2021 MAR. 08 - 09:08h Historian bidaia, ahantzitako emakumeen eskutik Gure historiatik erori diren hainbat emakumeren biografiak berreskuratzeko ahalegina da honakoa. Hari askotatik tira egin behar izan dugu. Andereñoak, argazkilariak ala iraultzaileak, bizitzea nagusiki ekitea dela erakusten duten emakumeak denak. Zenbait emakumeren irudia (Kukuxumusu). Oihana Llorente Hari askotatik tira egin behar izan dugu, emakumeak historia ofizialaren sustraietan kateatuta ez dauden seinale. Lola Valverde Lamsfus Euskal Herriko Unibertsitateko historia katedraduna izan dugu emakume hauek herri oroimenetik berreskuratzeko lanetan bidaide. Historialaria ofizioz eta feminista izatez, etengabe ahalegindu da Valverde emakumeen ekarpena biltzen. Eusko Ikaskuntza eta Kukuxumuxuren arteko elkarlana akuilu, 2011n Euskal Herriko historiako 44 emakume hautatu eta euren irudiekin elastiko ederra egin zuten, emakumeen ekarpena soinean eraman eta ikustarazteko. Gehiago izan zitezkeela argi du Valverdek, baina, hiru baldintza kontuan hartuta egin zuen hautaketa hura: Euskal Herriko herrialde guztietako emakumeak izatea, garai guztietakoak eta klase sozial guztietakoak. Zerrenda hartako zortzi emakume hautatu eta euren biografietan sakondu nahi izan du Valverde beraren ezinbesteko laguntzarekin. Bizimodu ezberdina izan zuten batzuek eta besteek, garaiko zailtasunek ilundutako bideak, baina bizitzea nagusiki ekitea dela erakusten dute guztiek. INESA GAXEN Bere hizkuntza eta ohiturak tinko defendatu zituen emakume ausarta Inesa Gaxen 1566an jaio zen Nafarroa Beherako Bastida herrian, umetatik, baina, Bidasoa ibaiaren magalean, Hendaian, bizi izan zen. 18 urterekin, sorgina zelakoan atxilo hartu zuten Pierre de Lancre magistratuaren aginduz. Tortura latzak jasan zituen, eta, hala, bizitza osoan zehar bidaide izan zituen zorigaiztoko egun horietako arrastoak. Bordeleko Parlamentuan epaitu eta Daquesen preso sartu zuten Inesa Gaxen. Haren aurka probarik ez zutenez, baina, libre utzi zuten azkenean. Bere egoeran zeuden emakume askok bezala, Pierre de Lancreren gurutzadatik ihesi Bidasoa ibaia igaro, eta Irunen hartu zuen bizileku hogei bat urtez. Ondoren, Hondarribian hartu zuen aterpe eta bertan Pedro de Sanzekin ezkondu eta alaba bat eduki zuen. Zazpi urtez bizi izan zen Hondarribian Inesa Gaxen, baina zurrumurruek ez zioten bakerik eman eta hainbat haurrek sorgintzat jo eta salatu egin zuten berriz ere. Jaizkibel mendian akelarreak antolatzen zituela esan zuten, eta arrantza uxatzea eta Pasaiako portuko hainbat itsasontzi hondoratu izana ere leporatu zioten 1611ko maiatzaren 6an. Ipar Euskal Herritik ihes egindako beste emakume asko ere izan ziren garai horretan sorgin gisa salatuak Hondarribian, Mayora de Ilarra, Maria Echegaray, Maria de Garro edota Catalina Bereasarra besteak beste. Denek onartu zituzten euren kontrako akusazioak. Ez, ordea, Inesa de Gaxen berak. Jasandako presio eta estutasun guztiei aurre egin eta hasieratik bururaino ukatu zituen bere kontrako salaketa guzti-guztiak Hondarribiko Udalak maiatzaren 10ean antolatutako aurrez aurrekoan. Hondarribiko epaileek –Sancho de Ubilla eta Gabriel de Abadia alkateek eta Gabriel de Avendaño artzipresteak– Logroñoko Inkisizio Auzitegiaren eskuetan utzi zuten auzia. Bertan, baina, behin sugar inkisitoriala baretuta, aurrez ebatzitako ondasunak itzuli eta kargurik gabe libre utzi zituzten salaturiko emakume guztiak, baita Inesa Gaxen bera ere. Hondarribiko herriak ez zuen, ordea, epaia onartu. Hala, Gaxen beste sei emakumerekin batera berriz ere