2020 ABEN. 09 - 00:00h Kihnu: «matriarkadoa» arriskuan, Baltikoko «emakumeen uhartean» Baltikoko uharte batean, emakumeei dagokie gauza guztiak kudeatzea, munduko azken gizarte matriarkaletako bati bizirik eustea. Lurra lantzen dute, baita itsasargia babestu, ekitaldi erlijiosoak zuzendu edo San Nikolas pertsonaiaren mozorroa jantzi ere. Gizonek asteak egiten dituzte kanpoan lanean. Marra gorriko bufanda eta gona tradizionalak janzten dituzte emakumeek. Sam KINGSLEY eta Polina KALANTAR (AFP) Berez, matriarkatua aginte soziopolitikoa eta familiaren burutza emakumeen esku dagoen gizarte-sistema litzateke. Antropologo eta soziologo askoren ustez, erabat matriarkala den gizarterik ez da inoiz gauzatu. Entziklopedien arabera, emakumezkoek eragin nabarmena duten gizarteei ere matriarkatu deitzen zaie. Bigarren adiera hori betetzen dute Kihnu uhartekoek, zalantzarik gabe. Edonola ere, orain arte uhartean nagusi izan den bizimodua mehatxupean dago azken bolada honetan. Arazo ekonomikoek eragin dute aldaketa, gero eta herritar gehiagok erabakitzen baitu herria utzi eta lana beste nonbait bilatzea. «Herriko sukalde bakoitzaren mahaiaren bueltan, egunero, aurrera nola atera eztabaidatzen dugu», azaldu dio France-Presse agentziari Mare Matas Kihnuko ondarearen babesle eta gida turistikoak. Oraindik erabateko hondamendia ez da iritsi. Uharteko bizitza osoa antzinatik datozen tradizioen eta abesti herritarren inguruan egiten da. Kihnuko altxorra babestu beharrekoa delakoan dago Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Era- kundea eta horrexegatik erabaki du uharteko kultura berezia «ahozko ondare immaterialeko kultur ondasun» deklaratzea. «Jendea hemen bizi ez bada, galdu egingo dugu ondare hori», esan du Matasek, kezkatuta. Datu ofizialen arabera, uhartean 686 biztanle daude erregistratuta, baina horietako 300ek baino ez dute egiten urte osoa Kihnun. Kopuru hori asko murriztu da, %50 inguru, 2008ko mundu mailako krisi ekonomikoaz geroztik. Orduan izan zen atzeraldiak gogor jipoitu zuen Estonia. Uharteak 16 kilometro koadroko azalera du. Zoladura jarrita oso bide gutxitan dute. Janariak erosteko aukera ematen duten bi denda, museo bat, eliza eta eskola txiki bat dituzte: egun 36 ikasle ditu, oso gutxi orain urte batzuk izaten ziren 100ekin alderatuta. «Ubarroiak eta itsas txakurrak dira guretzat arazorik larrienak», kontatu digu Margus Laarents arrantzaleak. Bere etxearen atzeko aldean jarritako parrilan, harrapatu berri dituen arrainak ketzen hasteko prestatzen ari da. Berak aipatu dituen bi espezie horiek ofizialki babestuta daude egun, orain hamarkada batzuk ia desagertu ondoren. Arrain gehiegi harrapatzeagatik sortu zitzaien aurreko mendeko erdialdean arazo larri hori. Arrantzaleen arazoak Babes neurriak hartu zituztenetik, fokak zein ubarroiak itzuli egin dira, kopuru handitan gainera. Orain espezieok arriskupean jarri dituzte bertako beste espezieak. 