Transiberiarra: Hotzaren trena 2020 AZA. 09 - 11:28h Alfons Rodriguez Bi kontinentetan zeharreko 10.000 kilometroko bidaia ahaztezina XXI. mendeko Errusian barna. Horixe da trenbide transiberiarrak eskaintzen duena. Legendazko tren bihurtuta, gehiengoarentzat ezezaguna den lurralde batean benetako barne bidaia bati ekiteko aukera eskaintzen du. Inoiz eraikitako trenbide handienak eskaintzen diguna bezain bidaia epiko gutxi geratzen dira egiteko bizi ditugun garaiotan. Orain dela 114 urte Mosku eta Vladivostok lotzen dituen tren transiberiarra martxan jarri zenetik gauza ugari gertatu dira lurrotan, eta guztiak ez dira onak izan. Orain dela jada mende bat, mundua astindu zuen iraultza handi bat gertatu zen inguruotan, 1917ko Errusiako Iraultza. Ordutik hona meatze erraldoiak ustiatu dituzte lurrotan, fabrika ugari eraiki, petrolio meategi izugarriak sortu... Horrek guztiak, noski, lurrotako ingurugiroa nabarmen kaltetu du, bertan bizi direnengan ere eragina izanik. Garai batean pentsaezinak ziren askatasunak ere iritsi dira lurrotara, emaitzak beti positiboak izan ez badira ere. Trenaren beraren etorrerari esker kolonizatu behar zen lurralde erraldoia, adibidez, gero eta larriagoa den despopulatzea jasaten ari da. Egiari zor, baina, hori ezin daiteke harrigarritzat ere jo. Gabeziaz betetako lurrak dira honakoak, sarri bakardadea lagun bakar dutenak, urteko hilabete askotan klima izugarri gogorra jasan behar izaten dutenak. Hortaz, ez da harritzekoa ere askok lurrotatik ihes egin nahi izatea. Hori bai, badira geratzen direnak ere, buriatak, altaitarrak, klimaren gogortasunera eta izotzezko lurpera ohitutako antzinako herrietako kideak. Izan ere, lurrotan asko dira euren sustraietara lotzen direnak; batzuk, nahi dutelako, beste batzuk, berriz, beste aukerarik ez dutelako. Burdinazko suge erraldoi zaratatsua Horrelakoa da Siberia, horrelakoa da Errusiako Ekialde Urruna, Dersu Uzala ehiztari mitikoaren etxea. Burdinazko suge erraldoi zaratatsuak zortzi ordu-eremu zeharkatzen ditu. Hainbeste, azkenerako denboraren nozioa bera ere galtzen dela trenaren barruan. Berdin dizu zer ordu den. Trenaren barrunbeetan, neguan, beroa jasanezina da, eta, kanpoan, hotzak pentsamenduak ere izozten dizkizu. Eta horrela 10.000 kilometrotan zehar. Lokartu eta trena geratzen den geltokietako erritmoan esnatzen zara. Errusiako taigako zuhaitzen kontrako norabidean egiten duzu aurrera, vodkak zure zentzumenak lozorrora bidaltzen dituen bitartean, zure iragana eta paisaiaren ñabardurak ezabatzen dituen bitartean. Beno, paisaiak inguruotan dituen ñabardura eskasak. Sergeik mugak zaintzen lan egiten du. Militarra da. Hotzak eta basootako otsoen mehatxuak zizelkatutako izaera gogorra dauka. Kontatzen dituen istorio guztiak neguan gertatzen dira, zurearen ondoko konpartimentuan adituko duzu kontu kontari, edo, eskatuz gero, zurera ere gerturatuko da. Behin tren barruan, kanpoan inoiz pentsatuko ez zenukeen pertsonekin lortzen duzu harreman lagunkoiak eraikitzea. Beti ekialderantz aurrera egitea nahikoa da helmugara heltzeko gogoa asetzeko, Vladivostok mitikoa helburu. Moskutik irten eta transiberiarra hartzen baduzu, beti joan behar duzu ekialderantz. Horrela lortuko duzu helmugara iristea. Presarik gabeTrenak aurrera egiten du baina ez du presarik, lurrotan inork ez duen bezala. Ez