2020 EKA. 12 - 00:00h Euskal Herria, mendi bizikleta gainean Iitsaslabar bertikalak, haran sakon eta freskoak, baso trinkoak, tontor harkaiztsu bertikalak, mendi berdeak, lautada atseginak, kondairetako basamortuak... Euskal Herriko natur ondareak bertaratzera gonbidatzen gaitu eta gozatzeko hamaika modu dauden arren, mendi bizikleta hautatu dugu. Bizikletek garapen handia izan dute. Jorge Lopez (VisualNatura) Mendiko bizikletak edo MTB-k (ingelesezko mountain bike-tik) 30 urte inguru daramatza gure artean, baina azken hamarkadara arte mendi ibilbideak sasoi ona eta eskarmentua zituen jendearentzat mugatuta zeudela esan daiteke. Bizikletek garapen handia izan dute eta egungoak askoz erosoago eta seguruagoak dira bide eta pistetan barrena ibiltzeko. Baina, dudarik gabe, aldea bereziki egungo ibilbide sare gero eta handiago eta askotarikoan antzematen da, publiko guztientzako egokiak diren bideak dituztenak. Hala, mendi bizikleta ibilgailu aparta da egun, gure lurraldeko toki adierazgarrienak ezagutzeko. MTB munduan hasteko aukera ezagun eta errazena bide berdeak dira. Ibilbide horiek trenbideen ibilbide zaharrak aprobetxatzen dituzte. Euskal Herria ibilbide mota horren paradisua da, bere iragan industrial oparoari esker. Gaur egun hamabost ibilbide berde daude, guztira hirurehun kilometro. Arrazola eta Mutiloa-Ormaiztegikoak izan ezik, zeintzuetan bizikletaz ibiltzea debekatuta dagoen, gainerakoak ibilbide xalo eta aldapa gutxikoak dira, trenbideen bereizgarri. Horrek guztiak egiten ditu bide hauek mendi bizikletan hasteko edota haurrekin ibilbideak egiteko apartak. Nahiz eta guztiek merezi duten bisita, hemen Plazaolako bide berdea nabarmenduko dugu, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen dituena, Lekunberri eta Andoain artean. Bere 44 kilometroetan barrena Larraun eta Leitzaran haranetako paisaia ederrak zeharkatzen ditu. Erakargarri egiten du ere Uitziko tunelak, 2.680 metro luze denak. Gainerako tunelak bezala, egokituta eta argiztatuta dago, badaezpada linterna eramatea komeni den arren. Lekunberriko geltoki zaharrean turismo bulegoa dago egun eta bertan trenbidearen historiaren berri jasotzeaz gain, egingo dugun ibilbideari buruzko informazioa jaso dezakegu. Bizikletak aloka daitezke bertan, eta nahi izanez gero itzulerako bidea egiteko ibilgailu bat kontratatzeko aukera ere badago. Aukera ona, norabide horretan bideak duen jaitsiera aprobetxatu nahi dutenentzat. Komenigarria da zerbitzu horiek guztiak aurretiaz kontratatzea. Gure lurraldea bizikleta gainean ezagutzeko eta zeharkatzeko beste eskaintza bat MTB guneak dira. Gune horiek ibilbide egokitu, seinaleztatu eta zailtasunaren arabera katalogatuen abiapuntu eta informazio puntuak dira. Gehienek bizikletak eta GPSak alokatzeko zerbitzua ere eskaintzen dute, bai eta ibilbidea egin osterako aldagelak, dutxak eta bizikletak doitzeko eta garbitzeko zerbitzua ere. Eremu desberdinak Mendatan, Urdaibaiko biosfera erreserbaren bihotzean kokaturiko Busturialdea-Urdaibaiko MTB guneak, tokiak duen interes ekologikoagatik, babesturiko eremu hau pedalei eraginez ezagutzera gonbidatzen gaitu. Basoen eta itsasertzaren arteko ibilbideak proposatzen ditu. Araban, berriz, bi gune daude; Izkikoa da lehena. Harrera gune gisa Urturiko Golf Zelaia hartuta, hamabost ibilbidek zeharkatzen dute Arabako Mendialdea, Izkiko natur parkean barneratzen direnak barne. Arabako beste gunea Valderejo-Añanakoa da, Gaubeako Angostoko kanpinean kokatua. Zazpi bide ditu honek, Añanaraino eta bertako gatzaga ikusgarrietaraino iristen dena nabarmentzen da horien artean. Araban hirugarren gune bat zabaltzeko lanean ari dira. Azken tramite administratiboak falta direla, gutxi barru Dulantzin kokaturiko MTB gune honetaz gozatu ahalko da eta Arabako Lautadan barrena izango dituen lau ibilbideez. Horietako bat Uribarriko urtegiraino iritsiko da. Paraje eder honek interes ornitologikoa ere badu, uretako hegazti ugari baitago bertan, ikusteko errazak gainera. Gipuzkoak duela gutxira arte bi MTB gune zituen, baina tamalez, Debabarrenekoa gaur egun itxita dago. Tolosaldekoak zortzi ibilbide ditu eta harrera gunea Usabal kiroldegia da eta, besteren artean, Leitzaranen eta Aralarko natur parkean barneratzen diren ibilbideak eskaintzen ditu. Nafarroak ere, hiru MTB gunerekin, turismo mota hau sustatzen du, hainbat