Kakaoaren merkatua (ere), guztiz deskontrolatuta

Elikagaien prezioek etengabe gora egiten duten honetan, txokolatea da gehien garestitu denetako bat, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak nabarmendu duenez. Urtarriletik otsailera bitartean, txokolate esnedunaren eta kakao-hautsaren salneurriek, hurrenez hurren, %14 eta %7 egin zuten gora. Joan den abenduan, kakao tona 12.500 dolarreko errekorrera iritsi zen, urtebete lehenagokoa laukoiztuta; orain, berriz, 8.000 ordaintzen da tona. Aldakortasun ikaragarri hori ulertzeko gakoak gaur orrialdeotan irakurgai dagoen erreportaje batek seinalatzen ditu, eta ez dira begien bistakoenak bakarrik. Hainbat faktorek eragin dituzte gorabehera horiek: uzta txarrak, lehorteek, lehengaien garestitzeak, merkataritzako itsasbideetako arazoek, klima krisiak... eta espekulazioak. 

Faktore horiek eta kakaoaren merkatuaren berezitasunek zalantzazko etorkizuna iragartzen diote txokolateari. Klima krisia mehatxu handia da mundu osoan, eta kakaoaren laborantzari dagokionez, hurrengo hamarkadetan nabarmen murriztu liteke Afrika mendebaldeko eta erdialdeko zenbait herrialdetan; beste leku batzuetan, berriz, hedatu egin liteke, eremu ukigabeetara zabalduz, baina deforestazio arriskua handituz. Eta, krisi egoera guztietan bezala, bada gehienen ezbeharretik mozkina ateratzen duenik. Ez dira ekoizleak, are gutxiago txikiak; kontsumitzaileek ere nabaritzen dituzte egoera kaskarraren ondorioak. Egoera kaskar horrek, gainera, okerrera baino ez du egingo. Kakaoaren inguruko kontratuetan funts putreak esku hartzen hasi zirenetik, haien sartu-irtenek prezioen gorabehera bortitz horiek eragin zituzten, eta kapital zirkulazio askatasun horrek hondatu egin zuen merkatua.

Aspaldion, kafeak ere izan du inoizko garestitzerik handiena; horren kausetako bat, eta ez hutsalena, espekulazioa da. Izan ere, funts putreak beste hainbat sektoretan ere sartzen ari dira, baita herritarren oinarrizko beharrei dagozkienetan ere, hala nola higiezinen merkatuan, argi eta garbi jende askoren eskubideak urratuz. Baina ez dago horien jardun kaltegarria murrizteko prest dagoen botere publikorik, merkatuetan esku hartzea debeku sakratua balitz bezala. 

Buscar