren eta bizilagunen esamesen esklabo den gizarte kontsumistak (institutura doan gaztetxoa, ligatzera doan gaztea edota lanera doan heldua, izan ar edo eme) zer du irudiaren askatasunaz besteei esateko?

Gaixoak (gaiztoak) gu, buruan kapela jantzita, betaurreko beltzak jarrita, besteen estali beharrak horrenbeste kezkatzen gaituen gu.

Horratx gizarte heldugabe baten ahuldadea. Hori baino ez dute islatzen halako jarrerek. Harper Lee idazleari irakurri diot orain gutxi besteekiko jazarpen-jarrera aurreiritziak dituzten pertsonen kontua dela. Hobe genuke hozka egin ordez hazka egingo bagenie halako gaiek eskaintzen dituzten ikasbideei. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da hor kokatzen ditugunak hemen eroso sentiaraztea, eta hemen eroso sentitzen garenok geure burua hor kokatzeko ahalegina egitea. Elkarrengana hurbildu ezean, beldur, mamu eta fobia berriak sortuko baitira, gizarte hipokrita honen pitzadura berriak.

Buscar