GAIAK
Elkarrizketa
Kilian Jornet
Mendi korrikalaria

«Beldurrarekin batera bizitzea funtsezkoa da»

Kilian Jornet.

Norvegiako Nordland eskualdeko paisaia ikusgarrietan bizi da Kilian Jornet (Sabadell, Katalunia, 32 urte). Urte pare bat darama mendi korrikalariak Eskandinavia aldean, Emilie bikotekidearekin eta Maj alabarekin. Ez saiatu bizi den tokiko kokapen zehatza bilatzen, ondo gordetako sekretua baita. Jornet mito bat da alpinismoa, mendi maratoiak, mendiko eskia eta bestelako igoera edo jarduera ikusgarriak gustuko dituztenen begietara, eta horrek txoko bakartiak bilatzera behartu du. Jornetek berak onartzen du ez dela oso lagunkoia, bakardadea maite duela, eta urteen joan-etorrian ikasi duela publikoa eta pribatua dena banantzen bere egunerokoan. Elkarrizketa honetako galderak idatziz erantzun ditu Jornetek, aurrez aurrekoak babesleek eskatzen dituztenean bakarrik ematen dituelako.

Dagoeneko urte batzuk daramatzazu Norvegia aldean, Nordland eskualdean. Chamonix-en, Mont Blancen magalean urteak egin ondoren lekualdatzea samurra izan ote den jakin nahi nuke, eta zergatik hautatu zenuten Norvegia.

10 urte egin nituen Chamonixen, Frantziako Alpeetan, baina aldatzeko gogoa geneukan nik neuk eta Emiliek (Emilie Forsberg mendi korrikalaria da Kilian Jorneten bikotekidea). Leku lasaiago batean bizitzeko gogoa genuen, natura basatiagoa zegoen txokoren batean. Horregatik hautatu genuen Norvegia. Ezagutzen genuen Norvegia, eta bizi garen tokia konbinazio perfektua da guretzat. Urte osoan esploratu ditzakegun mendiak daude, denak oso basatiak, eta bai udan bai neguan aukera aberatsa eskaintzen dutenak. Horri bizi garen tokia oso lasaia dela gehitzen badiozu, ba bilatzen ari ginen tokian bizi garela esan dezakegu.

Nolakoa da zure eta zure familiaren egunerokoa Norvegian? Orain hiru zarete: zu zeu, Emilie bikotekidea eta Maj alaba.

Asko aldatzen da egunaren arabera. Normalean Emilie eta biok txandakatu egiten gara, eta bat entrenatzera joaten denean besteak Maj alaba zaintzen du. Nire kasuan, normalean goizetan egiten ditut entrenamenduak, eta ahal izanez gero, beste saio labur bat arratsean. Egunari geratzen zaizkion gainerako orduetan lan egiten dut, idazten, promozio kontuak, posta elektronikoak… Azken bi urteetan gure eguneroko jarduna asko aldatu da Maj-en etorrerarekin. Orain bera da gure lehentasuna. Asko gustatzen zait nola hazten ari den ikustea, eta berarekin gauzak egitea.

Font-Romeun hazi zinen, Kataluniako Cerdanya eskualdean; gero, urte mordoa Chamonixen. Zegaman ere kalean gelditu gabe pauso bat emateko komeriak izaten dituzu. Bakardadea edo lasaitasuna garrantzitsua dira zuretzat, ezta?

Bai, ez naiz oso pertsona gizartekoia, lagunkoia, nahiz eta mendira lagunekin edo Emelierekin joatea oso gustuko dudan. Esan dizudan bezala, Chamonixen hamarkada luze bat eman ostean, aldaketa behar genuen, giza mailan, baina baita natura mailan ere, paisaia eta geografia ezberdin bat. Horri Norvegia leku askotatik urrun samar dagoela gehitzen badiozu, ba ekuazio perfektua ateratzen da.

Eman dituzun hainbat elkarrizketatan esaten duzu ez duzula sobera atsegin erreferente edo idolo bat izatea, baina jendartearen begietara aspaldi bilakatu zinen ikur bat; batez ere, trail running eta alpinismoaren munduan. Nola daramazu ikur edo mito izate hori, zuk hala nahi ez baduzu ere?

Ez dut uste kirolari bat mitifikatzea egokia denik. Niretzat jendarteko beste partaide batzuk dira mitoak, bizi ditugun garai hauetan, mediku edo erizainak, adibidez. Horiek ni baino askoz beharrezkoagoak dira. Bizi garen jendarteak, ordea, hanka bat bestearen aurretik jartzen duena jainkotzea atsegin du. Erokeria handi samarra da hori. Jendarteko sektore askok egiten duten zeregina gutxietsi egiten da, ez da bere neurrian baloratzen, eta kontrakoa egin beharko genuke. Mediku eta langileen jardunak bermatzen du gure etorkizuna, ez nire edo beste kirolariren baten lorpenek.

