2020 AZA. 17 - 14:39h Hatortxu Rock-ek ikuskizun formatua hartuta ospatuko du 24. urteurrena Kontzertuen ohiko formatua urtebetez baztertu eta ikuskizun bilakatuko da aurten Hatortxu Rock. Alex Sardui, Sara Zozaya, Erika Olaizola, Lander Garro, Xabi Solano, Anestesia eta Koban dira, besteren artean, elkartasun jaialdian parte hartuko duten lagunak. Hatortxu Rocken 24. edizioko kartela. (NAIZ) NAIZ Bizi dugun pandemia egoerak ohiko kontzertuek formulan aldaketak egitera behartzen ditu jaialdiak, eta horien artean dago Hatortxu Rock ere. Jaialdia abenduaren 26an ospatuko da eta, aurreratu dutenez, inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen dute elkartasun jaialdia egin dadin ahaleginak metatzea. «Izan ere, osasun krisiak errepresaliatu politikoen eta haien senideen egoera larria ere kolpatu egin du eta elkartasuna, zentzu guztietan, helarazteko beharra inoiz baino gehiago sentitu dugu», azaldu dute. Hala, abenduaren 26rako ekimen berezi bat antolatzeko lanetan dabiltza. Alde batetik, egun horretarako Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta hauek plazaratzeko Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando eta Alex Sarduiren laguntza izango dute. Bestetik, Erika Olaizola aktorea eta Lander Garro idazle eta zinegileak ere haien ekarpena egingo diote ikuskizunari eta, azkenik, Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak haien lan berriak taularatuko dituzte. «Guztia helburu argi birekin. Ikuskizun erakargarri eta berezi baten bitartez errepresaliatu politikoen egoeraren bozgorailu izan eta dispertsio politikak, oraindik ere, 221 euskal presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomiko ikaragarriak arintzea», nabarmendu dute. Dispertsioaren zauriak Antolatzailek gogora ekarri dutenez, egun bizi dugun osasun krisiak gogor kolpatu ditu espetxeak eta bertan daudenen zein haien gertukoen eskubideak. «Bisitak murriztu egin dira eta ez dira gutxi izan 1.000 kilometro egin ostean haien senide edo laguna ikusi gabe etxera itzuli behar izan direnak. Orain, mugikortasun murrizketen ondorioz ere, dispertsio politikak traba gehiago ezartzen dizkie. Arrazoi bat gehiago, 32 urte eta gero, 16 heriotz eragin dituen sakabanaketa honekin amaitzeko», aldarrikatu dute. Pandemiak eszenatoki baten aurrean milaka lagun batzea galaraziko badu ere, abenduaren 26an ekimenera batzeko deia ere luzatu dute: «Milaka izan behar gara, Euskal Herriko txoko guztietatik, Hatortxu Rock 24az gozatzen topo egin behar dugunak, etxerako bidea bakoitzaren etxetik eraikitzen jarraitzeko». Amaitzeko, Hatortxu Rock-en zutabeak auzolana eta konpromisoa direla ekarri dute gogora, aurten «inoiz baino gehiago, ezinbestekoak» diren bi elementu. «Denon laguntza beharko dugu ekimena lau haizetara zabaltzeko eta errepresaliatuei zein haien senideei benetako bultzada emateko», ohartarazi dute, eta gogora ekarri dute dispertsioaren gastuei aurre egiteko diru sarrera nagusiak herri ekimenetatik datozela, eta herri ekimen gehienak bertan behera utzi dituela pandemiak: «Beraz, dispertsioak martxan jarraitzen du baina diru sarrerak eten egin dira. Oso ekuazio negatiboa. Hau iraultzeko ekimena izan nahi du Hatortxu Rock 24 jaialdiak». Sarrerak jada salgai daude, 12 euroan, Hatortxu Rocken webgunean.