GAIAK

Ziklade txikiak, erakargarriak

Grezian ez daude irla faltan. Milaka dira eta 170etan jendea bizi da. Lan zaila, beraz, oporrak igarotzeko bakarra aukeratzea. Baina egia da Zikladeak direla, ziurrenik, deigarri eta erakargarrienak, batez ere, kupula urdinez zipriztindutako itsaso urdinagatik.

Ioz irlako eliza txikia.

Ez da erraza Grezian egun batzuk igarotzeko zein uharte aukeratu asmatzea, zazpi milatik gora baitira. Asko eta asko uharte txikiak edo haitz puskak baino ez dira, eguzkipean ahuntz aspertu bakarren batzuen bizileku; baina biztanleak dituzten 170 horien artean aukera egitea ere ez da lan samurra. Argi dago, halere, Zikladeak direla turistentzat deigarrienak, beharbada, greziar uharteen imajinarioa berehala lotzen dugulako itsasoz inguraturiko eliza txiki kareztatu eta kupula urdin dotorez margotua duen baten irudiarekin. Eta horixe da, hain zuzen, uharte hauen bereizgarria. Greziar ikurrina bera ere urdina eta zuria da, haitz gaineko ermiten zuriaz eta Egeo itsaso distiratsuaren urdinaz egina balego bezala.

Zikladeen artxipelagoa berrehundik gora irlez osatuta dago, eta horietako zeinahiri buruz zera esan genezake, zertzelada batzuk emateko: paraje harritsu, mortu eta idorrak, urdin zoragarriz jantzitako itsasoa inguruan, hondartza bakartiak (den-denak ez, jakina), gailurretan errotak, olibondoak erruz, eta zorionekoenetan, mahastiak eta almendrondoak ere bai. Eta beste hau ere bai: herrixka txuri txikiak, elizak, ermitak eta monasterioak aurkituko dituzu, leku sinesgaitzenetan kokatuak, eta itsasoa beti pauso batera. Nolanahi ere, uharte horietako batzuek, esaterako Santorinik edo Mikonosek, garesti ordaindu behar izan dute edertasun hori, eta aspaldiko urteetan irentsiak ditu masa turismoak.

Artxipelagoko uharteak, biribilkatuta

Baina eskerrak beste asko ere hor daudela homerotar zoriontasunaren xerkan abiatzeko. Hasteko, ikus dezagun nondik datorren izena. Grezieratik Klyklades transkribatzen dugun izenaren jatorrian klyklos hitza dago, hau da, «zirkulua»; izan ere, artxipelagoko uharteak biribilkatuz doaz Delos irlaren inguruan, hain zuzen, greziar mitologiaren arabera, Apolo eta haren arreba Artemis jaio ziren harexen biran. Uharte txiki eta eder honetan bizilagunik ez da gaur egun, antzinako aurriak edo aspaldiko jainkojainkosen oihartzunak izan ezik. Bekatu bat badu, ordea: Mikonosetik gertuegi dago. Hemen ainguratu beharrean, goazen, beraz, harago nabigatzera.

Greziar uharteetara itsasotik heldu behar zara, beti, Nikos Kazantzakis idazleak, ‘Alexis Zorba greziarra’ nobela zoragarriaren egileak, baieztatu zuenez. «Zorionekoa, hil aurretik Egeoan nabigatzeko aukera izan duena», idatzi zuen. «Beste inon ez da bat halako soseguz igarotzen errealitatetik ametsetara». Itsasoa, beti itsasoa. Horixe da Zikladeen ederra, Egeoa beti hortxe dagoela, sorginduta berari begiratzeko, ametsak askatzeko edo uharte batetik bestera ibiltzea ahalbidetzeko, betiere horretan ados badago meltemi haizea, honek gogor astintzen duenean bekerekak agertzen baitira itsasoan eta olatu bitsez narrasten da dena, nabigatzea izugarri zailtzeraino.



