Aster Navas

Gutxien uste denean

Bizitza osoa ematen dugu gutxien uste den egunaz, gutxien pentsatutako data horretaz pentsatzen. Bai, gutxien pentsatutako egun horretan Karmeleri sentiarazten zaituena adieraziko diozu; haurdun geratuko zara; tabakoaren bila joango zara eta ez zara itzuliko, Zuzenbidea (ez zaizu gustatzen) ikasteari utziko diozu... Gutxien uste den egun hartan pentsatzen duzuna nagusiari esango diozu; bai, gutxien uste denean kontua, kitapena, eskatuko duzu eta bulego, lantegi, biltegi ziztrin hartan ez zaituzte berriz ikusiko. Gutxien uste den egunean, gutxien imajinatzen zuen asteazkenenan, Ayusori hainbeste zor dion alderdiak oso jokaldi makurra egiten dio...; gutxien uste den egunean Caserok...; gutxien uste den kongresuan Casado...

Beste bertsioa ere badugu, momentua biziki bizitzeko argudio gisa erabiltzen duguna: gutxien uste denean medikuak bi hilabetetan akabatuko zaituen zerbait aurkitzen dizu; bai gutxien uste den egunean «beste auzora» joaten zara, kale gorrian gelditzen zara. Gutxien espero zuten otsailaren asteazken batetan zibil ukrainarrak zurezko fusilekin entrenatzen dira ustezko inbasio baten kasuan Kiev defendatzeko; gutxien uste den goizaldean, gutxien espero dezakezun asteartean, denborale betean, Villa de Pitanxo itsasoratzen da.

Gutxien pentsatutako eguna, gutxien uste den maiatzaren astelehen hori, ustekabeko igande, astearte hura gutxitan iristen dira. Zorionez.

Edo zoritxarrez. Segun eta.

En fin.

Buscar