2021 URT. 22 - 11:02h Surflariak, Zirkulu Polar Artikoan Ura, 4 gradutan; haizea, 15etan. Haize bortitzaren eraginez, hotz sentsazioa areagotu egiten da. Ez dirudi egoera atseginena denik taula baten gainean olatuak zamalkatzen hasteko. Lofoten-en salbu. Norvegiako iparraldeko uharteetan, negu gorrienean ere, surfa egiten baita. Eta nola, gainera. Surflari bat, Lofoten irletan. Olivier Morin Christina Kolbu eta Solmoy Austbon ikasleak dira eta hiru eguneko bidea egin behar izan dute Stavanger (hego-mendebaldea) herritik Unstad-era iristeko. Mini-van furgoneta batean mugitzen dira, bertan lo eginez. Horrela dezente merkeago aterako zaie irteera. Unstad herrixkako hondartzan utzi dute furgoneta, surfaren paradisu bihurtu den iparraldeko puntu galdu honetan. Zirkulu polar artikoaren gainean dagoen eremu eder eta gogor honetan, bi ardi abeletxe eta bi surf denda aurkituko dituzu. Askoz gehiagorik ez... tira, eta aurora boreal izugarri ederrak, noski. Christinak eta Solmoyk jantziak aldatu dituzte; neoprenozko jantzi osoa daramate, burukoa, txapinak eta eskularruak barne. Taulak hartu eta, larregi pentsatu gabe, uretan murgildu dira. Elurra mara-mara ari du. Itzuli direnean, aitortu digutenez, uretatik ateratzean soilik sentitu omen dute hotza, barruraino sartzen den hotz hori, alegia. «Gustukoen duguna neguko sentsazio hori da», esan du Unn Holgersen 32 urteko albaitariak. Orain bi urte Svolvaer herrian gelditzeko hautua egin zuen. «Ur izoztutik ateratzen zarenean, ziztu-bizian aldatu behar duzu, eta oinak ur bero-berotan sartu. Nik etxeko tximiniaren ondoan, ontzi batean, jartzen dut ura», dio gozamen aurpegia jartzen duen bitartean.«Egun garbi eta eguzkitsuak aprobetxatzen ditugu, jende askorik egoten ez delako, eta gero, ingurua hain da ederra...», dio emakumeak. Surf gune hau zirkulu polar artikoaren gainean dago, latitude sinesgaitz batean, Siberiako iparraldearen eta Alaskaren maila berean. Baina hemengo uretan urte osoan surf egin daiteke Gulf Stream korronteari esker, Norvegiako kostaldea ukitzen baitu Atlantikoa zeharkatzen duen korronte bero honek. «Neguko olatuak hobeak dira, sendoagoak eta erregularragoak», azaldu du Lisa Blom-ek, hemendik ordubetera dagoen hotel baten jabeak. Udan, ostera, etengabe egun-argia dute. Edozein ordutan egin daiteke surfean. Eguneko 24 orduetan egin ditzakete, beraz, Artikoko surflari hauek jarduera desberdinak: egunez snowboard-a, arratsaldez surfa, eta gauean aurora borealez goza dezakete. Irudikoak bezalakoak, martxoko gauak berde kolorez margotu dizkigutenak.Hemen surf egitea bizitzeko modu bat da, meditazio modu bat batzuentzat, neke osasuntsu eta bizigarri bat besteentzat. Jarraian, muturreko egoerak maite dituzten surflari batzuen erretratua eskainiko dizuegu. Ellen Holgersen, 32 urteko albaitaria«Surfa dela-eta, hainbat aldiz aldatu naiz bizilekuz. Ikasketak egiterakoan ere horrek baldintzatu ninduen. Nik neuk nahiago dut hotza. Horregatik etorri nintzen hona. Bizi izan naizen toki askotan etxetik atera eta zuzenean uretara joan zaitezke, baina gimnasio batera joatearen parekoa zen; erraza, baina era berean jende larregirekin. Hemen, surf egiten dugun bakoitzean espedizio batera goazela dirudi. Neguan egun eguzkitsu ederrak izaten ditugu, jenderik gabe, paisaia zoragarri honetan. Izugarria da». Ole Kristian Fjelltun-Larsen, 34 urte, landetxe baten jabea «Niretzat surfa kirola eta erlaxazioa da. Are gehiago, neguan egitea erronka bat da, muturreko meditazioa egitera behartzen zaituelako, naturarekin harreman estu eta indartsura eramaten zaituelako. Fisikoki proba bat da, zure gorputzak energia asko erretzen baitu tenperatura mantendu ahal izateko. Oso nekagarria da. Baina zure buruak lasaitua hartzen du, hainbat gauza atzean uzten dituzulako. Lasaitasuna berreskuratu eta arazo larriak txikiagotu egiten dira. Ondorengo sentsazioa oso ona izaten da. Dibertigarria da; beti presaka joaten zara autoan hondartzarako bi-dea hartzen duzunean. Atera ostean, berriz, lasai-lasai gidatzen duzu».Nils Blom, 38 urte, suediarra, sukaldaria«Txikitatik amesten nuen surfarekin. ‘Point break’ kultuzko filma ikusi nuen 10 bat urte nituenean eta, niretzat, mendian hazitako mutil batentzat, hau guztia erabat exotikoa zen. Skate-a egiten nuen eta noizbait surfa egingo nuela zin egin nion neure buruari. Suedian eta Norvegian olatu onak zeudela jakitean, ikasturtea amaitzean surfean jarduteko bidaiatzen nuen. Ur hotzeko surflaria bihurtu naiz azkenean, jendetza dagoen tokietatik at dabilen horietako bat». Hæge Cecilie Forfang, 28 urte, fisioterapeuta«Niretzat surfean aritzea urtaroen aldaketak behatzeko aukera bat da, gauerdiko eguzkitik negu hotz eta ilunera arte natura sentitu ahal izatekoa. Norvegiako hegoaldea utzi eta hemengo ospitalera etorri nintzen lanera hiru hilabeterako soilik, eta dagoeneko bost urte bete ditut. Eta ez daukat alde egiteko asmorik. Neguan aritzeak gogorregia irudi dezake kanpoko batentzat, baina ura ez dago hain hotz eta hotza sentitzen duzun une bakarra arropaz aldatzen ari zarenekoa da. Aurpegia ere izoztu egiten zaizu, baina hori zeharo atsegina da, bizirik sentitzen zarelako!».Lisa Blom, 38 urte, hoteleko zuzendaria«Surfa bizitza bera da. Niretzat behar-beharrezkoa da, arnastea, jatea, lo egitea edo familiarekin denbora pasatzea bezalakoa. Neguan olatu hobeak izaten ditugu, indartsuagoak eta erregularragoak. Eta ez baduzu surfeatu nahi, hemen aukera ugari dago denbora pasatzeko; mendi-ibiliak, eskia, arrantza... Lofoten uharteak helduentzako jolastoki erraldoiak dira!».