2021 URT. 18 - 06:34h Belharra 360 graduan: filmatzean egileak hartzen dituen arriskuak Film birtualak egiteko egiazko irudiak hartu behar dira. Pierre Lapeyrade film egilea bitan izan da Belharraurautsian eta gertutik ezagutu ditu 360 graduko irudiak biltzeko hartu behar diren muturreko arriskuak. KevinJeanneteau argazkilariak ateratako irudia. Haritz Larrañaga Muturreko kirolak maite ditu Pierre Lapeyradek eta pasio hori pantaila handira eraman nahi du, baina ez edonola, 360 graduko irudiekin baizik. Lehena izan zen olatu handietako film birtual bat egiten eta bide horri eutsi nahi dio. Aldiz, lanbide zinez arriskutsua hautatu du, surflarien irudiak hartzeko horien ondoan egon behar baitu. Txikitatik datorkio muturreko kirolen zaletasuna Angeluko film egileari. Zaletasun hori bere aitaren eragina izan daitekeela dio, nahiz eta aita bera haurra zela zendu zen hegazkin istripu batean, 1995ean, Pierrek lau urte zituenean. Lapeyraderen aitona-amonak AEBetara joan ziren. Bere aitona artzaina izan zen Nevadan, eta bere aita eta osaba-izebak AEBetan jaio ziren, Kalifornian, baina gerora berriz ere Euskal Herrira itzuli ziren, zehazki, Uztaritzera eta orduan hasi zen surfean bere aita, 18 urterekin. Sasoi hartan Biarritzen egiten ziren munduko surf txapelketetan esataria zen, oso zaila baitzen ingelesa eta frantsesa hain ongi hitz egiten zuen norbait topatzea. Angeluko Les Tounards Surf Club elkartearen sortzaileetako bat ere bada eta gaztetan Mundakan surf egitea maite omen zuen. Aita hegazkin gidaria izaki, Pierre bera ere 15 urterekin hasi zen hegazkinak gidatzen eta 17 urterekin gidatu zuen lehen aldiz hegazkin bat berak bakarrik. Geroago, droneekin irudiak hartzen eta 360 graduko irudiekin film birtualak egiten hasi zen eta Parisen aritu zen lanean 2014 eta 2017. urteen artean. Han ezagutu zuen Nanda Fernandez hondarribiarra eta elkarrekin sortu zuten ‘Space In VR’ marka. Iazko abuztuaren 17an, ‘Bizi Belharra’ film birtuala aurkeztu zuten. Filmak 2020ko otsailaren 14an Belharrako olatuan surf egin zuten Gautier Garanx eta Julien Moliaren irudiak erakusten ditu, 360 graduan. Urriaren 29an izan zen itsaski erraldoia baliatuz berriz ere itsasoratu zen taldea eta bigarren saioko irudiekin udaberrian argitaratu nahi duten filma ekoizten ari dira, ‘Bizi Belharra II – Epsilon Tenpesta’. Aukera paregabea Bigarren saioan taldea ia berbera zen. Julien Molia eta Gautier Garanx izan ziren surflariak. Azken honek 2014an Belharran hartutako olatu bati esker Urteko Olatu Handienaren saria irabazi zuen Billabong XXL Awards sarietan. Jet-skian, ostera, Lapeyrade, eta taldekide berria, Manu Portet, aritu ziren. «Belharrako surflari onenetakoa da, lekua oso ongi ezagutzen du eta horregatik pozik nintzen, zeren olatura hurbiltzeko espezialista bat behar da eta bera zen egokiena», azaldu du Lapeyradek. Film egileak olatutik ahalik gertuen egon nahi zuela esan zion gidariari. «Ados, hurbil, baina zenbat?», galdetu zuen Portetek, eta hona Lapeyraden erantzuna: «Ahalik eta hurbilen, baina hil gabe». Izan ere, Lapeyradek bere gabeziak onartzen ditu: «Beraiek entrenatuak