GAIAK

Alexandria: Antzinako arrastoen xarma

Itsasargi mitikoa, Alejandro Magno, Kleopatra, antzinako biblioteka famatua… Dagoeneko ez da gelditzen antzinako Alexandria distiratsuaren arrastorik baina, hala ere, xarma du. Gainera, ez dago uste bezain urruti: Kairon trena hartuz gero, bi ordutara.

Ziudadela, Alexandrian.

Alexandria. Mediterraneoko hiriaren izenak berak gogorarazten du, ezinbestean, duela 1.600 urte desagertutako liburutegi mitikoa, denbora luzez Antzinako jakintzaren erdigune izan zena. Gaur egun, noski, inork ezin du liburutegi zaharreko apaletan arakatu, baina bai, ordea, eraikin berriaren korridoreetan. Hain zuzen, ezagutzen dutenek diote abiapuntu hobeezina izan daitekeela hiria bisitatzeko.

Atzoko eta gaurko biblioteka

Gaurko liburutegian sartu aurretik, kanpotik begiratuta, eraikinaren zilindro itxurak pizten du, bereziki, bisitariaren arreta. Granito, kristal eta porlanezkoa da, eta 120 idazkera ikurrez osatuta dago. Barruan, berriz, areto nagusia da lehen aldiz sartzen dena gehien harritzen duena, okertuta dagoelako, hamaika zutabez eta itsasoa bistan uzten duten leihoz josita. Irakurketa-gela ere bisita daiteke; eta baita sotoa ere, hainbat museo eta erakusketarekin. Egun, zortzi milioi liburu gorde ditzake bibliotekak.


Behin liburutegiko bisita bukatuta, Corniche-n pasea daiteke eta itsaz brisaz gozatu. Ilargi erdi baten itxura du. Pasealekuan aurrera egin ahala, palmondoak, terrazak, jatetxeak, koloretako txalupak eta XX. mendearen lehen erdialdean greziar eta italiar arkitektoek diseinatutako eraikin deigarriak ikusiko ditu bidaiariak.

Goterlekua eta katakonbak

Pasealekuaren bukaeran, Qaitbey gotorlekuarekin egingo du topo bisitariak. Merezi du harresien goialdetik hiriaren eta itsasoaren irudiaz disfrutatzea. Dena dela, leku hau ez da berezia eskaintzen dituen bista zoragarriengatik, baizik eta Alexandriako itsasargi mitikoaren hondakinen gainean eraiki zelako gotorlekua; hau da, Antzinako munduko zazpi mirarietako bat bertan egon zelako.

Hurrengo geldialdia izan litezke Kom El-Shugafaren katakonbak, K.a. II. mendeko nekropoli ikusgarria. Arrokan zulatuta dago, 35 metroko sakoneran. Behin barruan, kultura- eta erlijio-nahasketa kuriosoak harritzen du bisitaria, bertan ikus daitekeelako, adibidez, faraoien mitologiako jainkoak erromatarrez jantzita.

Katakonbetatik oso gertu Ponpeioren zutabea dago, 21 metrokoa, alboetan granito arrosazko bi esfinge dituela.  Grekoerromatar Museoa eta Alexandriako Museo Nazionala ere ez daude urruti; beraz, denbora dutenak eta artea gogoko dutenak, seguruenik, ez dira damutuko hurbiltzen badira.

Eta Alexandriari agur esateko modu egokia izan liteke herri merkatuetan, kalerik kale, ibiltzea, turismorik gabeko guneak direlako. Bertan, gainera, eskaintza anitza aurkituko du etxera oroigarriren bat eraman nahi duenak. Azken batean, hiriko idiosinkrasia ezagutzeko leku aproposa omen da.