da erraza jakitea trena den tokikoak kutsatzen dituena edo tokikoak diren trenaren ibilerari patxada ematen diotenak. Txakur batzuk pozarren zaunkaka hasi dira, bidaiariak Druzihinino geltoki galduan trenetik jaisten ikustean. Pozak, baina, gutxi iraun du, hotzak zein lurrotan provodnitsa izena hartzen duten treneko zaintzaileen oihuek bidaiariak berriro transiberiarraren barrura erakarri baitituzte. Trena igaro berri dela erakusten duten aztarna bakarrak izoztutako nasaren gainean ikus daitezken zigarrokinak dira. Vladimir Burdin abeslariak Moskutik irtetean ohartarazi zigun dagoeneko, Asia maitale gaztearekin estuki lotzen duena isiltasuna dela esaterakoan. Izan ere, amodio istorio guztiek egiten dute topo uneren batean isiltasunarekin, estuki lotuta izateko jada hitzez ezer esan beharrik ez dagoenean. Horrela indartzen da bidaiariaren eta trenaren arteko maitasuna ere: isiltasunarekin, hausnarketarekin, meditazioarekin. Kanpoaldearekin interakzio minimoa baina barrualdearekin maximoa adierazten du isiltasunak. Horrela azaldu zigun, behintzat, Jekaterinburg hiriko Max artista urbanoak. Ez duzu denbora gehiegi behar; agian, 2.000 bat kilometro besterik ez, Siberia lokartutako lurraldea dela hautemateko, isiltasunaren lurraldea. Kexa arinen bat, aiene txikiren bat entzungo duzu agian, hotzagatik eta gazteek lur gogorrok uzteagatik. Zertarako eta ametsez eta desengainuz betetako hirietan amaitzeko, esperantza abestiz betetakoak, Tamarak bere lagunekin Novosibirsken abesten dituenak bezalakoak, Kseniak Vladivostoken bere deabru ahots eta aingeru espirituarekin abesten dituenak bezalakoak. Aurrera beti, errukigabe Trenak aurrera egiten du beti, errukigabe, kilometroak eta kilometroak irentsiz, Pablo Nerudak transiberiarrari eskainitako poeman ondo esan bezala, batzuetan elur erori berriaren zuritasunak ezaugarritutako paisaia puruetan zehar, eta, besteetan, elur berdin horrek jada zuritasuna galdu duelako zikindutako, laidotutako, paisaiak zeharkatuz. Poetak zioen bezala, bidean hazi bihurtzen diren orduak uzten joaten da trena. Jekaterinburgeko Andrei alderraiaren biziak ere berdin egiten du aurrera, semea salbu guztia galdu izanaren kontzientziarekin; nork daki, agian semea bera ere galdu du dagoeneko, oraindik ez dakien arren. Etorkizun hobe bat du amets, alkoholik gabe, hotzik gabe, aterpearekin, lanarekin. Valentinak aspaldi hartu zuen erretiroa. 80 urte baino gehiago ditu, eta, berak bai, berak badu norbait alboan, Egor biloba arkitektoa. Novosibirskeko apartamentu soilean, aitonaren istorioak kontatzen dizkio, Siberiako txoko ezkutuetako gulag sobietarretan igarotako miserien kontakizunak. Hori igaro zen jada, baina 1917ko Iraultzatik mende bat pasatuagatik, guztia ez da konpondu. Hori ulertzeko, nahikoa da, adibidez, Baikal lakuan geldialdia egin eta Gremiatxinsk herriko elur gainean hankak jartzea, zero azpitik 30 gradutan Nikolai arrantzalearen gurpildun aulkiak etengabe kirrinka nola egiten duen entzutea. Erretiratuta dago Nikolai, eta, egunero-egunero, jasaterik ez den hotza jasaten du. Irinak, berriz, heroina gaindosiak izan dituzten gazteen bizitzak salbatzen ditu; Trudovoieko merkataritza guneetako komunetan, moztutako zuhaitzak lez erortzen dira gazteak. Hau da SiberiaZailtasunak zailtasun, espazio arazorik behintzat ez dute Siberian, 13 milioi kilometro koadro baino gehiagoko eremuan 40 milioi pertsona bizi baitira. Bakoitzak erabakitzen du zer egin, bakardadea bilatu edo konpainia. Vikak 17 urte ditu eta bizileku duen Hoshun Uzur herrixka du amets. Vikak ez du hiri batera joko; nahikoa du Budarekin bat egin eta etxetik gertuko muinoren batetik ilunabarra lasai behatzearekin, ehunka urteko estupak zaintzaile dituela. Buriata da Vika, Otxirov jauna bezalaxe. Biak dira budistak. 