GAIAK

Itsasbazterrik gabeko herrialdeak

Itsasbazterrik izan ez arren, asko dira bestelako olatuak dituzten herrialdeak. Batzuek ibaietan sortzen diren olatu bitxiak hartzen dituzte; beste batzuek laku handietan egiten dute surfean. Surflariak mundu osoan daude, beraz, baita itsaso gabeko lekuetan ere.

Itasotik kanpo ere egin daiteke surf.

Surflariak mundu guztian zehar aurki daitezke, baita itsasorik ez duten herrialdeetan ere, horrek ez baitu esan nahi olaturik ez dutenik. Batzuek lakuetan hartzen dituzte olatuak, beste batzuek ibaietan eta beste batzuek olatu artifizialak sortzen dituzten igerilekuetan.

Ohikoena ibaietan sortzen den olatu estatikoa izaten da. Maldan behera doan ur masak kontra egiten dion sakonera gutxiko eremu bat topatzen du, eta, hala, olatu moduko bat sortzen da. Surf taula batekin olatuaren gainean egon daiteke, eta, gainera, abiadura sentsazioa ematen du.

Beste fenomeno bitxi bat ibai-aho zabala duten zenbait lekutan ematen da eta ‘le mascaret’ olatua deitzen zaio. Baldintza jakin batzuk betetzen dituen ibai orok izan dezake olatu mota hau sortzeko aukera. Marea oso biziak, koefiziente handiko lekuak, ekinozio sasoia (egunak eta gauak iraupen bera duten garaia; martxoaren 21a eta irailaren 21a) eta sakonera txikiko bokale zabaleko lekuak behar dira. Hala, baldintza horiek guztiak biltzen dituzten inguruneetan ibaian gora olatu bat sor daiteke.

Itsasertzik ez

Itsasertzik gabeko 48 herrialde daude munduan. Estatu subirano horiek munduaren %11,4 osatzen dute eta ez dute itsasorako sarbide zuzenik.

Itsasorik gabeko munduko herrialde handiena Kazakhstan da, nahiz eta Kaspiar itsasoko kostaldea barnebiltzen duen, izan ere, Kaspiar itsasoa ez dago munduko beste itsaso eta ozeanoekin lotuta. Bertan soilik haizete indartsuek sortutako uhin lerro ahulak izaten dira.

Kontinente amerikarrean, berriz, bi dira itsasertzik gabeko herrialdeak; Paraguay eta Bolivia, hain zuzen ere. Boliviaren kasuan, gainera, afera korapilatsua da, izan ere, 1879 eta 1883 artean izandako Pazifikoko Gerran galdu zuen itsasoarekiko lotura.

Boliviarentzako ondorioak tamalgarriak izan ziren, eta, ordutik, behin eta berriz eskatu dio Txileko Gobernuari Boliviaren itsasorako sarbidea errespeta dezala. Aldiz, eskaerak eskaera, Boliviak inoiz ez du 180 kilometro eskasera duen itsasorako bidea berreskuratzea lortu.

Pasadizo moduan, Hugo Chavez Venezuelako presidente zenak Boliviaren aldeko jarrera zuen eta honela esan zuen behin jendartean: «Egun batean, Boliviako itsasoan igeri egin nahi dut».

Europan bat baino gehiago dira itsasorik gabeko herrialde edo estatuak. Austria, Txekiar Errepublika, Hungaria, Kosovo, Liechtenstein, Mazedonia, Luxenburgo, Serbia, Eslovakia eta Suitza dira itsasorik ez duten kontinente zaharreko estatuak, baina horietako batzuetan surf egiten da, ibaietan bada ere, eta surf federazioak eta elkarteak ere badira.

Suitza, Austria, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Eslovakia ISA International Surfing Asociation erakunde olinpiarrak barnebiltzen dituen herrialdeen artean daude. Guztira, 73 herrialde dira ISA erakundean daudenak, alegia, surfaren olinpiar jokoetan parte har dezakete. Kontuan izan behar aipatutako Europako herrialde hauek direla zerrendan dauden itsasorik gabeko herrialde bakarrak, ISAko gainontzeko kide guztiek itsasbazterra daukate-eta.

Afrikan, itsasorik gabeko herrialdeen zerrenda luzea da, baina badira bi estatu itsasotik oso gertu daudenak. Izan ere, Swazilandia eta Lesotho Indiako Ozeanoko uretatik ehun kilometrora baino ez daude.

Asiaren bihotzean itsasorik gabeko herrialde bakarra dago, Laos. Baina bertan ere badira surflariak Txina hegoaldeko itsasoan surf egiteko 90 kilometroko bidaia egiten dutenak.

Surflari batentzako zailtasun gehien eskain ditzakeen herrialde bat aukeratu beharko bagenu, dudarik gabe Mongolia litzateke leku gogorrena. Itsasorik gabeko herrialde zabal horretan urtean zehar batez besteko tenperatura zero gradukoa izaten da, beraz, olaturik aurkitzeko aukera gutxi izateaz gain, ez da eguraldiak berak ere lagun dezakeen ingurune bat.

Gurean, beraz, ez gaude kexatzeko moduan. Itsasbazter bikaina daukagu, olatu oso onak eskaintzen dituena, eta, gainera, itsaskiak maiz izaten dira.