Patxi Saez Beloki | Soziolinguista

Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia

Andres Urrutia, euskaltzainburu jaun agurgarria:

Zuregana zuzentzen naiz, Andres, Euskararen Akademiaren aginte makilaren jabe zarelako eta Zuzendaritza Batzordearen buruzagitza duzulako. Lehenik eta behin, bihotz bihotzez eskertu nahi dizut zure astia eskutitz hau irakurtzen erabiltzea, izan ere, denbora eta osasuna baitira, bizi artean, ezari-ezarian, ohartzeke, urritu eta murriztu ohi zaizkigun ondasunik preziatuenak.

Badirudi, euskarak egin beharreko bideari dagokionez, euskaltzale jendearen artean kezka handia dagoela nondik jo behar ote dugun horretan. Euskaltzale mordoska bat gara euskararen berreskuratzeak ondorengo urte-hamarkadetan egin beharreko ziklo luzearen nondik norakoak kezkatuta gaudenak eta uste dugunak oraintxe dela unea eztabaida hori hauspotzeko eta gizarteratzeko.

Oraintxe dugu une historiko egokia euskararentzat dinamika berri bat sortarazteko. Azken helburua euskararekin gaur egun dauden inertziak aldatzea eta iraultzea litzateke, Euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekartzea litzateke, euskara gizartearen bigarren hizkuntza izatetik gizartearen hizkuntza nagusi bihurtzeko dinamika berria abian jartzea proposatu nahi dizut.

Euskara da euskaldunon aberria. Euskarak egiten gaitu: dagiguna gara. Euskarak elkartu egiten gaitu. Euskara oso elementu trinkotzaile eta indartsua da euskaldunon artean. Euskal Herriko gizarteak, nire ustez, aisa bultzatuko luke Euskararen Herrian euskaraz bizi nahi duten herritarrak bereizkeriaz diskriminaturik dituen inertzia hausteko dinamika berri bat abian jartzea.

Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena.

Ondo baino hobeto dakizun bezala, Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zen Euskara batu edo estandarizatu zuen Arantzazuko Biltzar Nagusia, eta harrezkeroztik, azken 50 urteotan, Euskararen Corpus Plangintza egin du Euskaltzaindiak, batik bat.

Euskaltzaindia, aurki, 2018an, mendeurrena betetzear da. Euskararen aro berriari hastapena Euskaltzaindiak antolatuko lukeen Mendeurreneko Batzar Nagusiak emango lioke, oraingo honetan, Status Plangintza egiteko, alegia, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko, beti ere, euskara gizarteko hizkuntza nagusi bihurtzeko jomugarekin. Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horretan erabakitzen den bide-orria guztiz akademikoa litzateke, guztiz teknikoa, 1968ko Batzar Nagusia Euskararen Batasunarena izan bazen, oraingo hau Euskararen Erabilerarena izango litzateke.

Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko.

Euskaltzaindiak hizkuntza akademia klasikoen Corpus Plangintza lantzeaz eta garatzeaz gain Status Plangintza lantzeari ekin beharko lioke bere lan esparrua zabalduz eta berrituz, beti ere, euskararen etorkizunaren mesederako, izan ere, Albert Einsteinek ziotsan bezala «Emaitza aldatzea ezinezkoa da beti berdina eginda». Berrikuntza eta garapenerako beldur guztiak uxatu behar direla ere zioen Einstein jaunak:«Inoiz hutsik egin ez duenak, ez du sekula ezer berririk egiteko ahaleginik egin».

Etxekalte jokatuko genuke euskarari mesede egiteko aukera esku-eskura izan eta ausardia faltaz helduko ez bagenio. Eutsi diezaiogun Txillardegiren espirituari!

Hauxe eskatu nahi dizut, Andres: mesedez, eraman ezazu proposamen hau Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurara sakonetik aztertua izan dadin eta euskaren etorkizuna irabazteko bide berriak zabal daitezen.

Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu. Lehen egin zuen eta orain ere egingo duela ez dugu zalantzarik.

Aldez aurretik, esker mila, bihotz bihotzez.

Buscar