71 urterekin, Otxirovek Vikak irudikatu ere ezin dituen gauzak bizi izan ditu. Errusia Sobietar Batasuna zeneko garaia bera ere ondo gogoan du. Horrekin guztia dago esanda.Trenetik jaisten ez bazara, zazpi egunen ondoren, 24 ordu luzeko zazpi egunen ondoren, Japoniako Itsasoa aurrez aurre izango duzu. Baina horrela eginez gero, ez zara ezertaz ohartuko, kontrakoa baizik; Siberia eta, bide batez, Far East errusiarra, kontrako noranzkoan eta abiada bizian pasatzen ikusiko dituzu. Jekaterinburgeko Izoplit Errehabilitazio Zentroan drogak eta alkohola atzean uzteko borrokan ari direnek bizitza pasatzen ikusten duten bezalaxe ikusiko duzu Siberia, Romanek, Andreik eta euren lagunek bezalaxe. Hotzak, etsipenak eta utzikeriak vodka egarria etengabe elikatzen dute Errusian, egia bada ere askok egarria beste bide batzuetatik asebetetzen dutela. Dimitrik, adibidez, bere bizitzak familiatik eta boxeotik edatea lortu du; kanpoaldean arnasa literalki izozten den bitartean, berak nahiago du gimnasio barruan izerditzea. Ulan Uden elurra ez da zuria, grisa baizik. Kutsaduraren ondorioz dela horrela diote bertakoek, hiriko hegazkin fabrikaren erruz. Tximiniak etengabe ari dira kea botatzen eta nonahitik ikus daitezke. Inguruotan bizi diren ia guztiek bertan egiten dute lan. Baita Petr gazteak ere. Fabrika defendatzen du. Konstantin Petr baino zaharragoa da eta berak ere bertan egiten du lan. Konstatinek, baina, ez du jada fabrika defendatzen. Jakin badaki fabrikako motorretan erretzen den ikatzak bere etorkizuna iluntzen duela, gris bihurtzen duela, hiriko kaleak hartzen dituen elurra bezalaxe. Trena, bizitzaren metafora Trena lurrotako bizitzaren beraren metafora da. Aurrera izukaitz egiten duen bizitza da, geratzen den bizitza da, berriro abian jartzen dena, jaiotzen dena, hiltzen dena. Barre egiten duena, negar egiten duena. Bolxoi Kanalei herrixkan gurasoak gogoratzen dituenean negar egiten duen atsotutako semeiskie edo sinestun zaharrak bezala egiten du negar, edo jada erretiroa hartuta duen Vladivostokeko aldirietako Eugeni beharginak bezala, behin 60 urteak beteta guztiekin eta guztiarekin bakeak egin dituena. Baina Siberiak eta bidaia honek irribarreak ere oparitzen dituzte. Sergei Smirnovek Jekaterinburgeko hilerria gurutzatzean oparitutakoa bezalakoa; bizitza ez da kontu korapilatsua beretzat, eta, hala, Sergeirentzat, isiltasuna hori besterik ez da, isiltasun. Zer esan Alexander Vladivostokeko mekanikariaren irribarre zabalaz Japoniako Hokkaido uhartetik gertu dagoen hirian bizitzen gera zaitezkeela iradokitzen dizunean. Berak horrela egin zuen orain dela jada urte asko...Neguan lurralde izoztu eta isila da Siberia. Batzuek diotenez, Siberia izenak berak «lurralde lokartua» esan nahi du, eta, egiari zor, neguan gutxienez horrela dela dirudi, lozorroan dagoela, betiere, hori bai, kapa zuri hotz batekin estalita.