2020 ABEN. 28 - 16:47h Adarra, Donostialdeko altxorra Ikupegi ederra dauka, hasi Jaizkibel eta Lapurdiko kostaldean, Iparla, Saioa, Beriain eta Aralar Nafarroan, Aizkorri, Hernio eta Izarraitz Gipuzkoan, eta Bizkaiko itsasalderaino. Gune arkeologiko eta mitologiko aberatsa da, gainera, Adarrako ingurunea. Adarra. Andoni Urbistondo Adarra, edo Adarramendi Euskal Herriko mendi ezagunenetakoa da. Donostialdeko garaienetakoa, 819 metrokoa, eta erraz igotzekoa egun erdiko osteratxoan. Gorputza zigortu osterako badira erretegi pare bat, gorputzari buelta ematen laguntzeko, eta horrek jende asko erakartzen du Urnietako mendi horretara. Euskal Herrian jende gehien ibiltzen denetako bat da, eta Urteberri egunean milaka lagun bertaratuko dira.Erreportaje honek kazetaritzaren arau oinarrizkoenak bazter uzten ditu. Adarramendi hitz hauek elkartu dituen kazetariaren herrian dago, Urnietan, eta ezinezkoa da kontakizunaren objektibotasuna mantentzea. Mendi kuttuna baita, Urnieta eta inguruko herrietako jende askorentzat. Donostialdekoa ere bai, eskualde biztanletsu horretatik ehunka lagun bertaratzen baitira 819 metroko mendi horretara, naturaz gozatzera. Antzeko garaiera dute Aiako Harriko hiru tontorrek, baina haiek zailtasun teknikoa dute, mendizale soila urruntzen dutenak. Adarrak ez dauka batere zailtasun teknikorik. Izerdia suelto botatzen da bide zuzenena erabiliz gero, 20-25 minutuko malda tentea, baina gailurra eroso iristen da.Mendizaleari Adarra mendia zergatik aukeratzen duen galdetuz gero, bi arrazoi emango lituzke: bere etxetik autoz gertu dagoela, eta bigarrena, ahalegin fisikoa egin ondoren gorputza bere onera bueltatzeko erretegi edo jatetxe pare bat daudela esku-eskura. Besabi, autoa uzten den tokian, eta Adarra, Urnietako Xoxoka auzoan. Bi erretegi horiek esponentzialki biderkatzen dute jendearen etorrera, zeren nork ez du gustuko bizpahiru orduko jarduera fisikoaren ostean edariren bat hartzea, pintxo edo ogitarteko goxo batek lagunduta? Bada, Adarrak hori eskaintzen du, eta beste mendi ezagun askok ez. Joan zaitezke Adarrara egunik petralenean ere, eguraldi kontutan, eta orduan ere jendea topatuko duzu han edo hemen. Zer esanik ez, eguraldi oneko egunetan. Ehunka lagun bertaratzen dira asteburuero Adarra aldera, milaka ez direnean. Txango erosoa Txangoa erosoa izateak ere asko laguntzen du. Autoa Besabin utziz gero (aparkatzeko arauak errespetatu, azkenaldian Ertzaintzak isunak jarri ditu), bi ordu eskasean Adarramendiko joan-etorria egin daiteke. Baina merezi du lasaixeago joan, eta mendi dotore honek bere baitan gordetzen dituen hainbat txoko eta altxor ezagutzea ere. Txango honetan Etenetako aztarnategi arkeologikoei buruz, Mantelekoaterpeaz edota Sansonarri harritzarraren kondaira mitologikoaz ere mintzatuko gara, hiru orduko txango erosoan.Besabi 300 metro pasatxora dago. Urnietako Udalak mapak eta aukera ezberdinak erakusten dituzten atseden gunea atondu zuen ez aspaldi, eta seinaleztapena ere oso argia da; galtzeko batere arriskurik ez dago eguraldi argia bada. Marizulo baserriko bidea eskuinera utzita Montefrio nekazaritza-turismo etxerantz egingo dugu, asfaltatutako bide maldatsuan. Etxe zuri handi bat da, garbi ikusten da. Izenaren jatorriaz ez dago ziurtasun handirik, baina izenak berak erakusten du zein izan litekeen bere esanahia. Montefrion hasten da mendiko bidea, ataka bat zeharkatuta.Pagoak azkar irabazten dio terrenoa pinuari. Aranbegi errekastora bidean, pago sendoak daude, hostoz biluziak dagoeneko, azaroa epel antzean joan bazen ere. Aranbegi errekastoan bi bide daude aukeran: mendebaldera, Manteleko aterpe eta zabalera