Jainkotze edo mitifikazio prozesu horrek badakar berarekin hainbat babesle edo komunikabideren dei eta elkarrizketa eskaerei erantzun beharra, eginkizun horretan erosoegi ez zarela sentitzen onartuta ere. Nola daramazu dikotomia hori?

Gaur egun ondo! Urteen joan-etorrian, eta komunikazio talde baten gidaritzapean, bizitza pribatua eta publikoa banantzen ikasi dugu (Lymbus agentziak darama Kilian Jorneten komunikazio arloa). Dagoeneko ikasi dut elkarrizketak ematea, edota babesleekin promozio ekitaldietan parte hartzea, nire lanaren osagaia dela. Era berean, ni neu komunikabideetan agertzea baliagarria da gure kirol diziplina ezagutarazteko, eta gero eta jende gehiagok interesa erakuts dezan mendian ibili eta mendiaz gozatzeko, betiere mendia eta natura errespetatuz eta zainduz. Nire lanaren osagai bat da mendira joatea, erronkak osatzea, entrenatzea, bideoak egitea, baina baita komunikabide eta babesleei dagokien arreta eskaintzea. Publikoa eta pribatua dena banatzen asmatu izana da garrantzitsuena. Hesi bat jarri dugu bi esparru horiek desberdintzeko, eta biak bateragarri egin ditugu.

Urte batzuk atzera, zu mito bilakatzeko joera hori, milaka eta milaka jarraitzaile izatea, etorri zen bezala joango zen moda izango zela uste zenuen, baina kontrakoa gertatu da. Zure jarduna jarraitzen dutenak gero eta gehiago dira. Zergatik? Zer ematen diezu jarraitzaile horiei?

Galdera ona da, baina ez daukat erantzunik. Ez dakit. Atsegin dut jendeak gustuko izatea nire jarduna, eta espero dut jendeak halako gauzak egiteko gaitasuna lortzeko entrenamenduak, atzetik urte askoko ahalegina, eskatzen duela ulertzea. Gustatzen zait jendea mendira gero eta gehiago joaten dela jakitea, baina esandako mezua gogoraraziko dut: zaindu eta errespetatu gure natura, denok horretaz luze gozatzeko aukera izan dezagun.

Zure garaipen edo balentria zerrenda ikuskatu eta aho bete hortz geratzen da edonor. Lehiaketa soilari erreparatuta, garaipenak pilatzeko duzun erraztasuna ez sinestekoa da. Zurekin lasterketa askotan parte hartu duen mendi korrikalari ezagun batek galdetzen dit ea ez ote zaizun zaila egiten lehiaketetan motibazioa bilatzea, gauza arrarorik gertatzen ez bada, zure garaipena ziurra denean. Lehiatzeak, garaipena zurea dela jakinda, motibatzen zaitu?

Bueno, lasterketak ez dira irabazten helmugako marra pasatzen duzun arte. Gauza asko pasatu daitezke, eta ezin duzu gehiegizko konfiantzarik eduki. Zure lagun horren esanen harira, esan asko maite dudala lehiaketa, baina baita nire mugak ezagutzea ere. Horregatik konbinatzen ditut lehiaketa eta proiektu pertsonalak, mendi lasterketak korrituz bakarrik lortzen ez dudan motibazio gehigarria ematen didatelako.

Azkenaldian egin eta erakusten dituzun jarduera guztiak dira deigarriak, berriak. Zuk esandako esaldi famatuenetakoa da «zerbait errepikatzeak ez zaitu aske egiten». Arrisku gunean bizitzea gustatzen zaizu?

Ez zait arrisku gunean bizitzea gustatzen, gauza berriak eginez nire mugak ezagutzea dut gustuko.

Gauza berriak egiteak, zure mugak ezagutu nahi izateak, beldur sentsazioa areagotu dezake. Zer da zuretzat beldurra? Nola bizi duzu? Kontrolatzeko moduko sentipena da, ezta?

Bai, beldurra hor dago. Oso presente dago nire jardueretan. Eta egotea oso garrantzitsua da; beldurrik eduki edo sentituko ez banu, egoera arriskutsua litzatekeelako niretzat. Beldurra zer den niretzat? Buelta erdia ematen laguntzen didan sentsazioa, egiten ari naizena egiteko egun egokia ez dela sentitzea. Beldurrarekin batera bizitzea funtsezkoa da.