epaitu zuten, eta guztiak herritik bota zituzten. Hendaiako mugan utzi zituzten. Emakume horietako bat, Maria de Garro, hurrengo urtean itzuli zen bere bikotekidearekin elkartzeko, baina atxilotu egin zuten eta kartzelan hil zen. Inesa Gaxenen arrastoa, aldiz, 1611ko urrian galdu zen behin betiko, gabarraz Hendaiara eraman zuten egun hartan bertan, hain zuzen ere. Historian arakatuta, baina, bere hizkuntza eta ohiturak tinko defendatu zituen emakume ausart baten berri izan daiteke. EULALIA ABAITUA Argazkilari handia Eulalia Abaitua euskal argazkilaritzaren bene-benetako aitzindaria izan zen. 1853ko urtarrilaren 25ean Bilbon jaio eta Bizkaiko hiriburuan hil zen 1943ko irailaren 16an. Maria Elvira Juliana izenarekin bataiatu zuten, baina, jaio eta egun gutxira bere ama hil egin zen, eta, hala, amaren izena hartu zuen omenaldi gisa, Eulalia. Eulaliaren aita, Luis de Abaitua, merkataria zen, eta, emaztea hiltzean, inude bat kontratatu zuen bai Eulalia bera bai Felipe seme zaharrena hezteko. Familia aberatseko kide, Katalunian egin zituen Eulaliak ikasketak, Sarriako Bihotz Sakratuan, zehazki. Eulaliak egindako ikasketen berri, baina, apenas dugu, eskola hartako artxibo guztiak 1936ko gudan suntsitu zituzten-eta. 1872an, Juan Narciso de Olano y Picavea de Lesaca ontzi jabearekin ezkondu zen Abaitua, eta lau seme-alaba izan zituzten. Hirugarren Karlistaldia tarteko, Erresuma Batuko Liverpool hirira joan zen bizitzera familia bizkaitarra eta bertan ezagutu zuen Eulaliak argazkilaritza. Arte honekin erabat maiteminduta, argazkiak egiteko beharrezko gailuak erosi zituen Erresuma Batuan eta argazkilaritzako teknika ezberdinak ere ikasi zituen. Behin guda amaituta, 1878 inguruan, Euskal Herrira itzuli ziren Abaitua, Olano y Picavea eta euren seme-alabak, eta txalet ingelesen tankera duen etxebizitza eraiki zuten Bilboko Begoña auzoko basilikaren ondoan: Pino jauregia. Etxeko sotoan argazkilaritza laborategia jarri zuen Eulaliak eta bertan abiatu zuen argazkilari gisa egindako bide oparoa. 1941ean, aspaldi alargundutako Eulaliak Pino jauregia utzi zuen azken urteak Bilboko Kale Nagusian igarotzeko. Bi urte geroago hil zen, 1943ko irailean. Emakumeen egunerokoaren berri Eulalia Abaitua da Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria, aurretik, bederen, ez baita beste emakumerik ezagutzen. Bere lan kutunenak zuri-beltzean eta 44x107 mm-ko kristalezko plaka estereoskopikoekin eginda daude, beste hamaika teknika ere menderatzen zituen arren. Pertsona xume eta umilak, gehienetan erabat anonimoak, ziren bere kamerarekin irudikatzen zituen protagonistak. Hori dela eta, bere lanek balio handiko dokumentu historikoa osatzen dute, garai hartako ohitura, jai eta tradizioak ezin hobeki jasotzen dituztelako. Azken batean, gure herriaren bizitzaren isla grafiko ezin hobea dira. Eulaliak, gainera, bereziki gogoko zuen emakumeak irudikatzea, baserri zein hiri eremuetako andreak, eta, beraz, euren eguneroko bizitza ezagutzeko garrantzi handia du bizkaitarraren lanak. Abaituaren lanak Bilboko Euskal Museoaren bilduman daude. Zehazki, 2.500 argazki inguru daude bertan eta horietako 1.369 eskuragarri daude une oro. 1990ean aurkeztu zen lehenengoz emakume bilbotar honen lana eta dagoeneko bost erakusketa antolatu ditu Bilboko museoak. Hiru gai jorratzen dira bereziki Abaituaren lanetan: bizitza pribatua, mundu tradizionala eta hiritarra, eta bidaiak. XX. mende hasierako emakumezko argazkilari amateur baten lana orduko argazkilari garaikideek aipatzea batere ohikoa ez den arren, Aristides de Artiñano