Menorca, itsasertz miragarria 2020 AZA. 06 - 12:23h Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos Menorcako gauzarik erakargarrienetakoa kalak dira, Mediterraneoko altxor paregabeak. Eguzki izpiek eta itsaso gardenaren kresalak zigortutako haitzen artean tatxagabe iraun dute eta edertasun basa antzeko hori izaten jarraitzen dute, miragarriro, turismoaren presioak presio. Balearretan, turismoak hain nabarmen jomugan jarritako uharteak izanda, Menorcako itsasertzeko kalak bezalako leku zoragarriak ia-ia ukitu gabe kontserbatu izana. Hori da miraria. Ez, ordea, mirari esanda ulertzen duguna zera bada, izaki jainkotiar baten eskutik edo besterik gabe kasualitatearen ondorio den zori hutsez gertatutako zerbait. Izan ere, hemen zerikusi handia izan du Unescok 1993an uharte osoa biosferaren erreserba izendatu izanak. Eta hori egiteko arrazoiak bazituen: ingurumenaren ikuspegitik bere horretan daukan garrantzia ez ezik, lurraldearen kudeaketa tradizionala jasangarria eta ingurumenarekin errespetuzkoa izan dela. Gakoetako bat izan da turismoaren masifikazioa kontrolatzea, kostaldea porlanez estaltzea saihestuz eta itsasertzeko lekurik gehienetara ibilgailuz iristeko aukerak eragotziz, besterik gabe. Hala ere, beti agertzen dira mehatxuak. Azpiegitura handiak tentagarriak dira beti, bai orain, bai etorkizunean. Baina, gaur-gaurkoz, nahiz eta baten batzuk jada gauzatuak diren, hala nola, aireportu neurriz kanpokoa eta errepide sarea behar baino gehiago zabaltzea, Menorcak harro esan dezake paisaia inbidiagarria duela. Ugariak dira Gimnesia uharteetan iparraldekoena edertzen duten ezaugarriak, baina gaurko honetan haren ertzetara mugatuko gara, zehatzago esanda, bertako itsasertzeko kaletara. Batzuk oso ezagunak dira; beste batzuek, gordeak, ia-ia anonimotasunean jarraitzen dute. Neurri apalekoak, kostalde bihurgunetsuko haitzen artean itxitako kantoi bakartiak, harkaitz malkarrez babestuak, haien ñabardurak begirada lotsagabeetatik gordetzen jostatzen da itsasoa. Denak dira desberdinak, baina denak bat datoz argiaren lilura eta liraintasun basaren bizitasuna azaleratzean. Diotenez, politenak hegoaldean daude. Baliteke, baina iparraldeak ere ezusteko bikainak eskainiko dizkigu. Nolanahi ere, «hobea» edo «eskasagoa» iritzi subjektiboak dira, gure lehenespenen dantza bezain subjektiboak. Eguerdia gerizpetanHegoaldeko kostaldea halako kantoien segida bat da, eta erlaitz ia-ia linealaren uniformetasuna etengabe eteten dute. Txoko bakoitzak kala bat eratzen du, zein baino zein erakargarriagoa. Ekialdetik mendebaldera hasita, Biniparratx aurkitu dugu. Errepidea atzean utzi, eta oinez txango labur bat eginez iritsi gara harkaitzez eta landarez inguratutako hareatza batera. Itsasoa kanal estu batetik, pixka bat kakotuz, barneratzen da lurrean, eta jostailuzko fiordo bat dirudi. Oso lasaia da, ez da batere jendetsua, primerakoa snorkel egiteko edo, besterik gabe, munduaz ahazteko, jantzita edo biluzik; bost axola, inori ez diolako ardura zer erakusten den. Eta, nahiago izanez gero, pixka bat ibili, eskuinaldeko labarrean gora igo eta Brontze Aroko biztanleek egin zituzten antzinako hilobiak ikustera joan gaitezke.Hala ere, kobazuloez ari garenez, Cales Coves baino hoberik ez dago. Gruyere gaztak baino zulo gehiago dituen itsaslabarra bat dator izenarekin. Ehunetik gora koba artifizial daude eta Menorcako Brontze Aroko nekropoli handiena da. Hondartza txiki baino txikiagoa da, ia-ia ezin esan halakorik dagoenik ere, eta harkaitzen gainean ibili beharra dago, ezkutuko indar zakar eta liluratzaileak nagusitzen diren baina urdin gardeneko ur naroek goxatua eta belaontziz eta jende gutxi-gutxirekin edertua den paraje honetan. Hurrengo geltokia Cala Mitjana da. Gogoko dugu txikia, apaina, txukuna eta jende gutxikoa delako. Halere, Cala Trebalugerrera iristeko abiapuntua delako etorri gara hona. Eskailera batzuetatik igo, eta bidexka