GAIAK

Aizkorri: gorria, gogorra, gailurra

Paradoxa asko du Aizkorri mendiak. Ez da inguruko tontor garaiena, baina bai jende gehien erakartzen duena. Tontorrari ez ezik, mendikate osoari ere ematen dio izena. Pirinioetatik kanpo Euskal Herriko mendikate garaiena eta alpinoena da.

San Adrian kobazulo natural erraldoia.

Oso harritsua da Aizkorri, eta neguan Gipuzkoa aldera duen 1.200 metroko amildegi sakonak gailur handi eta gogorraren itxura ematen dio. San Adrian edo Sandrati aterpetik abiatzen den Sancti Spirituko bidea da amildegi horiek gertutik ikusteko egokiena, gailurreriaren ipar isurialdetik iristen baita 1.528 metroko tontorrera.

Gipuzkoa hegoaldean dago Aizkorri mendia, eta lurraren magalean izen bereko mendikatea. Egun eguzkitsuetan gailurretik eskuko hatzekin uki daitezke Arabako Lautada, Gasteizko etxe orratzak, eta Nafarroako Sakana, Beriain handiaren magalean. Euskal Herriko mendi kutunenetakoa da Aizkorri, euskaldun askorentzat halako aura magikoa duena.

Igo beharreko ezinbesteko tontorra, mendizale titulua lortu nahi bada. Pirinioetatik kanpo 1.500 metroko garaiera gainditzen duen Euskal Herriko mendikate bakarra da, eta horrek, jakina, mendizaleak erakarri izan ditu betidanik. Aizkorri tontorra bera, “haitz” eta “gorri” hitzetatik eratorritako izena, mendikateko ekialdean kokatzen da, eta sarbide erabilienetik, Otzaurte mendatetik gertuen dagoen neurrian hartzen du bisitari gehien.

1.528 metro ditu tontorrak, baina mendizaleek gainekoa) edo aterpean bilatzen dute babesa. Aterpe txukuna, tximinia, 10-12 pertsonak lo egiteko lekuarekin, eta otordua egiteko mahaiarekin. Ez dira gutxi izaten gaua hemen pasatzeko hautua egiten dutenak, bai udan, baita neguan ere. Hori bai, neguan bada, lo-zaku ona eraman. Aizkorrin tenperaturak oso hotzak izaten baitira. Otzaurtetik, Urbiako belazetik (autoa Arantzazuko Santutegian utzi behar da) edota Araia eta Zalduondotik igo daiteke Aizkorrira. Ipar isurialdean dauden dozena erdi kanaletatik ere igo daiteke, zorua lehor dagoenean, edota neguan, elurra ondo asentatuta dagoenean. Kanalaundi zuzena izenekoa da Aizkorriko tontorrera daramana.

Teknikoki, noski, ez dauka Pirinioetakoen zailtasuna, baina 50 graduko inklinazioa, edo gehixeago harrapatzen du azken zatian, eta kopuru horietan izotz eta elurretan ibiltzeko kranpoi eta pioletarekin eskarmentua derrigorrezkoa da. Aukera horrek gailur traza ematen dio Aizkorriri, jantzi egiten du mendia, toke alpinoa, prestigioa, eman mendiari.

Erreportaje honek Aizkorriko tontorrera daraman bide ezezagunena, jende gutxien batzen duena, du ardatz: Sancti Spirituko senda, izen ofizialik ez badu ere (Zegama-Aizkorri mendi maratoiko korrikalariak bertatik igotzen dira gailurrera). Sandrati edo San Adrian kobazulotik doanak badu izena: Kalbario edo Mandobidea, baina Sancti Spirituko ermita atzean utzi eta bidea mendikateko ipar isurialdean barrena egiten duenak ez du izen ofizialik. “Sancti Spiritu senda” omen. Ermita hori pasatu eta bost minutu gorago hesi bat zeharkatu behar da, ipar isurialdera pasatzeko.

Trena eta 8-10 orduko mendi irteera

Aizkorrira igotzeko modua ikaragarri aldatu da azken hamarkadetan. Otzaurteko atea erabili, eta mende erdi betetzear dauden mendizaleek ondo dakite mendez aldatu baino lehen, 90eko hamarkadan, zer formula erabiltzen zen Aizkorrira igotzeko. Zegama-Otzaurteko tren geltokian jaitsi, eta egurra, gailurreraino. 900 metroko desnibela eta dozena bat kilometro, tontorrerainoko joanekoa. Itzultzeko, beste hainbeste. Mendi buelta egun osokoa izaten zen, 8-10 ordu bai. Zegama-Otzaurte geltokia, gainera, berezia zen.