Eta heriotzaz, zer diozu? Noizbait heriotza gertu izan duzula sumatu al duzu? 2012an Stephane Brosse soka-laguna hil zen zure begien aurrean, artesi batean jausi ostean. Stephane hil ondoren gordin-gordin azaldu zenuen zure pentsamendua hainbat idatzitan…

Garbi dago ni eta nire moduko kirolariok egiten ditugun gauzek arriskua dutela, eta batzuetan heriotza ekar dezaketela, bukaera mingarria. Nire jardunean, ze arrisku dauden baloratzen saiatzen naiz, eta gauzak oso garbi ikusten ez baditut, bueltako bidea hartzen dut. Jendeak pentsatuko du beti izaten dudala arrakasta nire jardueretan, baina ez da hala. Gailurrera 10 aldiz iritsi banaiz, askoz gehiagotan eman dut buelta. Hori bai, arrisku sentsazioa onartzen dut. Nire jarduera eta arriskua banaezinak dira.

Stephane Brosse-ren heriotzaren ostean une latzak pasatakoa zarela onartu zenuen, edaten hasi zinela, alkohola gorroto duzunean. Zeure buruarekiko gorrotoa ere sentitu omen zenuen.

Bai, hala da. Gertatu zen eta hala onartu behar da. Une zaila izan zen, baina zergatik gertatu zen ezin dut azaldu, nik neuk ere komeriak baititut zergatia ulertzeko. Erorketa bera, heriotza, une zail hori zergatik gertatu zen ulertze saiatzen zara, azalpenen bat bilatzen, baina ez duzu topatzen. Ezin horretatik beste guztia etortzen da.

Pentsatzen dut egunen batean jarduera bukatu, etxera iritsi eta zeure buruari esan diozula «gaur mugatik haratago joan naiz». Nolakoak dira hausnarketa une horiek? Zuretzat gordetzen dituzu, norbaitekin partekatzen dituzu?

Bai, egoera hori gertatzen da tarteka. Zeure buruari tonto hutsa izan zarela esaten diozu. Partekatzeaz… Ez, ez dut partekatzen. Gaizki egindakotik ikasten saiatzen naiz, berriz ere antzeko egoera batean nagoenean mugak hobeto baloratze aldera.

Askoren begietara, zuen jarduera pertsona heriotzara daraman jarduna da, beti muga-mugan ibiltzen zaretelako.

Ez zaie arrazoirik falta, baina horiei ere denok egunen batean hil egingo garela esango nieke, saihetsezina dela. Heriotza ez da bilatzen dugun zerbait, gure jardueran beste batzuetan baino agerikoagoa den zerbait baizik.

Mendizale edo alpinistaren bat mendian hiltzen denean, esaldi ohikoa da «behintzat mendian hil zen, gustuko zuena egiten». Ez dakit hori egia den, inork ez duelako hil nahi…

Ez, hori ziur, baina etorri egingo da, saihetsezina da.

Reinhold Messner alpinista ezagunari zure balentriari buruz galdetu zioten, Everest bi aldiz sei egunetan igo zenuenean. Kronometroa behe kanpalekuan utzi arte berarentzat ez zarela alpinista izango esan zuen. Zer iruditzen zaizkizu halako esanak?

Egia esan, ez naiz besteek esaten diotenari arreta berezia eskaintzen dioten horietakoa. Nik, dena den, ez dut inoiz esan alpinismoa egiten dudanik. Mendira joaten den kirolaria naiz, gehien atsegin dudan moduan eta erosoen sentitzen naizen moduan.

Zer izango litzateke Kilian Jornet, arrazoi bategatik edo besteagatik, mendi korrikalaria izan ez balitz?

Ez dakit, baina mendiarekin eta naturarekin kontaktuan egotea erraztuko lidakeen ogibideren bat izango nuke.

Euskal Herrian aski ezaguna zara; besteak beste, Zegama-Aizkorri mendi maratoian hainbat aldiz parte hartu duzulako. Zure adierazpenetan ere laudorio asko bota dizkiezu zegamarrei, euskaldunei. Zergatik da berezia zuretzat Zegama?

Asko maite dut Zegama-Aizkorri maratoia. Niretzat mendi lasterketek eduki behar dituzten osagai guztiak ditu: zirkuitu polita. Zati teknikoekin, baina baita korrika egiteko tarte askorekin ere. Lasterkari onak izaten dira irteeran, probari lehiakortasun handia emanez, eta, noski, zale sutsuak, pauso bakoitzean ikaragarri hauspotzen zaituztenak. Oso proba berezia da.

Bederatzi garaipen lortu dituzu dagoeneko, baina probako errekorra falta zaizu. Hurrengo urtean saiatu nahi al zenuke? 10. garaipena eta maratoiko marka onena lortuko bazenu, herriko seme kuttun izendatuko zaituzte…

[Barrez]. Oraindik ez dakit zer egingo dudan hurrengo urtean. Are gutxiago, egun bizitzen ari garen ziurgabetasuna aintzat hartuta. Baina ez izan zalantzarik, ahal dudan bezain pronto itzuliko naiz Zegamara.

32 urte dituzu, dagoeneko. Non ikusten duzu zeure burua demagun hamar urte barru? Zer egiten eta non?

Galdera errazena da hori. Mendietan!