2019 AZA. 25 - 01:00h Surfa eta snowboarda Sotxi hirian Gutxi dira egun berean elurretan eta itsasoan ibiltzeko aukera eskaintzen duten inguruneak. Surf egiteko olatuak eta snowboard egiteko malda elurtuak nahiko gertu aurki daitezkeen lekuak badira, ordea. Toki bitxi horietako bat da Sotxi hiria. Surfista Itsaso Beltzan. Haritz Larrañaga Klima subtropikala du Errusiako txoko honek eta, orokorrean, giro hezea da nagusi oporretarako ezin atseginagoa den leku honetan. Uda beroa izaten da Sotxin eta negua, berriz, gozoa. Horrek bakantzarako leku apropos bilakatzen du hiria, eta horregatik da Errusiako gune turistiko garrantzitsuenetako bat. Adibide gisa, Stalin, Sobietar batasuneko buruzagi ohiaren oporleku kuttuna omen zen Sotxi. Ulises heroi grekoak bere mendekua (nemesis) aurkitu zuen herria ere bada Sotxi, han topatu baitzuen begi bakarreko ziklope erraldoia. Baina azken urteetan ezagun egin zuena 2014ko neguko joko olinpiarrak izan ziren. Munduko herrialde handiena izan arren, Errusian oso leku gutxitan dago surf egiteko aukera, baina Sotxin, baldintzak onenak ez izan arren, olatu artean ibiltzeko aukera bada; izan ere, Itsaso Beltzak ere olatu ederrak eskain ditzake. Tamaina txiki eta ertaineko olatuak izan ohi dira Itsaso Beltzeko kostaldean. Ez da olatu handirik, beraz, baina zenbait lekutan surf egiteko baldintzak egokiak izaten dira. Itsaso Beltza Badira surf egiteko lekuak Kaspiar itsasoan zein Itsaso Beltzean eta leku asko oraindik ezezagunak dira, gainera; beraz urautsi berrien bila dabilenarentzat destino polita izan daiteke. Ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta ordea, olatu oso handirik ez dagoela asma daiteke. Kaspiar Itsasoa eta Itsaso Beltza ur gazia duten bi laku erraldoi gisa aurkez daitezke. Horien izaera mugatua kontuan hartuta, olatuak izateko aukerak oso urriak dira, baina itsasoaren mutur batean haizeak gogor jotzen badu eta uhinek beste puntarako norabidea hartzen badute, olatuak sor daitezke. Olatuak itsasbazterrera iritsitakoan, hondoen araberako olatuak lehertzen dira eta, zentzu horretan, ingurune honek interesgarria dirudi, hondo anitzak eta desberdinak baititu kostalde osoan zehar. Olatuez gozatzeko hondartza eta haitzez osatutako urautsi bitxiak aurki daitezke, beraz, Errusiako ingurune berezi hauetan. Ohiko surf lekuekin alderatuz gero, itsaso hauetako urak oso desberdinak dira. Uraren osagaiak, kolorea eta gatz kopuru handiak itsasoaz dugun ohiko iruditik asko aldentzen dira, baina, hain zuzen ere, osagai hauek erakargarriak ere izan daitezke ohiko irudi tropikaletatik harago bestelako zerbait bilatzen dabiltzan abenturazaleentzat. Kaspiar Itsasoa eta Itsaso Beltza elkarrengandik gertu daude. Asia eta Europa artean daude biak. Kaspiarra munduko «laku» handiena da, 371.000 kilometro koadrorekin, eta Itsaso Beltzak berriz, 422.000 kilometro koadroko azalera dauka. Kaspiar Itsasoak zein Itsaso Beltzak antzeko ezaugarriak dituzte orokorrean, aldatzen dena ingurunea da, kokalekua alegia. Ibaietatik datozen urek dakartzaten mineralei esker du gatza Itsaso Beltzak, eta pilatutako ur horrek guztiak duen ihesbide bakarra lurrunketa dela kontuan hartuta, ez da harritzekoa hainbeste gatz izatea. Inguruneari