Ekuadorren errepikatu den joera bateko profila
Esan liteke igandean Ekuadorren izan ziren hauteskundeen emaitza ezustekoa izan dela. Daniel Noboa eskuindarrak irabazi zuen herrialde hartako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, Luisa Gonzalez hautagai correista espero baino aiseago gaindituta; beraz, badirudi beste lau urtez eutsiko diola karguari. Ezkerreko hautagaiak baino milioi bat boto gehiago lortu zituen Ekintza Demokratiko Nazionala alderdiko hautagaiak, lehen itzulian milaka batzuen aldea baino atera ez bazion ere. Gonzalezek ez ditu emaitzak onartu, eta Ekuador diktadura bihurtu dela salatu du. Nolanahi ere, nazioarteko komunitateak behar bezalako ikerketa bermatu beharko luke, eta munduko hedabideek hala eskatu beharko lukete. Izan ere, beste kasu batzuetan zalantzarako tarterik gabe iruzurra salatu izan dutenek, neurri bera erabili beharko lukete oraingo honetan ere.
Argentinan gertatu da, baita AEBn eta Europan ere. Profil dagoeneko ezagun samar baten jabea da Noboa; enpresaria eta banana industriako handi-mandi baten semea, herritarren interesen defendatzaile gisa agertzen da, amaitzear den agintaldian aberastasuna birbanatzeko politikarik ia egon ez den arren. Orain ezarri dituen segurtasun politikei eusteko asmoa agertu du, Nayib Bukele salvadortarraren ereduari jarraituz, aurten izan diren ehunka hilketek politika hori zalantzan jartzen badute ere. Badu, ordea, bistan dena, mozorrotu eta nahasteko laguntza paregabea, hedabide gehienak bere alde lerratuta baitaude eta bere mezua zabaltzen dute, komeni zaion «errealitatea» erakutsita. Kanpainan iragarri duenez, herrialdeko konstituzioa aldatzeko eta ekonomia liberalizatzen segitzeko asmoa du. Herriaren interesen alde?
Joera errepikatu da, mundua zeharkatzen duen joera kezkagarria. Ultraeskuinaren bolada, elite ekonomikoen zerbitzukoa. Ezkerrak, sektore progresistek oro har, lan eskerga dute joera horri aurre egiteko. Ez da samurra izango segurtasunaren mozorroa jantzitako mezuen aurka egin eta haien egia erdiak eta gezur osoak nabarmen utzi eta balioak kontrajartzea, baina behar-beharrezkoa da, arrisku larri horri aurre egitea lehenetsiz.