Amorgos eta Folegandros

Santoriniko portutik –horra turismoak itotako beste uhartea– ferry ugari abiatzen dira hain ezagunak ez diren Zikladeetarantz. Horien artean dago Amorgos uharte malkartsua. Hondartzak urriak dira bertan, ez dago aparteko arrasto arkeologikorik, baina berezitasun aipagarri bat badu: turista gutxi bertaratzen dira eta geldotasun xalo bat sumatzen da giroan, hain aspaldi ez dela Grezian nagusitzen zen lasaitasun haren antzekoa ziurrenik, edo ez dena hortik oso urrun ibiliko.

Gustura egoteko moduko lekua da Amorgos. Chora esaten diote hiri nagusiari, etxe txuriz osatutako meta txiki bat haitz arteko gaztelu baten hondarren inguruan, eta hurbileko mendi bizkar zabalean, jada ezer ehotzen ez duten erroten lerroa nabarmentzen da. Ingurubira osoan paisaia zeharo minerala da, ahuntzak jauzika tematzen dira harresiak gainditu nahian, olibondo eta adar bihurrituriko pikondo artean, eta han atzean ikusten da itsasoa.

Uhartean barreiatuta ibili diren turistek, greziar familien presentzia ere nabaria dela, iluntzean jomugatzat hartzen dute herri hau, hain da erakargarria, bere eliza ugariekin, zein baino zein zuriago eta txikerrago, eta plaza adeitsuekin. Ondo jan dugu Choran, eta gau giro polita dago, itolarririk gabe.

Choratik gertu, orban zuri handi bat ikusten da itsaslabarrean zintzilik. Panagia Hozoviotissa monasterioa da, bere oinetara hirurehun metro beherago hedatzen den itsasoari harro begiratzen dio, desafiatuz. Monjeek diote, abegi onez basokada txiki bat pattar eskaini diguten bitartean, monasterioa XI. mendekoa dela eta Lur Santutik ekarri zuten Ama Birjinaren irudi bat gordetzeko eraiki zutela, baina ekaitzak harrapatu eta, han behean, haitzen aurka jaurti zuela.

Uharteko muturretako batean, Aigialin, turista patxadatsuak biltzen dira, arrantzaleekin berriketan aritzeko eta hondartzan edo itsasoari begirako terrazetan orduei beren bidea egiten uzteko prest; beste muturrean, aldiz, hondartza hutsak dira nagusi, ‘Le Grand Bleu’ Jean Reno aktorea protagonista duen filmean agertzen den itsasontzi hondoratuak erakartzen duen arreta bereganatzeko lehian. Erdibidean, Agios Pavlos hondartzak turismo zertxobait ordenatuagoa jasotzen du.

Zikladeetako beste harribitxi bat Folegandros da. Duela hamar urte, masa turismoa artean iritsi gabea zen uharte honetara. Erdialdean herri eder bat du; zuria denean gainezka, eta hainbat plazatxo atsegin eta zuhaitz dotorez goxatutako kaleak agertzen dira hurrenez hurren, eta, azkenik, auzo gotortu bat, Kastro auzoa, erabat lekuz eta garaiz kanpokoa dirudiena. Estatubatuar aldizkari batek erreportaje bat kaleratu zuen honi buruz gorazarrez betea, eta azken urteotan turista mordoak jotzen du uhartera. Uda garaiko gainpopulazioak ia-ia bere lilura guztia itzaltzearekin mehatxatzendu.



Milos eta Venus entzutetsua

Gehiegizko turismo hori, tamalez, lehenago edo beranduago beti agertu ohi da greziar uharteetan, baina leku batzuetan eramateko modukoa da, gaur-gaurkoz, baita uda betean ere. Horixe gertatzen da, esaterako, Milosen. Uhartea ezaguna da, hantxe aurkitu baitzuten Parisko Louvre museoan ikusgai den Venusen estatua entzutetsua.

