2018 API. 04 - 22:25h Cambridge Analyticak 87 milioi erabiltzaileren datuak bildu zituen, Facebooken arabera Facebookeko arduradunek uste dute Cambridge Analytica enpresak 87 milioi erabiltzaileren datuak bildu zituela, informazio filtrazioaren inguruklo eskandalua lehertu zenean aipatu ziren 50 milioi horietatik urrun. Konpainiaren ikurra, Facebooken egoitza nagusian, Kalifornian. (Josh EDELSON/AFP) Azken eguneraketa: 2018 API. 04 - 22:27h NAIZ NEW YORK Facebookeko teknologia arduraduna, Mike Schroepfer, izan da konpainiaren blog batean informazio filtrazioari buruzko datu berria eman duena. Hasiera batean esan bazen Cambridge Analytica enpresak 50 milioi erabiltzaileren informazioa bereganatu zuela Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeen emaitzak baldintzatzeko, zifra hori 87 milioira igo du gaur Schroepferrek. Horrez gain, Facebookeko teknologia buruak jakinarazi du informazio filtrazioari lotutako eskandalu honek kaltetu dituen erabiltzaile gehienak estatubatuarrak direla. Post hau argitaratu baino ordu batzuk lehenxeago jakin da apirilaren 11n AEBetako Ordezkarien Ganberako Energia eta Merkataritza Komitearen aurrean agerraldia egingo duela sare sozial erraldoiaren sortzaile eta burua, Mark Zuckerberg. Batzordeko kide diren Greg Walden errepublikanoaren eta Frank Pallone demokrataren arabera, hitzordu hori «aukera garrantzitsua» izango da «erabiltzaileen datuen pribatutasunaren inguruko funtsezko gaiak argitzeko». Eskandalua lehertu zenetik, krisiari aurre egin asmoz, pribatutasunari lotutako hainbat neurri abian jarriko dituela iragarri du Facebookek. Schroepferrek azaldu duenez, apirilaren 9tik aurrera, Camdridge Analyticaren filtrazioak kaltetutako erabiltzaileei jakinarazpena egingo dei eta, «News Feed» delakoan, albisteak agertzen diren gunean, lotura bat jarriko du erabiltzaileak modu errazean ikus dezan zein aplikazio erabiltzen duen eta horiek zein informaziorako sarbidea daukaten. Beste neurri batzuen artean, erabiltzaileak posta elektronikoaren helbidearen edo telefono zenbakiaren bitartez bilatzeko aukera desgaitu duela ere adierazi du Facebookek.