2021 OTS. 01 - 16:19h Montejurra, galsoroen atea Hegora, galsoro, baratze eta mahastien eremu bukaezinak; iparrera, berriz, Urbasa eta Lokiz mendiguneak, lainoek, euriak besarkatuta. Montejurra egun erdiko txango erraza eta erosoa da, bere magalean Iratxeko Monasterioa eta Donejakue bidea bezalako harribitxiak gordtezen dituena. Egun erdiko txango erraz-erraza da Montejurra. Andoni Urbistondo Urrian aterpe bila aritzea ariketa zaila izan da mendizalearentzat Euskal Herrian. Euriari euri, egunez egun, astez aste. Hego-hegoan ere komeriak izan dira lainoek estaltzen ez zuten mendiren bat bilatzeko. Montejurra izan da bakarretakoa, mila metroko langa gainditu eta bista txukunen bat eskaini duen bakarretakoa. Lizarrerria eta Ebro ibaiaren erribera aberatsa banatzen ditu 1.045 metroko mendi berezi eta bakarti honek. Erraza da egun erdiko txangoa.Udazkenak eta neguak gaiztoak izaten dira Euskal Herriko ipar isurialdean, baina urriko lehen erdiak marka asko bete ditu. Euria egun guztietan, bakar batean izan ezik. Hego isurian bilatu behar, Kantauriar isurialdeko parajeetan ezin dena. Erabaki erraza... euria hego isurira ez dela iritsiko pentsatuta. Baina haraino ere iritsi da. Kodes aldean ez dago esperantzarako zirrikiturik. Iruñean eta Lizarran baino askoz eguraldi txarragoa dago, Vianan ere euria (Nafarroa). Autotik mugitu gabe tripa betetzea ote, aukera bakar? Lizarra gaineko mendi bakar eta berezia Bidean mendi bat laino ez laino sumatu dugu: Montejurra. Eta hura aukeratu behar izan dugu. Behar izan dugu, euriagatik, baina bizpahiru orduko txango erosoaren ondotik jabetu gara merezi duen txangoa dela, akaso zorionekoak garela beste gailur batzuk igo ezinik patuak haraino eraman gaituelako. Horregatik da, noski, irakurleei gomendatzeko moduko irteera. Montejurra Lizarra herri gainean dagoen mendi bakar eta berezia da, Ega ibaiaren arroa baino 500 metro gorago tentetzen dena, nahiko modu malkartsuan. Hiru erpin berezitu ditu, 1.040 metrotik gorakoak hirurak, eta oso bista ederrak ditu horietako edozeinetatik. Izan ipar aldera, edo hegoaldera, non galsoro erraldoiak agertzen diren nonahi Ebro ibaiaren mugaraino. Galsoroak, eta Nafarroa hegoko baratz eta mahasti aberatsak.Historia handi eta odoltsua du Montejurrak. Estrategikoki oso mendi garrantzitsua izan da betidanik, karlismo garaian, batez ere. Zumalakarregiren karlistak Montejurrako arte eta harkaitzak zituzten gordeleku eta gotorleku. Karlisten garai haiek gogoratzeko erromeriak antolatzen hasi ziren 1939an, eta 1976an eskuin muturreko kideek Alderdi Karlistako bi kide erail zituzten Montejurran. Orduz geroztik, eta urtez urte, omenaldi jendetsuak egiten dira mendi hartan urterourtero. Montejurrakoa oso txango erosoa da. Ipar isuritik apenas du 500 metroko desnibela. Bidea oso txukuna da, malda handi-handirik gabea, eta bizpahiru ordutan aise egin daiteke joan etorria Montejurrako begiratokia dagoen aparkalekuraino. Bertara autoan irits daiteke Aiegi pasa eta Donejakue bideko autobidea azpitik zeharkatuz. Ez da aukera txarra, dena den, txangoa Iratxeko Monasterioan hastea. Eraikinak eta bertako museoak merezi dute bisitatxoa, eta handik 20-25 minutu baino ez dira behar aparkalekura oinez iristeko.Hiru bide, aukeranAparkalekuan mapa txukun bat dago, nahi dugun igoera egiteko. Erabiliena, eta ohikoena, San Cipriano ermitara daraman bidea da, kalbario eta guzti. Bide zidor zabalean barrena beti, bihurgunez josia, arte baso itxian tarteka, eta noizean behin, mendebalderantz, ermita gure gainetik ageri dela. Ordubete eskaseko bidea da. Aparkalekutik Karearen Bidea edo ‘Hoya de la Cal’ bidea ere aukeratu daiteke, malkartsuagoa eta ez ermitako bidea bezain erosoa. Hirugarren bidea ‘Los presos’ da, baina, hori erabiltzekotan, komeni beherakoan izatea, porlanezko pista deserosoa baita. Montejurrako gailur bat telekomunikazio antenaz josia dago, eta haraino igotzen den pista itsusi bat dago Aiegitik gora. Nekeak jota bazaude, bide horretan behera 45 minutu eskasean iristen zara Iratxeko Monasteriora.San Cipriano ermitatik bista ederrak daude iparralderantz, Lizarra eta eskualde guztia hankapean edukiko dugu. Ermitak badu halako barrunbe bat, mendiko haitzean egina, berezia. Behin ermitan, komenigarria Montejurrako beste bi gailurrak bisitatzea, bistak ermitako edo ermita gaineko tontorretik ikusten direnak baino aberatsagoak baitira. Ez dago galbiderik, xenda oso-oso argia da. Riglosko mallo ezagunen tankera dute Montejurrako haitzek ere. Arroka berezia, irristakorra eta tentea. Erdiko gailurrean dago Lizarrako mendi taldeak jarritako etxetxoa eta postontzia. Oreka joko erraz pare bat egin behar dira etxetxoaren pare jartzeko, baina behin bista haren gainetik jarrita, ikuspegia itzela da. Lizarra eta Aiegi iparrera, eta iparralderago Urbasa eta Lokiz, laino jendeak besarkatuta. Ekialdera Erreniega, Itzagaondoa, Carrascal eta Elomendi. Hegora Arellano, Deikaztelu, Morentin eta Ebro aldeko galsoro hori bukaezinak. Egun argietan Mendikate Iberikoko gailur garaienak ondo ikusten dira Montejurratik, Moncayo, Urbion edota San Lorenzo izan, baina Kantauri itsasotik datozen laino hezeek paraje haiek estaltzen dituzte erabat ipar haizea nagusi denean. Mendebalderantz Monjardin gailur eta gotorleku bitxia ikusten da gertu, Viana herria eta Kodes mendiak, gure haserako destinoa, haiek ere beltz-beltz. Azken gailurrera iristeko azken ahalegina egitea erosoa da. Antenak eta telekomunikazio etxola ikusteko, sikiera. Bizikletan bada jenderik haraino hurbildu dena, aldapa handian. Hiru gailurretan itsusiena da, gizakion arrasto gehien duena. Han, aukeran, pistako jaitsiera erosoa, azkarxeagoa, edo egindako bidea desegitea erabaki behar da. Mendizale petoa bazara, eta eguraldia lagun baduzu, bigarren aukera lehenetsiko duzu. Nekeaz jabetzerako Iratxeko Monasteriora iritsiko zara, Donejakue bidean hainbat erromesen pauso nekezarekin bat egin ondoren.