doana, Adarra ezkerraldetik igotzeko. Besteak Belabietako gainera garamatza (520 metro), eta han bigarren aukeraketa egin beharko dugu: zuzen-zuzen igo hauspoa dezente behartuz, edo eskuinera egin, Eteneta gune arkeologiko aldera (urnietarrek “Adarrako zabala” ere esaten diote).Adarramendik harritu egingo du bisitaria, oso mendi urtsua delako. Lehorte luzeenen ondoren ere, Adarran beti dago putzua, hezetasuna. Hamarkada batzuk atzera prospekzio batzuk egin ziren, lur azpian zer zegoen jakite aldera, eta ur putzu handia omen dago. Horrek garoa libre hedatzea dakar Adarrako maldetan (‘iñistorra’ bertakoen euskaran). Andoaingo Euskalduna Mendi Taldeak Etenetatik gertu atondutako Lekaio iturrian ere beti ur txorrota topatuko du mendizaleak.Burdin Aroko cromlech-akEteneta toki magikoa da, gure arbasoak lurperatu zituzten txokoa. 700 metro pasatxora dago, Adarra iparekialdera duela, eta Onddo Andoaingo mendia hegomendebaldera... Historiaurreko gune arkeologiko aberatsa dago bertan, Burdin Arokoa, hain zuzen ere. Bi cromlech eta menhir bat ditu, eta hori oso deigarria da, bi metro eta erdikoa, ia-ia. Han aritzen dira bazkan mendigune honetan oso ohikoak diren betizuak, behi gorri basatiak. Ohituta daude jendearen presentziarekin, baina txekorrak gertu badaude kontuz ibili behar da. Etxera susto ederra hartuta bueltatu diren kasu batzuk badaude, betizuak, bere lengoaian, mendizaleari berea sentitzen duen eremutik alde egiteko gonbidapena egin ondoren. Etenetatik 10 minututan iritsiko gara Adarramendira. Komeni, eskuin ertzetik igotzea, Arano, Kantauri itsasoa ikusten den Nafarroako herri bakarra, ikusteko, Tximistako Hegitik. 819 metroko tontorrean bada lasai gozatzeko aukera. Izango dira bista hobeak dituzten mendi bakan batzuk, baina Adarrakoa ere oso aberatsa da. Ez baitu mendi garaiagorik gertu. Mandoegi gertuen, 10 bat kilometrora, Goizuetako lurretan (Nafarroa). Jaizkibel, Lapurdiko kostaldea, Aiako Harriak eta Larhun ikusten dira iparrera, ekialdera Auza, Mendaur eta Saioa, eta eguratsa garbi-garbia denean, Orhiren silueta ere bai. Hegora Beriain eta Aralar ageri dira, hatzekin ukitzeko moduan, eta mendebaldera AratzAizkorri, Anboto, Hernio eta Izarraitz, Orio eta Deba arteko kostaldeaz gain.Sansonarri harriaren kondairaAdarrako txangoa ez da gailurrarekin bukatzen. Jaitsiera Manteleko lepotik egingo dugu, Aballarri haitzera bidean, beti ipar-ekialderantz. Ordu laurden eskasean ikusiko dugu Manteleko aterpea, Urnietako Udalak eraikitako aterpea, atseden gune ederrean. Aterpea librea da, eta nahi duenak erabil dezake. Handik pauso batzuk atzera egin eta Aballari inguratuko dugu, Aranbegi errekastora jaitsi ordez, Mantele aterpe gainean dagoen formazio geologiko bati erreparatzeko: Sansonarri. Arkaitz ikaragarria da, bost bat metro altueraz eta zabaleraz, eta 10-12 metro luzeraz, hantxe, bakar-bakarrik naturak jarria. Kondairak dioenez, Sanson indartsua Buruntzan bizi zen, Urnieta, LasarteOria eta Andoaingo mendian. Aranoko festetako hotsek asaldatuta, harri handi bat hartu, eta habaila batekin Aranoraino bota nahi izan omen zuen, jendea isil zedin. Jaurtiketan irrist egin zuen, baina, eta harritzarra gaur dagoen tokian geratu zen, Aranotik oso urrun. Euskal mitologiaren kontuak!Sansonarritik Arlegorko zabala gertu dago, 10 minutura, Aballarriko ipar hormaren azpitik pasata. Handik Donostialdeko bista zoragarria agertuko zaigu, dagoeneko eguneko azken argi izpiekin. Malda belartsu batean barrena Antsoko Etxolara iritsi, pista bat hartu eta azkar Montefrio baserrira iritsiko gara, asfaltatutako pistan barrena Besabiraino jaitsi eta txangoa bukatutzat emateko.