Herbehereetako gobernua garaiaren isla da

Maiatzean lortutako akordioaren ondoren, atzo hartu zuen kargua Herbehereetako gobernu berriak, honakoek osatuta: Geert Wilders-en PVV Askatasunaren Alderdi ultraeskuindarreko bost ministrok; Mark Rutte orain arteko lehen ministroaren VVD Askatasunaren eta Demokraziaren Alderdi kontserbadoreko lauk; iaz sortutako NSC Kontratu Sozial Berria alderdi demokristauko beste lauk, eta BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimenduko bik. Lehen ministroa ez da PVVko liderra izango, Wilders polemikoa, baizik eta Dick Schoof, inongo alderditako kide ez dena eta zerbitzu sekretuetako goi funtzionarioa dena.

Herbehereetan ultraeskuina eskuin tradizionaleko alderdien eskutik sartu da gobernuan. Rutteren eta Wildersen arteko lankidetza aspalditik dator eta desadostasun pertsonalengatik hautsi zen. Ultraeskuindarrekin harremanik ez izateko erabaki politikoa ez zuen inoiz hartu eskuin herbeheretarrak. Eskuin muturreko buruzagi karismatikoa gobernutik kanpo utzi dute, gero eta normalizatuago dagoen lankidetza disimulatzeko. Aldi berean, ezkerra deabrutzen dute, Frantziako Estatuan gertatzen ari den bezala. Halaber, zerbitzu sekretuetako buruzagi ohi bat aukeratu dute lehen ministro izateko, Europako politika hartzen ari den jite sekuritarioaren erakusgarri argia. Mugen kontrola eta kanpoko mehatxuak ez ezik, barne-disidentziaren kontrola ere bada izendapen horretan. Nabarmendu behar da duela gutxi sortutako bi alderdi sartu direla exekutiboan: NSC, urtebete eskas duena, eta BBB, duela bost urte sortutakoa. Horien arrakastak erakusten du herritarren beldur eta nahiekin konektatzen jakin dutela, nahiz eta oso eztabaidagarriak izan daitezkeen. Nekazarien kasuan, ingurumen arloko politikak zalantzan jarri dituzte mobilizazio erraldoiekin, politika horien kontraesan batzuk azaleraziz.

Herbehereetako gobernu berriaren osaketak Europako politikan gertatzen ari diren joera nagusiak biltzen ditu. Aldi berean, eta horregatik, ezkerretik lantzeko aferen bideorri gisa ere har daiteke.

Buscar