eta Zuricalday argazkilariak bere lanetan Eulalia Abaituaren hainbat argazki jasotzen ditu, hori bai, Sra. De Olano ezizenarekin sinatuta. Alberto Schommer argazkilari handiaren begietara, «Eulalia Abaituak ez du artea arteagatik bilatzen, ez du argi jolasik edota konposizio korapilatsurik bilatzen. Bere herria maite eta hura interpretatzea atsegin du, bere begirada sentiberarekin. Benetako reporter bat da Eulalia; egun Magnun agentziako argazkilaria izango litzateke». KASILDA HERNAEZ Borrokari emandako bizitza Anarkista eta feminista ezaguna izan zen Soledad Kasilda Hernaez Vargas. Hori bai, Kasi edo Miliziana goitizenekin egin zen ezagunago. 1914ko apirilaren 9an Zizurkilen jaio zen Kasilda, eta, borrokari eskainitako 78 urteren buruan, Biarritzen zendu zen, 1992ko abuztuaren 31n. Fraisoroko umezurztegian jaio zen Kasilda, ezkongabeko amak eta umezurtzak jasotzen zituen Zizurkilgo etxe ezagunean. Ama familia anarkista eta bohemio bateko kidea zen, eta, amona, Nafarroako ijitoa omen zuen –batzuek jatorri inka zuela zioten–. Kontuak kontu, askatasun giroan hezi zen Kasilda eta berak ere balio horiek oinarri hartuta eraiki zuen bere izaera. Haurtzaroa Zizurkilen igaro ondoren Donostiara joan zen bizitzera Kasilda, bertako Egia auzora zehazki. Egian sortu zen, hain zuzen ere, Kasildak bizitza osoan bidaide izango zuen grina borrokalaria. Emakumeen eskubideen aldeko borrokak eta bere sinismen zutabe ziren balio sozialek gidatu zuten etengabe grina hori. 1931tik aurrera, CNT eta Gazte Libertarioak erakunde anarkistetako kide izan zen. Kartzela emakumeak bakarrik kontratatzen zituen enpresa batean greba deialdi bat bultzatzeagatik ezagutu zuen lehen aldiz. 1934an, lehergailuak eta propaganda anarkista garraiatzen harrapatu omen zuen Poliziak eta 29 urteko espetxe zigorra jaso zuen. Jaizkibel mendian kokatutako Guadalupeko gotorlekuan preso egon zen lehenik, eta, handik, Alcala de Henaresera eraman zuten. Lekualdaketa hura biziki presente izan zuen Kasildak bizitza osoan zehar, izan ere, Madrilera trenez eraman zuten, eta, Donostia zeharkatzerakoan, ehunka herritar hurbildu ziren trenbidera Kasildari animo mezuak helaraztera. 1936ko otsaileko hauteskundeen ondorengo amnistia baliatuta, askatu egin zuten Kasilda. Orduan ezagutu zuen bizitza osoan bidelagun izango zuen Felix Likiniano Heriz Liki anarkista ezaguna. Gerra Zibilaren hasieran Likianorekin batera Aiako Harrien eta San Martzial mendiaren defentsan hartu zuen parte Kasildak. Behin Errepublikaren aldeko indarrek Irun galduta, Lapurdira joan zen, eta, Ipar Kataluniatik barna, berriz itzuli zen Estatu espainolera. Madrilen defentsan aritu zen lehenengo, eta Aragoiko frontean ondoren. Emakumeak frontetatik erretiratzeko erabakiaren ondorioz, Bartzelonara joan eta milizianoentzako arropak josten zituen tailer batean aritu zen lanean. Behin Errepublikaren aldeko indarrek gerra galduta, La Jonquerako muga zeharkatu zuten Kasildak eta Likinianok. Saint-Cyprien kontzentrazio-esparruan sartu zituzten biak preso. Aske geratu ondoren Bretainiako Lorient hirian bizi izan ziren, euren etxebizitza erresistentzia frantseseko kideen aterpe bihurtuz. 