Adamasko portuan metatzen dira zerbitzu turistikoak, eta baliteke gogo txarra ematea hura ikustean, baina nahikoa da pixka bat urrunduz uhartean barneratzea, Milosko paisaiak, hondartza ugariak eta aztarnategi arkeologikoak aproposak direlako edonor bere oneraekartzeko.

Plaka hirian, Adamasen baino atseginagoa eta bertokoagoada giroa. Gaztelutik Zikladeen gaineko ikuspegirik ederrenetakoa zabaltzen da. Uharte honetako beste gauza zirraragarri bat da Glaronisiako itsaslabarretara bisita egitea itsasontzian, betiere, meltemi haizearen baimenarekin. Era berean, aipatu beharrekoa da overbooking dioen kartelik sekula jarriko ez duten hondartzak daudela bertan. Hain zuzen, Plakatik gertu dagoen erromatar aztarnategi batean aurkitu zuen nekazari batek 1820an Milosko Venus ospetsua, aspalditik Parisera erbesteratua, Greziaren argitasunetik hain urrun.

Ios, kontraste bitxia

Ios uhartean, Naxosen eta Santoriniren arteko erdibidean, kontraste bitxia sortzen da hiriburuko tabernetako giroaren, parrandarako gogotsu diren gazteez lepo, eta Skarkoseko indusketa gune historiaurrekoaren edo Agia Theodoti eta Psathiko hondartza lasaien artean. Mylopotaseko hondartzan, ordea, eguzkiaren eta itsasoaren antsiaz dauden udatiar saldoak berez-berez nahasten dira gau zurrunbilotsu baten ostean hondartzan lo kuluxka egitera erretiratzen diren gazteekin.

Sifnos, bestalde, irla txiki, polit eta trankila da, oinezko ibilbideak egiteko edo presa zantzu guztiak uxatuta itsasoari begira egoteko ezin hobea. Hasieran, harritsua eta idorra dirudi, beste hainbat uhartek bezalaxe, baina merezi du bertaraino joatea herri liluraz bete horiek, hondartza bakartiak eta mendi hegaletako maldetan behera loratzen diren almendrondo eta olibondoak ikusteko.

Sifnoseko hondartzarik turistikoena Kamaresekoa da, lehorreratzeko portua baitago hiri horretan. Nahiago dugu Platys Gialoseko hondartza isila, Cheronissos arrantzale herrixka edota Kastro herri zoragarria ezagutzera joan, non eskailera luze bat dagoen itsasoraino lerratzen dena, Zazpi Martirien ermita zuriaren begiradapean.

Guztira, 32 uharte txiki

Ziklade txikiak esaten diete Ios, Nexos eta Amorgosen artean kokatutako uharteei. Paradisu txikiak daude bertan. Denera, 32 uharte txiki eta irla daude, hala nola Iraklia, Schoinoussa, Donoussa eta Koufonisia. Txikitasuna da horien bereizgarria, baina zenbat bazter paregabe eta baketsu... Eguzkia eta itsasoa ere gogotik aurkituko dugu bertan. Han egun batzuk igarota, konturatzen zara denak hartzen duela erritmo mantsoagoa, ezin aproposagoa deskonektatzeko.

Laburbilduz, Zikladeetan uharte bata zein bestea aukeratu, garrantzitsuena da jakitea norbera moldatzen turismo uholdearen aurreko Grezia haren erritmora, bizimodu onari gailentzen uzten dion giro patxadatsu horretara; eta bizimodu ona diogunean, ouzo edo retsina edanez, bouzouki-a entzunez edo mahats-parraren gerizpean begirada itsasoan iltzaturik dugula arrain gustagarri bat janez irudikatzen dugun giroaz ari gara.

Itsasoko uretan bainatzea gogoko dutenek hondartza bakarti hauetan egonda arrazoi paregabea aurkituko dute Santorinikoedo Mikonoseko udatiar saldoetatik urrun Greziako uharteekin adiskidetzeko. Beste Grezia bat da, zalantzarik gabe, lasaiagoa, ez hain itogarria, garbiagoa.