2021 OTS. 09 - 15:51h Dogon herria, izarrei begira Maliko etnia batekoak dira eta Bandiagarako amildegietatik Niger ibairaino hedatzen den lurraldean bizi dira. Dogonak, batez ere, artatxikia lantzen duten nekazariak eta errementariak dira. Ospetsuak dira beren eskultura eta kosmogoniagatik. Una imagen de Dogon. (GETTY IMAGES) Juan Luis Mugertza Afrikar herri honen tradizio eta sinesmenek jende asko liluratu dute; horien artean, Marcel Griaule etnologo frantziarra; Dogon herriaren mitologia aztertu zuen eta aspaldi jabetu zen haien sinesmenetan Sirius izeneko izarra bi izarrek osatzen zutela. Mendebaldeko astronomoek 1884. urtera arte ez zuten ikusi Siriusen inguruan beste izar bat dagoela, bueltaka batzuetan. Logelako leihoa zabaldu dugu proba egitearren, baina alferrik, ez dago beroa saihesteko modurik. Azkenean, bai-ez aritu ostean, ostatu gaineko terrazan egin dugu lo, eltxoak lagun genituela. Oso goiz esnatu gara, oso goiz esnatu gaituzte argi izpiek, artatxiki aleak xehatzen ari diren emakumezkoen makilen kolpe hotsek, astoen arrantzek, behien marruek eta, nola ez, umeen garrasiek. Maliko hegoaldean gaude, Dogon lurralde sakratuan, Afrikako lekurik misteriotsuenetakoan. Dogon herria ikaragarrizko faila bat da, Bandiagara izenez ere ezagutzen dena. Lurraren arraildura da, bi zapalden arteko desnibela hondarrez osatuta duen labarra, 150 kilometro luze eta, zenbait lekutan, 300 metro altu duena. Dogonak bizi diren lekua horma handi batek babestuta dago, eta baobab zuhaitzez apainduta. Eurite sasoian ur jauziak –Bananikoa, ehun bat metrokoa– ikusten dira, eta sikate sasoian dena da hondarra, hondarrez jantzitako herrixkak. Dogonak bizi diren lekuan lehen beste batzuk bizi ziren. XIV. mende bukaeran heldu ziren mendebaldetik, islamak behartuta, Maliko inperioak indarra galdu zuela jabetuta, beraiek animistak ziren-eta. Labarreko hormetan esekita, tellem izeneko leinukoen etxetxoak ikustean, momentuan jabetu ziren oso txikiak zirela. Horregatik, bertakoek esaten dute etxetxo horietakoak pigmeoak zirela, eta beraien arbasoek kanporatu zituztela gaur egun Afrikako erdialdean (Gongo, Ruanda) bizi direnak. Dirudienez, adituek ezer gutxi dakite desagertutako gizontxo gorrien gainean. Halarik ere, beraien etxeek oraindik hor diraute harkaitzetan zizelkatuta, ondo mozorrotuta, begietatik oso urrun. Etxeak oso txikiak dira, eta atetxoek umeentzat egindakoak dirudite. Etxe batzuen hormek, eta harkaitzek, ordukoen margo arrastoak gordetzen dituzte oraindik. Halarik ere, dogonak ez ziren tellemen etxeez baliatu bizitzeko; hildakoak gordetzeko bakarrik erabiltzen zituzten, eta darabiltzate egun. Gorpuak bertaraino altxatzeko sokak egiteko, baobab zuhaitzaren oskola erabiltzen dute. Bertakoen ustetan, bizitzaren eta heriotzaren arteko harremanak irudikatzeko modua baino ez da. Behean Dogon herria dago, eta bertan etxeak, bihitegiak eta meskita daude. Maliko beste leku askotan bezala, meskitak Sudanekoen antza du. Gerizpetan umeak daude Korana ikasten, egurrezko oholetan idatzitako hizkiei adi-adi. Hala ere, bertatik pasatzean, tartetxo bat hartuko dute atzerritarrei irribarre gozoa eskaintzeko, eta, nola ez, «Bonjour! Tubabu! (zuria)» esateko. Dogon herrira joateko Bandiagara, Bankass eta Sanga dira bertara heltzeko herriak. Bandiagara da goi ordokiko herririk handiena, Mopti-tik 75 kilometrora dago, oso ondo kokatuta. Udatiar askok erabiltzen du izen bereko failara joateko, edota Bankasera edo Sangara hurbiltzeko. Bandiagarako failara joateko ezinbestekoa da gidari bat hartzea, baina horretarako komeni da abiatu aurretik, Sangako gidari bulegoan galdetzea, edonorekin ez joateko. Geuk ere horrela egin genuen, eta horrek asko lagundu zigun Dogon herria hobeto ulertzen, bertakoen ohiturak errespetatzen eta harriz, adobez eta lastoz egindako bihitegiek osatzen duten labirintoan ez galtzen. Herrixka bakoitzaren erreferentzia baobab batek