«Ruanda Plana»: bidegabea eta bideraezina
Martxan da Boris Johnsonen azken erabaki krudela. Justiziak argi berdea emanda, Elizaren, giza eskubideen aldeko hainbat elkarteren eta munduko bihotz oneko milioka herritarren asaldurari jaramonik egin gabe, Ruanda Plana delakoa abian da. Datozen bost urteetan Britainia Handian legez kanpo sartu eta asiloa eskatzen duen oro hegazkinean sartu eta Afrikako herrialde hartara deportatuko dute. Han, offshore, egin beharko dituzte asiloa eskatzeko tramiteak, milaka kilometrora, giza eskubideak azpiratuta dauden herrialde horretan. Hara bidaliko dituzte, borondatearen kontra, bortxaz, afganiarrak, sudandarrak, irakiarrak, eritrearrak… eta Ruandak erabakiko du bertan jarraitzerik baduten, beste migrazio bideren bat eskainiko zaien, edo, zuzenean, herrialdetik deportatuko dituzten.
Oportunismoaren eta ankerkeriaren monumentu berri bat da. Ertz eta arazo ugari dauzkan gai konplexua da asiloarena, baina Johnsonek jende-kontrabandoan dabiltzan mafien ekintza kriminal batera mugatzen du dena. Ruandara jendea tropelean deportatzeko programa bat ezarriz asilo-eskatzaileak Mantxako Kanala zeharkatzeari uko egingo diotela saltzen ari da, eta jaso dituen kritika ugariei entzungor, planaren kontra daudenak migranteen trafikoan dabiltzan mafien konplize direla esan du.
Lotsagarria da, gizagabea osoki. 1951ko Errefuxiatuen Konbentzioa eta gisako nazioarteko legedia eta bere betebeharrak arbuiatzea da, eskema krudel eta bideraezin baten alde egiteko. Pertsona orok merezi du gizalegez tratatua izatea. Errukiz, zuzentasunez eta justiziaz tratatu behar da asiloa eskatzen duen edonor. Denek daukate beren bizitzak berreraikitzeko eskubidea, eta, hartara, lagundu egin behar zaie. Johnsonek, baina, guztiz kontrako bideari ekin dio: deportazio masiboen alde egin du. Bere erabaki immoralarekin aurrekari oso arriskutsua ezartzen du. Giza tragedia areagotuko du. Eta, gainera, ez du funtzionatuko, ez da bideragarria izango. Politikari populista eta oportunista baten beste emaitza penagarri bat izango da.