Zaloa Lekue, Maria Angeles Junquera, Karmele Aurrekoetxea, Lorea Gisasola eta Endika Eibar | Karmelo ikastola

Ondo egindakoa sustatu, bestelakoa zuzendu. Karmelo ikastola: mende erdi pasa geurea babestuz

Egoera bitxia bizitzen ari gara denok azken aste hauetan eta, zorionez krisi guztietan bezala sortzen diren aukerei begira jartzea lortzen dugu batzuk: elkartasuna, komunitate sentimentu berriztua edota lan prekarizatu eta ikusezin askoren agerikotasuna tartean. Gizarte lurrunkorrean bizi garen heinean, ordea, balio hauek azaletik irrista egiten digute askotan eta ez ditugu benetan gure egiten.

Irakasleok ere, eskolen itxiera agindu zenetik eta konfinamenduan lanean hasi ginen unetik, gure bizitzak hankaz gora jarriak ikusi ditugu eta, nola ez, gure lan egiteko modua baita ere. Gutako bakoitzak errealitate konplexua bizi du, izan guraso nagusi, haur txiki, menpeko senide edo galdutako hurbileko pertsonak izan ditugularik eta, hori gutxi balitz, gure lan egiteko moduan ere guztiz berria den eszenatoki baten aurrean topatu ditugu gure buruak. Eta gogor eta gogotsu saiatzen ari gara.

Ohituta gaude baloratuak ez izatera, baina ez gaude prest gure lana, gure Ikastola eta gure kideak mespretxatuta ikusteko. Eta are gutxiago horrela, sare sozialak diren birringailuan sartu eta botoia sakatuta eta inongo kontrasterik gabe herritik sortutako komunikabide baten gutxietsiak izanda. Ikaslearen izena, Ikastolarena eta ikasgaia eta maila azaltzen duten argazkiaz lagunduta gainera.

Irakasleak ere erratzen gara, noski. Horretan datza edozein pertsonaren ikasketa prozesua, ezta? Horrela saiatzen gara gutxienez gu egunero gure ikasleak akonpainatzen, erratu daitezkeela sentiaraziz. Egunero erratzen gara eta gure akatsetatik ikasten dugu. Orain ordea, egiten dugun guztia erregistratuta geratzen da eta, ikasleekiko eskatzen den malgutasuna, ez da gurekiko aplikagarria nonbait. Hainbat familia, agintari eta komunikabideen aldetik “etengabeko azterketa” batean gaituzte, seme-alabak, gizartearen etorkizuna, “gure esku” uzten omen dituzte gugan, gure lanarengan, gure profesionaltasunean konfiatu gabe; etxea eta eskola bat garela sentitu gabe.

Bazterrak harrotu dituen ditxosozko galdera, 40tik bat izan da. Irakasle bat erantzun bat parametrizatzean erratu egin da. Beste asko lan bat publikatzerako orduarekin edo egunarekin erratu garen bezala. Posta elektronikoa atxikitu beharreko dokumenturik gabe bidali dugun bezala.

Gizarte bat, pertsona ahulenak tratatzen dituen moduak definitzen duela irakurri genuen egunkari honetan argitaratutako gutun batean krisialdi honen bitartean. Hanka sartzen duena nola tratatzen dugun ere hausnartu beharko genuke. Hezkuntza komunitateak lehendabizi, irakasle, guraso eta ikasleok helburu komunak dituen jende taldea osatzen baitugu eta horrelako egoeren aurrean, batzuk besteak barregarri uzteak ez gaituelako inora eramaten; ez behintzat Karmelo ikastolako irakasleok sinisten dugun eta egunerokotasunean ikasleekin sendotzen saiatzen garen gizarte eredura. Irakasleok gurasoen mezu edo ikasleen lanen burla birala egiten imajinatzen dugu akaso? Ez!

Batu ditzagun indarrak kalitatezko hezkuntza sistema euskaldun eta hezkide baten alde lan egiteko, mesedez. Eta komunikabideek gero, herritik sortutako komunikabideek bereziki. Edozein informazio publikatu aurretik hau kontrastatu beharra dago eta, bilatzen dugun gizarte justu horri ekarpen ala kalte handiagoa egingo dion baloratzea baita ere.

Akats batek sortu du egoera guzti hau eta, honi, akats errenkadak jarraitu dio. Orain, autokritika egiteko gaitasuna erakutsi beharko dute inplikatutako guztiek eta, ahal den heinean, bitarteko guztiak jarri minduta eta biluztuta sentitzen den pertsona eta langilearen, Karmelo Ikastolaren, eta irakaskuntzan dihardugun guztion izen ona erreparatzeko.

Guk, Karmelo Ikastolako ikas komunitateko kideok, gure kideari babes eta begirune osoa eman nahi diogu. Eta pertsona edota langile oro erratzen jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu.

Buscar