2010ean egindako ikerketa baten arabera, tokiko arrainek behera egin dute arrantzaleen sareetan: egungo harrapaketak garai bateko harrapaketen %10era baino ez dira iristen, eta, kasu larrienetan, %1era ere ez. Margus Laarents arrantzaleak eta Marge emazteak uste dute, beste herritar askok bezala, itsasertzean bizitzen jarraitzea ezinezko egingo zaiela aurki. Horregatik, jakiak lortu nahian, abereak hazten eta lurra lantzen hasi dira. Ohiko beste ogibidea, ehungintzaren ingurukoa, aspaldi galdu zen, produktuak ez baitziren errentagarriak, Matasek dionez. «Noizbait garrantzitsuak izan ziren gauza guztiek galdu egin dute inportantzia», erantsi du Margek. Testuinguru horretan, ez da harritzekoa arrantzale askok Norvegia edo Finlandiako bidea hartzea, bertan lana aurkituko dutelakoan. Adineko hamabi emakume astero elkartzen dira kafea hartzeko. Kihnuko berriak, esamesak eta oroitzapenak aipatzen dituzte, txokolatea, gailetak eta sardinzar gazituak eskaintzen dituen mahaian eserita. Uhartean geratzeko erabakia hartu duten gizonei buruz ari dira, garai batean hori emakumeek baino ez baitzuten egiten. Gaur egun gizon asko dira egoera horretan, lehen andreek egiten zutena egiten saiatzen. «Oskar izan zen sorora lanera joan zen lehen gizonetako bat», ekarri du gogora Merasse Salmek. Uhartean bertan esaten dutenez, nortasun matriarkal handia du Salmek. Gaztaroan, 25 urte zituenean, berak esan omen zion senarrari, behin eta berriz, berarekin lanera joateko, beste gizonekin batera itsasoratu gabe. «Barrez lehertu beharrean egon ginen gizon bat lehorrean lanean ikusita», gogoan du tertuliakide batek. Bizimodu xelebre horrek turistak erakartzeko gaitasuna du: 30.000 urtean, horien erdiak Estoniakoak eta gainerakoak Europatik eta Asiatik etorritakoak. Uhartean bertan ez hotelik ez jatetxerik ez dagoenez, herritar batzuek beren etxeetan hartzen dituzte bisitariak. Hori bai, turismoa udako kontua da inguruotan. Gizon eta emakumeen zereginak aldatu badira ere, gauza batzuek berdin-berdin jarraitzen dute. Esaterako, Kihnuk duen mendetako kulturari eusteko joera. Andregaiaren burua Gizonak itsasoan egoten zirenean, tradizioak agintzen zuen emakumeek antolatu behar zituztela jaialdiak, hiletak eta ezkontzak, esaterako. Azken horiek oso zeremonia zahar eta konplexuak dira, hiru eguneko iraupenekoak: musika etengabe, dantza, Kristoren aurreko errituak… Gauza magiko bat ere badute ezkontzek: andregaiaren burua estaltzen duen zapi zuria, gorriz bordatuta; horrek naturaz gaindiko babesa emango dio emazteari, senarraren etxera iritsi arte. Herri-musika eta biolina edo akordeoia jotzeko trebetasuna ere uharteko emakumeen ezaugarrien artean daude. Horietako askok kihnu motako gonak erabiltzen dituzte egunero, beren marra gorria eta guzti. Musika herrikoiarekin lotutako trebezia hori nabarmendu du Virve Koster abeslari beteranoak. Estonia osoan oso ezaguna den emakumeak 92 urte ditu eta oraindik birak egiten ditu. Uharteko emakumeen espiritu menderaezinaren pertsonifikaziotzat dute Koster bera adituek. Bere etxeko egongelako sari eta oroigarrien artean eserita, izoztutako itsasoan edo soroan lanean emandako urteak kontatu dizkigu. Oinak babesteko, artilezko galtzerdiak baino ez zituzten. «Oso gogorra izaten zen», dio. Baina bizitzaren beste aldea ere ezagutu du, erosotasuna eta loriarena, uharteetako bizitzaz, naturaz eta, batez ere, maitasunaz egin dituen 400 abestiei esker. Kihnuko herritar askok ospa egin badute, beste batzuk itzuli egin dira. Maria Michelson biolinista unibertsitateko ikasketak bukatu bezain pronto bueltatu da uhartera. Orain ondare musikal hori umeei transmititu nahi die. Egurrez egindako zentro batean aritzen da klaseak ematen. Bere ustez, Internetek eta egunean bitan uhartera etortzen den ferryak iraultza eraman dute bertara. «Gure kultura propioak mundu berri honi aurre egiteko gaitasunik izango al du? Ikusiko dugu», erantzuten dio bere buruari.