GAIAK
Elkarrizketa
BEÑAT JIMENEZ BUJANDA
Software garatzailea

«Docker oso-oso modan dago, momentuko produktua da»

'Docker praktikoa: garapena eta DevOps'. Interesa piztu du gaiak, askorentzat arrotz baina beste askorentzat oso gertuko, «oso-oso modan dago, momentuko produktua da», dio Beñat Jimenez Bujanda software garatzaileak, ikastaroko arduradunak. 


Zein erabilera ditu garapenerako Docker-ek?
Asko. Esan dezakegu software berria dela. Askoz arinagoa da. Horrek esan nahi du askoz bizkorrago martxan jartzen dela eta sistemaren errekurtsoak askoz gutxiago gastatzen dituela. Gero inguruan erreminta ugari ditu eta horrek garatzaileoi birtualizazio txiki honekin lan egiteko lana asko errazten digu. Orain arteko birtualizazioari buelta bat ematea bezala litzateke.

Birtualizazioa aipatu dugu, garapena... Informatika arlokoak ez direnentzako zertaz ari gara birtualizazioa aipatzen dugunean?
Imajinatu ordenagailu batean hainbat software ditugula martxan. Birtualizazioak emango zigun aukera ordenagailu hortan ordenagailu txiki pila bat izateko eta software bakoitzak ordenagailu txiki horien barruan egoteko. Horrek zer esan nahi du? Garbiagoa izango dela, kudeaketa errazagoa izango dela, elkarren arteko talkak ekiditen direla. Azken batean batez ere kudeaketa aldetik hainbat abantaila ditu.

Ikastaroan Docker-en inguruan zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Lehenengo egunean Docker erreminta bera landu dugu. Dockerrekin kontainer edo birtualizazio txiki hauek nola sortu ditzakegun ikasi dugu. Eta bigarren egunean Dockerren inguruan sortu diren hainbat eta hainbat erreminta hauek landu eta ikasiko ditugu. Ikastea ez dakit, baina ikustea, entzutea behintzat bai. Oso mundu berria da, baina sekulako abiada hartu du, esponentziala. Hainbat eta hainbat erreminta berri ateratzen dira ia egunero eta zaila da jarraitzea. Eta ez baldin bazaude bertan sartuta gauza asko dira bat batean. Gehiago da beldur hori galtzea, ulertzea kontzepturik garrantzitsuenak, ondo ulertzea batez ere, jolastea. Oso praktikoa izango da dena. Teorian gehiegi sartu gabe. Teoria izango zen birtualizazioa, Kernel-a... Gehiegi interesatzen ez zaizkigun gauzak. Gehiago da jolastea, ohitzea eta bakoitzak bere lanean ikustea zein abantaila atera diezaioken Dockerri eta mundu horri.

Harrera ona izan du ikastaroak. Zeren seinale da hori? Lehen aipatu duzu arina dela, baina zein abantaila gehiago ditu Docker-ek?
Gaur egun esan dezakegu enpresa nagusi denak ari direla teknologia hau erabiltzen. Ikusten ari gara jendea jabetzen ari dela industria alde horretarantz dioala, aukera handiak dituela, eta jendeak interesa duela konturatu gara. Lanerako edo proiektu pertsonaletarako. Hainbat eta hainbat entzuten ari garen historia hau ea zer den. Interesgarria da bakoitzak bere neurria hartzea gai honetan. Denek ez dugu berdin erabiliko, baina zentzu horretan erreminta oso malgua da eta bakoitzari emango dio zeozer. Merezi du. Orain oso modan dago. Nik ere sinopsia jarri nuenean hitz klabe batzuk prestatu nituen, oso modan daudenak, kubernetes eta horrelakoak. Oso-oso modan dago, mementoko produktua da. Memento honetan teknologia hau delako oraintxe bertan garatzen, egiten eta norantz goazen definitzen duena gutxi gorabehera. Eta hori oso argi ikusi da, ikastaroa di-da batean bete zen.

Eta zein eratako jendea hurbildu da?
Denetarik. Unibertsitateko pertsona batzuk, baina asko eta asko nik uste dut enpresetatik etorri direla. Oraintxe bertan onura handiena enpresa batentzako da teknologia honetan. Oso pozik nago eta asko gustatzen zait ikustea inguruan interesa badagoela eta bertako, tokiko enpresak ere bai jarriko garela maila internazionalean. Ez gaudela ez atzean ez aurrean. Oso seinale ona da eta jendeak interes handia duela ikusten da.

Zerbait gaineratu nahi zenuke?
Zaila da kontua. Prestatu dut eta nik erakutsi nahi nituen mundu honen alderdi guztiak eta horrek alde batetik denbora gehiago eskatzen du; kontzeptuak ere ez dira sinpleak.. Eta jendea oso animatuta ikusi dut eta oso abenturazalea zentzu horretan. Ez dira etorri ikastera edo hobetzera dakiten zeozer. Baizik eta gauza guztiz berri bat egitera, ikastera, entzutera. Eta niri hori izugarria iruditzen zait. Oso seinale ona. Sentitzen dut ez da erreza, zaila da, lan egin behar da, baina entrenamenduarekin onurak mugaezinak dira.