batean egin dugu aurrera ordu erdiz zuhaitz artean eta itsasoa istriborrera daukagularik. Ez da bereziki gogorra, baina baditu malda batzuk, gora eta behera, behatokira iritsi arte. Handik ikusten dugu hareatza, lerro zuzena marraztuz eta besteen aldean itsasora irekiagoa. Jaitsierak badu zailtasun apur bat; agian, horregatik ez da hain jendetsua, eta horregatik agian, bakartasun horregatik, gustatzen zaigu hainbeste.Cala Galdana hondartza urbanoa da. Horrek ez dio kentzen edertasunik, baina, egia esan, hona etortzeko arrazoia da bertatik abiatuta ezagutu ahal izango dugula uharteko bikote xarmagarrienetako bat: Cala Macarella eta Cala Macarelleta ñimiñoa. Gogoko dugu bertara oinez iristea. 40 minutu eskas dira, eta tarteka-marteka desbideratuta behatokiak daude itsas-abarren zati zoragarriak ikusteko. Macarella, paradisua begiztatzearen oso antzekoa. Hareatza txukun horrek, kolore urrekara leunekoak, kontraste bizia eratzen du harrien grisaren artean gorantz doan berdearekin eta zerua eta itsaso nahasarazten duten urdinaren hamaika ñabardurekin. Argia biderkatu egiten da itsas lamina baten kaleidoskopioa dirudien tonu bilduma hedatuz. Izugarri gustatzen zaigu betaurrekoak, tutua eta aletak jartzea eta Macarelletaraino igerian joatea, itsas hondoko hareatza, harkaitzak eta posidonia zelaiei begira. Macarelleta txikian atseden hartu dugu, iratxo abegitsu baten altzoan bageunde bezala, eta Macarellara itzuli gara bi kalak banantzen dituen lurmuturra oraingoan oinez zeharkatuz. Halako edertasuna garesti ordaintzen da; hau da, bisitari kopurua ez da nolanahikoa.Urrutira joan gabe, beste leku zoragarri bat aurkituko dugu: Cala Turqueta, harribitxiaren parekoa, Na Foradada y S’Escletxa lurmuturrek babestua. Bainua hartzea ezin tentagarriagoa da, baina, egia esan, beste leku batera iritsi nahi dugu. Bellavista de Son Saura hondartza zeharkatu dugu, eta duna kolonizatuen, zuhaixka eta zuhaitz mozkote artean barneratu gara, Cala des Talaierren berriro ere itsasoa ikusi arte. Ezkutuko eta bikaina iruditu zaigu, presarik gabe dastatzeko modukoa, hona zertara etorri garen ere ahazteraino. Iparra aurkituz Iparraldeko kosta hegoaldekoa baino malkartsuagoa da, eta lurmuturrak nabarmenagoak, sarguneak zabalagoak eta etenak dramatikoagoak. Cala Mesquida gogoko dugu, bertako hondartza, dorrea eta dunez haragoko harritzak, iparralderago. Baina are gehiago gustatzen zaigu Cap de Favaritxen galtzea, espiralean doan marra beltzeko itsasargiarekin. Eta oinez egingo dugu pixka bat, zeren eta Cala Presili eta Platja d’en Tortuga bakartiez gozatu nahi dugu. Eta tutuarekin urperatzea gogoko dugunez, S’Escalako hondo gorabeheratsuak arakatzeari ekin diogu.Fornellsetik igaro gara eta Cap Cavalleriako muturrera iritsi gara, itsasargiraino. Mendebaldetik itzuli gara, eta ilunabarrak bere distira betean harrapatu gaitu Cavalleriako hondartzetan, gerezia dirudien eguzkiaren argitan inguru guztia persiar gorriz tindatuz denean. Zalantzarik gabe, itsasoaz gozatzeko unerik onena hauxe da, gure larruazalaren txoko guztiak urez eta kresalez blaitzeko. Binimela hondartza gustatzen zaigu itxura arkaikoa eta ahaztuxea duelako, eta Pregonda kalak sorgindu gaitu bere bakardadearekin eta itsasoak estalitako gaztelu zahar amilduaren traza horrekin. Mendebaldeko muturrean Cala Morell aukeratu dugu, kala urbanoa, urbanotzat hartzen badugu haren inguruko egoitza. Babestua eta lasaia, igerilekua dirudi, snorkel egiteko aproposa. Bidean ez diogu uko egingo nekropoli interesgarri bat bisitatzeari; 14 koba ditu zutabe eta argi zuloekin. Baina bakar bat aukeratu beharko bagenu, Cala Pilar litzateke. Paseo ederra daukagu aurretik eta jaitsiera majo bat, baina merezi du bertan errenditzea bertako koloreen inflexio aldakorretan –berde, gorrimin, horail, turkesa eta indigoak– eta kresalaren zaporea dastatuz disfrutatzea beste ezer espero ez duenaren begirada noragabearekin.