1943an, baina, Biarritz hartu zuen bikoteak bizileku. Ipar Euskal Herriko euren etxea ere alemanen kontrako eta frankismoaren aurkako operazio gune bilakatu zuten. Gerora, Euskadi Ta Askatasuneko militante askoren bizitoki ere izan omen zen Kasilda eta Likinianoren sutondoa. Biarritzen bizi izan zen Kasilda 1992an hil zen arte. Errepublika garai gorabeheratsurako ere erabat aurrerakoia zen Kasilda eta donostiar bat baino gehiago aho zabalik eta erabat eskandalizatuta utzi zituen Groseko Zurriola hondartzan nudismoa praktikatzeagatik. Emakume iraultzaile hau erabat ezaguna egin zen Donostiako langile mugimenduan eta auzoetan. Egiako bizilagunek, adibidez, presente dute oraindik Kasildaren eredua eta «Kasildak baino potro gehiago dituzu!» esaera bizilagun askoren ahotan da oraindik ere. KATTALIN AGIRRE Comete sarearen zutabe Kattalin Agirre lapurtarra 1897ko abuztuaren 28an Saran jaio eta 1992ko uztailaren 22an hil zen Ziburun. Lamothe zen bere berezko abizena, baina Pierre de Agirrerekin ezkondu ostean Kattalin Agirre gisa egin zen ezagun. Bigarren Mundu Gerran zehar, Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek antolatutako Margot eta Nana erresistentzia sareen parte izan zen Kattalin Agirre, Comete sarearen zutabe bilakatuz. Kattalinek eta bere alaba Josephinek, Fifine, Ziburuko etxean hartzen zituzten Bidasoa zeharkatu bezperan aterpea behar zuten hegazkinlari aliatuak. Beraien lagun min Florentino Goikoetxea izan zuten ama-alabek ezinbesteko bidaide abentura arriskutsu horretan. Behin guda amaituta, domina eta omenaldi ugari jaso zituen Kattalin Agirrek gobernu aliatuen eskutik. Tartean, 1985eko uztailaren 14an jasotako Frantziako Ohorezko Legioa. Hegazkinlariak erori ziren tokian jaso, ezkutatu, zaindu, osatu, Alemaniak okupatutako Estatu frantsesa goitik behera ezkutuan zeharkatu, Euskal Herrira iritsi, Bidasoa ibaia gauez igaro eta Gibraltarren barrena pilotuak Britainia Handira heltzea ahalbidetu. Horixe izan zen Comete sareak 1941etik 1944ra behin eta berriro egin zuen lana. MARIE COULUN Euskal feminismoaren aitzindari Parisen jaio arren, Marie Coulun lehen emakume feminista euskalduna izan zen. Frantziako hiriburuan jaio zen Coulun, 1837an. Ondoren, baina, madame d’Abbadia d’Arrast gisa ezagunagoa egin zen, izan ere, 21 urte zituela Charles Abadia Urrustoirekin ezkondu zen, besteak beste lore jokoak eta euskal festak antolatu zituen Anton Abadia Urrustoi geografo, astronomo eta kultur eragile ezagunaren anaia gaztearekin –d’Abbadia d’Arrast frantses izenarekin ezagutzen zen familia–. Charles, Marie eta bikoteak eduki zituen seme-alabek familiak Baigorrin zuen Etxauzko gazteluan igarotzen zuten urtearen zatirik luzeena; gainontzeko hilabeteak, aldiz, Parisen ematen zituzten. Marie Coulon protestantea zen eta horrek zenbait arazo eragin omen zizkion senarraren familiarekin, seme-alabak ere protestantismoan hezi baitzituen. Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalak (CNFF) eta Emakumeen Eskubideen Aldeko Belgikako Ligak antolatutako Frantzia eta Belgikako lehendabiziko kongresu feministetan parte hartu zuen Marie Coulonek, CNFFeko kide gisa. Emakumeen sufragio eskubidea temati defendatu zuen Coulonek eta Askatutako Emakumeen Patronatuaren Obra taldeko idazkari nagusia izan zen. Talde horrek espetxeratutako emakumeak bisitatzen zituen eta kartzela utzi ondoren ere laguntza eskaintzen zien. Era berean, alkoholismoak emakumeei eragindako kalteen aurka lan egiten zuten zenbait taldetan lagundu zuen Coulunek. Finean, emakumeen eskubideen aldeko aktibista sutsua izan zen eta emakumeen egoera hobetzeko borroka egin zuen. Hainbat eta hainbat egunkari eta aldizkaritan iritzi artikuluak idatzi zituen, gehienetan emakumeekin zerikusia zuten gaien inguruan. Bere alaba Lisettek, gainera, amaren testigua hartu zuen gerora. Lisette Abadia Urrustoi Pauen jaio zen 1859an, eta, ama bezala, bizitza osoa emakumeen eta justizia sozialaren aldeko