GAIAK

Leptis, Libiako altxor ezkutua

Beti dago arrazoi sendo bat ez joateko: Libiako gerra amaigabea, iristen ez den bisa bat, edo, besterik gabe, errepide arriskutsuegi hura. Mediterraneo ertzean dagoen hiri erromatar hura ametsetako jomuga bilakatu da.

Arrasto arkeologikoak .(GETTY IMAGES)

Libia 2011n desegiten hasi zenean, «Leptis» hitzak kezka besterik ez zuen iradokitzen: «Eta bonbardatzen badute?»; «Eta miliziak bertaratzen badira?», pentsatu ohi genuen behin baino gehiagotan. «Hemendik 40 kilometrora dago. Nahi duzunean eramango zaitut», bota zidan Tripolin Wail nire lagunak. Gaddafiren aroan turismo-gida izandakoa zen 35 urteko berbere hura. Zioenez, turistak gertutik zelatatzen zituzten Gaddafiren zerbitzu sekretuko agenteek.

Hori gutxi ez, eta Wail bezalako gidek txosten bat bidali behar izaten zuten egunero; batez ere, bisitariak estatubatuarrak edo britainiarrak baziren. Nolanahi ere, beti zegoen taldeko diziplina hausten zuen norbait. Ez al da turista ororen eskubidea galdu ahal izatea nahi eran? Tripoliko alde zaharreko kalexkak aproposak ziren oso; turismo agentziarentzat, baina, heriotza zigorra zekarren hutsegiteek. «Askok horrela jaitsi behar izan zuten pertsiana», gogoratu zuen Wailek.

«Kontinenteen eta antzinako inperioen bidegurutzea», zioen Libiaz gidaliburu famatu batek. Eta gertu ere badago. 2011n, Libiako Turismo Ministerioaren bulegoa Tripoliko itsas postuaren aurrean zegoen, sobietarrek egindako eraikin batean. Ministro berria zen Mohamed Facronek bertan biltzen zituen zigarretak. Gerra oraindik bukatzear zegoela ez zeukan lanik mahai gainean; bai, ordea, itxaropen handiak: «2012 hasierarako segurtasuna bermatu eta turismoa erakarriko dugu berriz ere», biribildu zuen bere diskurtsoa.

Ez zen horrela izan. Gerraosteko euforiak hilabete batzuk eman zituen libiarren artean, baina bat-batean itzali zen. 2012an, suak hartutako Bengaziko amerikar kontsuletxeak aro lazgarri bati hasiera eman zion; hiri nagusiak milizien arteko liskarren erdian gelditu ziren 2013an eta, 2014an, herrialdea bitan zatitu zen: ekialdeko Libia eta mendebaldekoa. Bien arteko «inoren lurra» aprobetxatu eta Estatu Islamikoak Mediterraneoko kalifa herriaren hiriburua altxatu zuen Sirten (Gaddafi jaio eta hil zen hiria). Jihadismoaren mamua uxatzeko ahaleginak 2016an jarri ziren abian. Hiri erdiguneko auzo batean setiatu zuten, itsas aurrean. Gorpuak gortina erraldoi batzuez estali zituzten hondartzan. Alboko luxuzko etxebizitza batzuetatik kendu zituzten. Lorategi bana zuten, denak bugainbileek hartutakoak. Loreei kiratsa zeriela pentsatu nuen.

Leptiserako bidean

Hurrengo egunean, egunsentian, auto batean sartu eta Leptisen joan nintzen. Aparkaleku alboko postu batean eskuratu nuen hiriaren mapa bat. Frantsesez, ingelesez eta italieraz idatzita zegoen. Antza, Leptis hitza amazigerako Lbqy-ren egokitzapen latindarra da. Magna geroxeago jarri zioten, Tunisiako Leptis Minor izenekotik bereiztearren. Erromatarrek feniziarren asentamendu baten gainean eraiki zuten beraiena, eta Septimio Severo enperadorearen agindupean lortu zuen bere ospe gorena.

Severo, hain zuzen, inperioak inoiz izan zuen agintari amazig bakarra izan zen. Hiria itsas portuaren inguruan zabaldu zen. Urrea eta bolia itsasoratzen zuten handik, bai eta oliba olioa, zirkuetarako animalia basatiak eta esklaboak ere, jakina. Mediterraneo osoan, Leptisek Egiptoko Alexandria zuen lehiakide bakarra. Gero bandaloak iritsi ziren, eta amazigak jarraian. Azken finean, haiena zen lurra. Kontinente oso batek zor dio bere izena Afri izeneko bertako klan bati: Afrikak zera esan nahi du, «Afrien lurraldea».

Arabiarrak VII. mendean bertaratu ziren baina, ordurako Leptisek galdua zuen bere antzinako ospea nahiz oparotasuna. Ez naiz luzatuko Wikipedian aurki daitekeen informazio hutsarekin.
Bideari ekin nion portua eta hiria lotzen dituen bulebarretik. Diotenez, munduan hobekien kontserbatutako erromatar aztarnen artean daude kale hauek. Basilikako marmolezko zutabeak, Trajanoaren arkua, azokaren eraikin zirkularra... xehetasun txikiak ahaztu gabe. Harrian zizelkatutako zakil hark inoiz prostituten kalea izan zela esan nahi digu.

Txundigarriena, baina, argazkietan hainbestetan ikusitako antzerki hura dugu. Goiko harmailetan eserita nengoela, talde bat ikusi nuen hondartzan, futbolean jolasten; haiengandik metro eskasera, hiru mutil kitesurfean. Zoritxarrez, gutxitan iristen zaigu jendearen aisialdiaren irudirik Libiatik. «Zoritxarrez» diot, zeren horrelakoek gogorarazten digute zein antzekoak garen libiarrak –edota gerra jasaten duten guztiak– eta gu. Bertako bikoteak ziren, edo familiak beren umeekin.

Agian, galdu nahi eta ezin, inork baino askoz hobeto ezagutzen baitituzte denek plaza, kale eta hiribide hauek guztiak. Tentuz begiratuta, harriaren kolorea hartutako kameleoiak bereiz daitezke han-hemenka. Selfieak ateratzen ari dira Serapisen tenpluan, zutabeari helduta edo haren gainean ausartenak. Eta Roma eta Augustoren tenplutik hip-hop libiarra entzuten da mugikor batetik. Parkour egiten ari den mutilarena da. Gugandik hiru ordura autoz, bera baino pittin bat zaharragoak ziren libiar asko Estatu Islamikoaren kontra borrokatzen ari ziren une horretan. Sinesgaitza zirudien.

Lerro hauek idazten ari naizela, Libiako hamaikagarren gerra bukatu berri da eta mendebaldeko gobernua atera da garaile oraingoan. Edonola ere, zaila da jakiten noiz bukatzen den gerra bat eta noiz hasten den hurrengoa. Agian, zuzenagoa da esatea 2011n piztu zen gerra zibilak oraindik badirauela. Diotenez, Leptisen ez dago krater berririk bandaloak handik pasatu zirenetik. Oraindik turistak noiz iritsi zain dago.