dira halako baldintzetan ur azpian aguantatzeko, baina ni ez». Ikusmin handia sortu zuen urriaren 29ko itsaskiak. Lehen aldian baino surflari, jet-ski eta ontzi gehiago ziren urautsian. Gainera, Candide Thovex eskiatzaileak olatu erraldoia eskiekin hartuko zuen zurrumurruak oporretan ziren bisitariak erakarri zituen. «Han zen, urautsian, eskiatzeko botekin, baina olatua ikusita ez zuen zango bat uretan jarri, beldurtu egin zen, eta horrela hobe, zeren hobe da ez saiatzea bizia arriskatzea baino», hausnartu du Lapeyradek. Epsilon ekaitzak sortutako itsaskia iristear zela jakin zuenean Parisen zen Lapeyrade, baina halako aukerak behin bakarrik izaten dira eta angeluarrak ez zuen pasatzen utzi nahi. «Ni Parisen nintzen hiru dimentsioko kurtso batzuk ematen hango eskola batean. Ikusi nuen ostegunerako sekulako baldintzak izango zirela, baina zortea izan nuen, zeren justu ostegunean jai nuen. Asteazkenean bostetan kurtsoetatik atera eta ordu erdi batean trena hartzen ari nintzen, etxera iritsi, material guztia prestatu eta goizeko ordu bietan oheratu nintzen». Egun handia Lau ordu lo eginda jaiki zen Lapeyrade, goizeko seietan, eta zuzenean Donibane Lohizuneko portura abiatu zen taldekideekin elkartzera. Handik abiatu ziren Urruñako erlaitzetatik bi kilometrora lehertzen den urautsira. «Portutik atera bezain laster konturatu nintzen hura ez zela lehen aldikoa bezalakoa; itsaskia indartsuagoa zen». Belharrako olatua errazago altxatzen da itsasbeheran; beraz, marea biziak izatea komeni da. Otsailaren 14ko saioan marea hilak ziren, eta arratsaldez itsasoratu ziren. Hau da, olatuak txikiagoak izateaz gain «lasaiagoak» ziren, baina urriaren 29ko itsaskian beharrezko baldintza guztiak batu ziren, marea biziak eta itzelezko itsaskia. «Urautsira iritsitakoan ikusi genuen olatuak ez zirela lehen aldian bezain garbiak, ez ziren beti leku berean lehertzen eta handiagoak ziren», nabarmendu du Lapeyradek. Lehen saioan 3,8 metroko itsaskia eta 18 segundoko periodoa (olatuen arteko tartea) izan zen. Bigarren saioan 5,2 metroko sagailoa eta 20 segundoko periodoa zuten olatuek. Sekulako itsaskia zen. Urrunetik ikusita badirudi olatua perfektua dela baina, Lapeyraden esanetan, «gerturatuta ikusten da ez dela hain garbia; irudietan badirudi surflaria zuzen doala olatu gainean, baina gertutik begiratuta ikusten da taula etengabe saltoka doala, ia airean. Surflariak indar itzela egin behar du zangoekin abiadura horri eusteko». Nolabait irudikatzeko. Batez beste, bi metroko olatu batek 25 km/h-ko abiadura du eta surflaria apur bat azkarrago joango da. Belharran, ordea, olatuak abiadura bikoitza du, 50 edo 60 km/h-ko abiadura izan dezake eta surflaria 70 km/h-ko abiaduran joan daiteke. Edonola ere, Lapeyradek Belharratik harago joateko asmoa du. Nazare edo Teahupoo bezalako urautsietan 360 graduko irudiak hartu nahi ditu, bertako surflariekin eta baita surflari euskaldunekin ere. Film egile angeluarrak maite duena zera da, «gai bat hartzea, eta pertsona bat edo bi, eta haien lekukotasuna kontatzea, ulertarazteko zertarako egiten duten, zertarako entrenatzen diren...».