borrokan eman zuen. Etxauzen zendu zen 1902an, 43 urterekin. Ama-alaben ustez, «jatorrian gizonak eta emakumeak berdinak ziren, baina gerora emakumeek mendez mende inoiz berreskuratu ez duten indarra galdu zuten». Ama-alaben iritziz, biziki garrantzitsua zen emakumeek indar fisiko handia izatea, eta, horretarako, gimnasia egiten zuten egunero. Euskal Herriko mendiak oinez zeharkatu zituzten ama-alabek, eta hainbat txokotako emakumeak ezagutu zituzten horrela, baita haien bizimodu eta ohiturak ere. Gerora, idatzi zituzten idazki eta liburuetan “eskualdun emazteki azcarrak” moduan islatuko zituzten euskal emakume haiek ama-alabek, emakume euskaldunek bazutelako eurek hainbeste estimatutako indar fisiko, kemen eta adorea. Emakume horietako bat orriotara ekarritako Katalina Erauso bera zen, Marie Coulunek eredu gisa jartzen zuena bere indar fisiko, gorputz erresistentzia eta energiagatik –kontuan izan garaiko gizartearen emakume eredua andere zurrun eta ahularena zela–. Marie Coulunek euskal feminismoari egindako ekarpena aztertzeko, funtsezkoa da bere bizitzako azken urteetan argitaratutako “Causeries sur le Pays Basque. La femme et l’enfant” (Paris, 1909) liburua. Izan ere, ikerketa sakonen faltan, Marie beraren, Lisette bere alabaren eta baita Virginie Vincent de Saint-Bonnet Anton Abadiaren emaztearen ekarpenak bereizteko zailtasunak izan dira. Marie 1913an hil zen, militantziak sekula etenik izan ez zuen bizitza atzean utzita. Zalantzarik gabe, Marie Coulun eta bere alaba Lisette euskal feminismoren aitzindari garrantzitsua izan zela esan genezake. POLIXENE TRABUDUA Emakume mitinlaria Familia aberats bateko alaba bakarra izan zen 1912an Sondikan jaiotako Polixene Trabudua. Nerabezaroan Bilboko Batzokiko giroan murgildu zen etorkizunean bere senar izango zen Jose de Mandaluniz Athletic futbol taldeko jokalariarekin batera. Abertzaletasunak zeharo erakarri zuen hasieratik, eta oso azkar egin zen ezaguna gazte abertzaleen artean II. Errepublikaren garaian. Borrokalari nekaezina izan zen Polixene. Gazte Abertzaleen eta Emakume Abertzale Batzako kide, bere lehen mitina 1931n eman zuen Urduñan. 1933an, Alcala Zamora Errepublikako presidenteak Euskal Herrira egiten zuen lehen bisita ofizialaren aitzinean, lehen emakumeen manifestaldia antolatu zuen eta beste hainbat emakumerekin batera atxilotu egin zuten; hamabost egunez egon zen preso «Espainia laidotzeagatik». Bere memorietan oso gogoan ditu garai haiek: «Gaur egun erabat abertzaleak diren herritar horiek, garai hartan Euskal Herri osotik igandero euskal abertzaletasuna zabaltzen aritu ginen emakume inozente eta txotxolo baina aldi berean zintzo horiengatik da. Guk erein genuen abertzaletasuna», jasotzen du bertan. Eli Gallastegi Gudari buru zuela Yagi Yagi talde independentista Eusko Alderdi Jeltzaletik bereizi zenean, Trabuduak haiekin bat egin zuen, alderdiaren politika autonomikoa kritikatuz. 1937an gudak eztanda egin zuenean bi seme-alaben ama zen dagoeneko Trabadua eta haurdun ere bazegoen. Deustun kargaontzi batera igo eta Bordelera egin zuten ihes lehenengo. Bertatik, baina, Donibane Garazira joan eta 36ko gerraren ondorioz erbesteratutako umeen koloniak antolatu zituen Polixenek. Rouenen ere bizi izan zen, bere senarrak Rouen futbol klubarekin kontratua sinatu ostean. Alemaniak Estatu frantsesa erabat okupatutakoan, baina, Parisen hartu zuen familiak aterpe. Han izan ziren gudaren amaieraren testigu. Bretainiako futbol talde batekin senarrak sinatutako beste kontratu batek berriz mugiarazi zituen bai Trabudua bai dagoeneko jaiota zituen bost seme-alabak. 