GAIAK

Willis Drummond, Chica Sobresalto edota Xabi Bandini, BBK Salaren akustikoetan

BBK Salaren ‘Gertutik’ zikloak Mikel Erentxun, Natalia Lacunza, Willis Drummond, Chica Sobresalto eta Xabi Bandini & Alberto Isabaren kontzertu akustikoak eskainiko ditu, otsailetik maiatzera bitartean.

Akustikoan ariko dira Willis Drummondekoak ere, apirilean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bilboko BBK Salak aurtengo egitaraurako iragarritako berrikuntzetako bat da ‘Gertutik’ zikloa, zuzeneko kontzertu akustikoak eskainiko dituena. Otsailetik maiatzera bitartean Mikel Erentxun, Natalia Lacunza, Willis Drummond, Chica Sobresalto eta Xabi Bandini & Alberto Isaba igoko dira aretoko oholtzara.

Mikel Erentxunek emango dio hasiera otsailaren 26an ziklo berriari. Bilbo erdiguneko aretoak hiru euskal talde eta artista nabarmen ekarriko ditu bertara datozen hilabeteetan, azken urteotan beren musika-kalitateagatik nabarmendu diren gazteekin batera jo dezaten. «Zikloak emakumeen jardunari emango dio garrantzia eta euskaraz abesten duten talde eta interpretatzaileentzat bultzada izango da», ziurtatu dute aretotik.

Abeslari donostiarraz gainera, orain arte baieztatutakoen artean daude Chica Sobresalto (martxoak 6) eta Xabi Bandini & Alberto Isaba (apirilak 10), Natalia Lacunza (apirilak 24) eta Willis Drummond (maiatzak 8).

Kontzertu guztiek formatu intimoa izango dute akustikoan edo elektro-akustikoan eta arratsalde erdian (18.30ean) hasiko dira. BBK Salaren asmoa musika-ziklo berri honen bidez publiko gaztea erakartzea da «eta nahastuko ditu, batetik, artista ezagunak eta eskarmentu handikoak, eta bestetik, musika-eszenan apustu arriskutsuago, abangoardistago eta apurtzaileagoak egiten dituzten eta kritikaren eta publikoaren interesa piztu duten beste batzuk», azaldu dute.