Txartel ikuskatzaileari abisatu behar zenion, bertan jaitsi eta trena geratzeko. Bestela Altsasuraino joan zintezkeen. Eta autoa zer, esango du irakurleren batek? Etzegarateko mendatea pasatzea abentura handi samarra zen 25-30 urte atzera, eta autoa Otzaurteko lepoan bertan utzi behar zen. Egun Beundako atsedenlekura eta Al-daola aparkalekura daraman porlanezko pista gurdibidea zen ez aspaldi, eta Otzaurtetik aurrera autoan joatea debekatua zegoen.

Egun, pista zabalik da. Batzuk hala izatearen alde egongo dira, eta beste batzuk kontra. Beundara jende asko joaten da otordua egitera, eta Aldaolako aparkalekua ere txiki geratzen da sarri. San Adriango aterpetik 10 minutura dago Aldaola, eta sarbide ezin hobea da. Aizkorri tontorra ordu eta erdi pasatxora hurbiltzen du aparkalekuak. San Adrian aterpe aurretik pasatzen da bidea, eta gazte garaian bertan lo eta jolas egin genuenontzat penagarria da zer itxura zatarra duen gaur aterpeak. Zaborrez josia, hormak zuloz beteta... Urteak daramatza itxita, eta erremediorik gabe, itxuraz. Halako eraikinak, eta halako tokietan, itxiak egoteak tristura sortzen du.

San Adriango kobazuloko bidea ezkerretara utzi, etazuzen igo behar da hesi ondotik. Sancti Spiritu ermitara iristen da aurrena, eta bost minutu geroago, hesia zeharkatzen da. Aizkorriko ipar isurian gaude. Igoera samurra eta erosoa da, Mandobide bidetik baino errazagoa, bide hori oso harritsua delako. Senda honetan belarra eta pagadi hostoen zorua da nagusi. 20 minutuko pendiz gogorra du, baina eramangarria da. Sendatik ez urrun Iturbegieta putzua dago, Oria ibaia jaiotzen den gunea. Gipuzkoako erreka urtsuena omen.

Ferrata zati polita

Pago basoa oso goian bukatzen da, 1.400 metroko garaieratik gertu. Eta hauspoa dagoeneko larri dagoenean, miraria gertatzen da: Aizkorriko ermita gertugertu azaltzen da begi bistan. Aiztontor Altuna (1.454 m) eta Tontorraundi (1.484 m) gailurren azpitik pasatzen da senda, Lepoetako Nardea Kanalaren bukaeran. Hauxe da bideko zatirik ederrena, ferrata edo kate antzeko batzuk baitaude, iparrera dauden amildegien efektua edo inpresioa apaltzeko. 25-30 metroko zati laburra da, eta ez dauka arriskurik. Amildegia, egon, badago, baina elur eta izotzik gabe lasai egiten da bidea. Eta kateak horretarako daude, eusteko.

Mandobidetik datorren bidearekin bat egin ondoren, bost minutu baino ez tontorrera iristeko. Ekaina betean eguzkiaren goxoa eskertuko litzateke, baina ekaina martxoz mozorrotu da aurten. Goitik bista zoragarria da, laino jendea garraioan badabil ere. Oltza eta Urbiako belazeetan ardien zintzarri eta beekak garbi entzuten dira. Eta Aizkorri mendikateko bi gailur garaienak ere bai, ordu erdiko bidera: Aketegiko erpina (1.548 metro) eta Aketegi bera (1.551 m), Pirinioak alde batera utzita, Euskal Herriko tontor garaiena. Iraganean Aitxuri izena eman zitzaion tontor horri, egun ofizialki Aketegi da.

Aparkalekura bueltatzeko Mandobide edo Kalbario bide klasikoa hobetsiko dugu. Harritsuagoa eta nekosoagoa da, baina San Adrian edo Sandrati kobazuloa zeharkatzeko aukera ematen du. Harri festak Gorbeia edo Aralarko mendi belartsu batzuek ez duten gogortasuna ematen dio Aizkorri mendikate osoari.

Aratz eta Urbiara daraman Galtzada erromatarrean txango honetako azken harribitxia topatuko dugu: Sandrati edo San Adriango kobazulo naturala. Ermita du barruan, iraganean bertatik igarotzen ziren milaka erromes eta merkatariak zaintzeko. Kobazuloko bide hau eskualdeko garraiobide garrantzitsuenetakoa izan zen gure arbasoentzat, eta gaur zer dugun, eta orduan zer zuten, pentsakor geratzen da pertsona. Kobazulo erraldoia urrunxeagotik ikusita, naturak halako egitura geologiko bereziak nola sor ditzakeen hausnartuz iristen da norbera, aparkalekuko modernitatearen erosotasunera.