dagokionez ere oso aberatsa da baliabide energetikoetan, besteak beste, petrolioa eta gas natural poltsa handiak baititu. Itsaso Beltzak Danubio ibaitik jasotzen du ur gehiena. Turkiak, Bulgariak, Errumaniak, Ukrainak, Errusiak eta Georgiak inguratzen dute itsaso hau; beraz, herrialde desberdinentzako kostaldea ere eskaintzen du. «Itsaso Beltza» izena nondik datorren ez dago oso argi; izan ere, badira teoria desberdinak. Batzuek bere erro grekoak dituzte aztergai; beste batzuek puntu kardinalen erabilerarekin lotzen dute –garai batean esaterako, turkiarrek kolore beltza iparrarekin lotzen zuten eta kolore zuria berriz, hegoaldearekin–; eta beste batzuek uraren kolore iluna aipatzen dute. Bi itsaso hauek ohiko surf inguruetatik bereizten dituena, aldiz, ez da soilik duten konposizioa, klima edo paisaia bitxia. Osagai horiei inguru horietako kultura eta liskarrak gehitu behar zaizkie. Izan ere, bizimodu latzeko lurralde hauetan biztanleek surf egiteko aukera oso gutxi dute. Sotxi hiria, ordea, oporleku lasaia da. Sotxiko itsasertzean zehar kai eta ontziraleku ugari ateratzen dira lurretik itsasora. Horrek hondartzak txikiagoak bilakatzen ditu eta batzuetan uhinen ibilbidea ere oztopatzen du, baina, bestalde, surflarientzako eskuin olatu luze eta ederrak ere jasoarazten ditu. Munduko aire kalitate onenetakoa duen lekuetako bat omen da Sotxi; kanpoan kirolak egiteko leku aproposa da, hortaz. Urtean zehar surf egiteko aukerak, ordea, urriak dira eta horregatik olatuak sortzen dituen igerileku artifizial bat egiteko proiektu bat ere martxan da. Laster, surfa eta snowboarda uztartzeko aukera bikainak eskainiko dituen lekua izan daiteke Sotxi. Olatuak Errusian Ziur aski, surflari batek olatu bila joateko aukeratuko lukeen azkeneko lekua izan daiteke Errusia, baina badira Errusiako zenbait zokotan urautsiak miatzen aritu diren abenturazaleak, eta horiei esker dakigu egun Errusiako zenbait eremutan surf egiteko olatuak badirela, eta kasu batzuetan, gainera, kalitate oneko olatuak hartzeko aukera zabala omen dago. Hiru dira Errusiak surf egiteko eskaintzen dituen ingurune nagusiak. Batetik, Sotxi hiria eta bere inguruak aipatu daitezke. Bestalde, Kamtxatkako penintsulan jasotzen diren olatu ederrak daude. Eta hirugarrenik, Vladivostok, Txina eta Ipar Korearekin muga egiten duen lurmuturra. Vladivostok Japoniako itsasoan dago eta itsasertz errusiar honek olatu bikainak izateko aukera asko ematen omen du, baina oraindik ez da behar bezala esploratu; izan ere, bertan urak duen tenperatura baxuak (10 gradu baino gutxiago) edozein surflari uxatzen du. Errusian surf egitea abentura interesgarria izan daiteke, baina bidaiak aurretiko lanketa bat eskatzen du edozein kasutan, baldintza oso gogorretan egin beharreko bidaia izan daiteke-eta. Batetik, klimatologia hartu behar da kontuan, eta bestetik, oinarrizko azpiegituren eskasia. Ondorioz, bidaiarako ekipajearen zerrenda egiterakoan kontuan hartu behar dira muturreko baldintza klimatologikoei aurre egiteko ekipamendua eta tresneria berezia. Norbait surf egiteko ohiko bidaiekin aspertua bada, aurrerantzean Errusia aukera erreal bat izan daiteke. Hotza da nagusi, baina baita lasai surf egiteko aukera ere.