eremutarako bizikleta ibilgailu aparta baita, ingurumenari kalterik eragiten ez diolako. Anue ibarreko MTB guneak zortzi ibilbide proposatzen ditu, guztira 100 kilometro. Inguru honek, Iruñetik 20 kilometrora dagoen arren, ez du bisita askorik jasotzen eta ibarra osatzen duten zazpi herriek beren xarmari eusten diote. Iparralderago, Doneztebeko Ameztia MTB guneak gustu guztietarako dozena bat ibilbide ditu. Eta MTB guneek aho zapore gozoa utz diezaguten, Iratiko oihanera hurbildu besterik ez dugu. 400 kilometro hartzen dituzten hamasei ibilbideri esker Nafarroa eta Zuberoa arteko Euskal Herriko baso garrantzitsuenetariko honetaz gozatzeko parada dugu. MTB gunea Iratiko Etxeetan kokatua dago, parkera Otsagabitik sartuta. bestela, Zuberoako aldean dauden Iratiko Txaletak har ditzakegu abiapuntutzat, non beste MTB gune bat dagoen. Hori da Iparraldean aurkituko dugun gune bakarra. Zirkuituetatik kanpo Ikusi ahal izan dugunez, MTB guneek ibilbide balizatuen eskaintza zabala dute, txirrindularientzako harrera- eta informazio-puntu bat izan ohi dutenak. Hala, aukera bikaina dira kirol honetara hurbildu nahi dutenentzat. Baina badira, bestalde, zirkuitu hauetatik kanpo dauden eremuak ere eta horiek ahaztea barkaezina litzateke mendi bizikletari buruz ari garela. Nafarroa atzean utzi gabe baina pasaiaz errotik aldatuz, Bardeara hurbilduko gara. Basamortu itxurako ingurune honetako formazio geologikoek leku bakan eta ahaztezin bihurtzen dute bisitariarentzat. Gaur egun, bederatzi ibilbide daude eskura eta zeintzuetan ibil gaitezkeen bizikletaz eta zeintzuetan ez ondo informatzea komeni da; izan ere, garai batean bizikletak baimenduta zeuden hainbat toki sinboliko, esaterako, «oreinen pasabidea» edo «Piskerra», egun itxita daude. Nolanahi ere, merezi du hurbiltzea eta bertako pista eta mendiarteetan pedalei eragitea. Aipatu beharreko beste inguruneetako bat Urbasako mendilerroa da. Bertako pagadi eta hariztien artetik igarotzen dira ibilbideak, bertan artaldeak patxadatsu dabiltzala. Urbasako kanpina da bide gehienen abiapuntua eta egokienen gaineko informazioa eskatzeaz gain, bizikletak aloka ditzakegu. Pilatosen balkoiraino hurbiltzea ezinbestekoa da, bertatik ikuspegiaz gozatzeko. Itsasoak horrenbesteko garrantzia duen lurraldean, kostaldera gerturatzeko unea iritsi da. Itsasbazter malkartsua izan arren, itsaslabar ugarikoa, zorabiatzeko moduko mendi hegal horietan barrenako ibilbide pare bat nabarmenduko dugu. Lehena Algorta eta Barrika artekoa da, bidexka estuetan sigi-saga egiten duena; kostaldeko trazatu bihurgunetsuari jarraitzen dio. Zati batzuk Gorrondoatxa (Azkorri), Barinatxa, Atxabiribil, Meñakotz eta Muriola hondartzen gainean zintzilik daude. Euskal kostaldeko beste toki garrantzitsuenetariko bat Zumaiako flysch-a da, bere interes ekologikoagatik nazioarteko aitorpena duena. MTB-z ere bertaratu gaitezke, bai Debatik bai Zumaiatik. Bi herriotatik abiatuta iritsiko gara arrokazko formazio horiek dauden toki horretara, paisaia eder askoa izateaz gain Lurraren bilakaerari buruzko azterketa gunea ere baden horretara. Baina gainerako ibilbide zatiari ere ez da baztertzekoa; baserriz zipriztindutako mendi hegalek eta itsasbazter gaineko talaiek osatzen dute etapa hau. Amaitzeko, Urkiolako natur parkea ere bisitatu beharrekoa da, MTB gunerik ez daukan arren. Dudarik gabe, ibilbide nagusia Anboto mendi harkaiztsua inguratzen duena da. Ia 35 kilometroko bide horrek toki esanguratsuak zeharkatzen ditu, hots, Atxarte, Urkiola, Pol-poleko zelaiak, Betsaide eta Atxondoko harana. Bistakoa da, baina ez dago soberan gogoraraztea, gure bizikletekin joaten garen tokira joaten garela ingurunea errespetatu beharra dugula, bai eta oinezkoak eta toki bakoitzeko araudia ere. Horrela ekidingo dugu, beste toki batzuetan gertatu den bezala, bizikletak debekaturiko gauzen zerrendan agertzea. Inoiz ez da gaur egun bezain erraza izan Euskal Herrian mendi bizikletaz gozatzea; egokituriko eta seinaleztatutako milaka kilometro daude, bide berde eta MTB guneak batuta. www.viasverdes.com eta www.centrosbtt.es orrialdeetan aurkituko dugu horiei buruzko informazioa, baita www.wikiloc.com-en ere, non erabiltzaileek irteeren programazioa edonoren eskura jartzen duten, egindako ibilbideen deskribapen eta GPSarentzako track-ak zintzilikatuta. Bizikleta hartu eta gozatzeko ordua da.