ematen dizu, herritik gertu daudenak baino handiagoa izan ohi baita. Etxe batzuen inguruan, errituetan erabilitako oiloen lumak aurki badaitezke ere, gero eta musulman gehiago daude Dogon herrian, eta bertako nagusi askok ez dute begi onez ikusten. Gurekin hitz egin duen agurea beste lagun batzuekin dago, Toguna izeneko lekuan. Zortzi mugarri eta 60 zentimetroko sabai baxuak dituen harrizko eraikuntzan egiten dute agureek bilkura. Lekua oso freskoa da, eta bertakoek ez diote inolako trabarik ipintzen etorri berriari, baldin eta kola izeneko fruitu garratza edaten badu, eta, nola ez, eskupekoa uzten badu. Horrelako jakintsuekin komunikatzeko modu bakarra gidaren bitartez izan ohi da. Sabaia horren behean zergatik dagoen galdetuta, «kaskarreko galanta hartzeko», esan zigun txantxetan.Gero argitu ziguten etxe bakartu hura erabiltzen dutela emakumeak bertan sartuta hilerokotik babesteko, odolaren zikintasunak herrixka ez kutsatzeko. Emakumezkoen etxea berehala ikusten da; herritik at dago, eta, gainera, borobil itxurako eraikuntza handi bakarra da. Hilerokoa dutenean bost egun ematen dituzte bertan. Azken egunean arropa garbitzen dute, eta gorputza ukenduz igurzten, gero gizonarengana txukun-txukun joateko. Baztertutako emakume hauetako askok sexu-organoen mutilazioa pairatu ohi dute. Herri barruko distantziak txikiak dira, egokiak asfaltorik gabeko bidexketan gora eta behera oinez ibiltzeko, eta bertakoei erreparatzeko. Bat-batean gizonezko bat agertuko da bizikleta batean, aitzurra lepotik eskegita. Edota mutikoak ortozik, korrika, bizikletaren uztaiari eusten dion makilatxo batez lagunduta, zoruko hondarrean arrastoak uzten dituela. Eta nola ez, kolore biziko soinekoak jantzitako itxura ederreko emakumeak, urontzia buru gainean urez beteta, iturritik bueltan, edota iturrira bidean. Bihitegietan zizelkatutako ateak gero eta gutxiago ikusten dira. Horrelako asko Pariseko museoetan daude, edota eskrupulurik gabeko udatiar aberatsen etxeetan. Guk azokan edota kale bazterrean ikusitako katamaloak irudikatuko ditugu, eta zeruari begira egin dugu amets. Tradizioaren izenean tortura Munduan, 130 milioi neskatok eta emakumek jasan izan dute inoiz ablazio erritua modu batean zein bestean. Maliarren hizkuntzan, banbaraz, erauzketari segilili esaten diote; «otoitz egiteko ezinbesteko garbiketa» esan nahi du. Klitoridektomia, hots, ablazioa da afrikar tradizioetan ohiturarik anker eta traumatikoena. Gizonezkoen zirkunzisioak bezala, kanpoan du jatorria. Izan ere, arabiarrek zabaldu zuten. Koranean aipatzen da, baina ez ei du ondo argitzen «emakume guztiek, egoera guztietan, ablazioa egin behar dutenetz». Dena den, musulmanen artean zabaldutako erritu gaitzesgarri horrek azkar zabaldu zituen bere garroak kontinentean, eta, zelan ez, fetitxeen herrian, magoen, konjuruen eta gaitzen herrian. Maliko herritar askoren ustez, mundua inork ulertu eta gobernatu ezin dituen indar arrotzez betea dago. Tradizioak eta kulturak oso errotuta daude, eta erauzketa ezinbesteko baldintza omen da, kasu askotan, ezkontideen arteko zina bermatzeko. Bertako animisten artean ere indar handia hartu zuen, eta horretaz baliatu ziren bestelako zentzua emateko, euren sinesmenei eusteko. Erauzketaren aldekoetan, oso ohikoa da entzutea ablazioak, emakumearen emankortasuna ziurtatzeaz gain, senarraren gogoa areagotzen duela, gizonarekiko fideltasuna bermatzen laguntzen duela, emakumearen garbitasunarekin lotura duela, eta, egin ezean, emakumezkoak hil egin ohi direla. Baina horiek lelokeriak dira; errealitatea oso bestelakoa da. Odol-jarioak eta infekzioak izan ohi dituzte, eta sexu harremanetan,oinazea. Erditzean, aparatu genitalak malgutasuna galtzen du, eta jaioberriaren burua umetokitik irtetean oso ohikoa da ernaltze-organoetan urradurak izatea, eta umea, ama edo biak hiltzea. Gaur egun, berrogei bat lurraldetan baino gehiagotan egiten dute praktika hori: Malin, Egipton, Yemenen, Etiopian eta Somalian (horren kontrako lege bat ezar dezaten sinadura-bilketa kanpaina bat egiten dabiltza egunotan), besteak beste. Munduan, hamar segundotik behin emakume bati egiten diote erauzketa. Minutuko, bospasei neskatxok jasan ohi dute praktika hori. Orduko 340k eta eguneko, 8.000k. Urtean, hiru milioik. Tartean, milaka neskatxo odolustuta hil dira, eta zenbatzerik ez dagoen beste emakume askok bizi izandako esperientzia anker hori buruan duela bizi beharko du. Halako praktikak egiten dituzten emakumeek ez dute prestakuntzarik, eta ez dute inolako neurririk hartzen mina arintzeko, ezta horren osteko sufrimendua gutxitzeko ere. «Horrelaxe izan da beti, eta horrelaxe izan beharko» dela sinetsita egiten ei dute. Bizar-labanatxoa, ugerrak hartutako aiztoa, belarrak, nahikoa izango dira edozein leku eta modutan erritua egiteko. Behin egindakoan, neskatxoaren amak –berak ere pairatu arren– sekulako lasaialdia hartuko duela diote, alabak emakume izateko egin beharreko pausoa delakoan. Gaur egun, arabiar zein afrikar estatu askotan familia dirudunek ospitalean egiten dute, jakinda horrek ez duela libratuko neskatxoa, inondik inora, psikikoki eragingo dion traumatik. Odolaren usaina Hiru ablazio mota daude, batzuk besteak baino larri eta krudelagoak. Musulmanek egiten dute «arinena»-edo: klitoriaren ertz bat ebaki. Afrikako herrialde gehienetan, aldiz, klitoria eta ezpain txikiak ere mozten dituzte. Bigarren mozketa hori garbitasunaren kontzeptuarekin lotzen dute. Hirugarrenean, traumatikoena, ezpain handien zati bat ere kentzen dute. Bi ertzak josten dituzte, eta zulo txiki bat besterik ez dute uzten, txiza eta hilekoa irten ahal izateko. Malira egindako bidaian ezagutu dugu Fatoumata Sinaba, duela 40 bat urte hasi zen klitoridektomia egiten; bere amak ere egiten zuen. Ez omen daki zenbat urte dituen, 7080 inguru. Erabiltzen dituen tresnak erakusteko esandakoan, ezetz erantzun digu, baina bere alabak, Hawak, baietz esan du. Sasoi batean, Hawak ez zuen ulertuko zelan egon zitekeen tradizio horren kontra, baina gertuko baten alabaren heriotza bertatik bertara ikusteak begiak zabaldu dizkio, antza. «Ez nuke inondik inora onartuko familiako baten bati egitea; nahiago, ni lehenago hil», esan du. Itxaropenerako beta Azken hamar urteotan, gero eta gehiago dira praktika horren kontra entzundako iritziak; bai kanpoan bai bertan egindako kanpainek askoren pentsamoldea aldatzen lagundu dute. Informazio gehiago izateko, geu ere Hawarekin izan gara. Berak Moptin egiten du lan, Forward Emakumeen Osasun, Ikerketa eta Garapenerako Fundazioan (Foundation for Womens Health, Research and Development), eta oso ondo azaldu digu zer-nolako arazoak dauden erauzketaren inguruko uste ustelei aurre egiteko: «Malin analfabetismoa oso zabalduta dago. Jendeak informazioa behar du, baina ez da erraza. Gainera, etnia askok, bereziki nekazariherrixketan bizi direnek, ez dute begi onez ikusten arbasoengandik errotutako ohitura hori bertan behera uztea, nahiz eta legeak kondenatu eta zigortu. Gainera, gurean sexuaz aritzea tabua da. Bizi garen gizartean, komunitateak indar handia du. Neskatoak ez dira gurasoenak; komunitatearenak dira, eta horrek baldintzatzen du erabakia». Amaiera aldera, dirulaguntzaz ere aritu da Hawa. Gobernuak elkarteari dirulaguntza txikia ematen dio. Aurrera egiteko, xaboia egiten dute, eta zera etorri zaigu burura: ea horrek praktika nazkagarri horren zikina garbitzen laguntzen duen. Hala ere, badago itxaropenerako zirrikiturik. Islamiar teologo aurrerakoi batzuen ustez, Koranak ohitura horren gainean esandakoak ez omen du inoiz praktika horren aldeko aipurik egiten; aitatu baino ez omen du egiten, eta ez da inondik inora erauzketaren aldeko apologiarik egiten. Horrek ez du lagunduko egindako kaltea arintzen, baina, behinik behin, oraingo belaunaldiak horretaz jabetzeko eta aurpegia erakusteko balio badu, gaitzerdi.