1950ean Athletic futbol taldeak entrenatzaile gisa aritzeko eskaintza egin eta onartu egin zuen Mandalunizek. Zalantza eta beldurrez beteta itzuli zen familia frankismoa bizi-bizi zen Euskal Herrira, hala gogoratzen du bederen Polixenek bere memorietan. Errealitate gordinak azkar asko eman zion arrazoia sondikarrari; Polixene bera eta senarra «aberriaren etsai» izendatu zituzten eta hilabete gutxiren buruan Athleticek Mandaluniz kargugabetu egin behar izan zuen. Polixene, denbora gutxiz izan baldin bazen ere, atxilotu eta preso izan zuten. Azkenean, 1936ko gerrako, Estatu frantseseko erbestealdiko, alemaniarren okupazio garaiko eta Bigarren Mundu Gerrako oroitzapenei agur esan, eta, itsasoa tarteko jarrita, Venezuela hartu zuen familiak aberri. Bertan ikusi zituen hezten bere hiru alaba eta bi semeak Polixenek. Profesioz irakaslea zen Polixene eta Euskal Herrian igarotako gaztaroan, Estepan Urkiaga Lauaxeta olerkari ezagunak lagunduta, Sondikako eskolako atea zabaldu zion euskarari. Venezuelan bere bokazioa berrartu eta espetxeetan jardun zuen irakasle lanetan, Maracaibon espetxe lizeo bat ere sortuz. Trabuduak Venezuelarekin izandako lotura estua izan zen bere heriotzaraino. Bertan eman zion azken agurra senarrari eta han utzi zituen seme-alabetako lau eta hamabost biloba. Polixenek, baina, Euskal Herrian igaro nahi zituen bere azken egunak, eta, hala, Unai seme gazteenarekin egin zuen itzulerako bidaia. Zeberion hil zen, 2004an. KATALINA ERAUSO «Moja alfereza» ala XVII. mendeko transexuala? K atalina Erauso, Moja alfereza ezizenarekin ezagun egin zen emakumea Donostian jaio zen, XVII. mendearen amaieran. Miguel Erauso eta Maria Perez Galarraga izan zituen guraso, eta, bere autobiografiaren arabera, 1585ean jaio zen; aldiz, bere bataio agiria 1592koa da. Antiguako domingotar mojen komentuan sartu zuten gurasoek 4 urte besterik ez zituela, Isabel eta Maria ahizpekin batera. Beste moja batekin izandako liskarraren ondorioz, baina, beloa erabat hartu baino lehen komentutik ihes egitea erabaki zuen 15 urte zituela. Abiatuarekin gizon jantziak egin eta ihes egin zuen. Handik aurrera gizonez jantzita ibili zen munduan barna eta Francisco de Loyola izena ipini zion bere buruari. Gasteizera joan zen lehenengo, Valladolidera ondoren eta Bilbon zegoela espetxea ezagutu zuen lehen aldiz. Aiurri biziko pertsona, azkar oldartzen zen iseka egiten ziotenen aurka; gainera, gaztetatik izan zituen armak gustuko. Lizarran eta Donostian hainbat hilabetez ibili ostean, 1603an Ameriketara joatea erabaki zuen garaiko euskaldun askok bezala. Esteban Eguiño osabaren galeoian txo moduan egin zuen Ameriketarako bidaia, osabak Katalina ezagutu gabe, noski. Porturatu orduko osabari 500 peso ostu eta ihes egin zuen. Ez dago batere argi Katalinak zergatik jarraitu zuen aurrerantzean ere beti gizonez jantzita, garai hartan Ameriketara joaten zirenen artean emakume asko ere izaten baitziren tartean. Testu ugari idatzi dira Katalina Erausoren gainean eta lesbiana zela aipatzen da horietako askotan. Garaiko jendartean pentsaezina zen aukera sexuala zen lesbianismoa eta horregatik uste da janzten zela gizonez. Gaur egungo begiekin, baina, transexualtzat ere jo genezake Katalina Erauso. Behin Ameriketan, lana topatzea izan zuen lehen egitekoa eta bertan zeuden euskaldunen eskutik lortu zuen. Perun, Juan de Urquizu merkatariaren laguntzari esker, Sañako janari denda batean aritu zen dendari. Sañan zegoela, baina, bere lehen heriotza eragin zuen Katalinak, hain ohikoak zituen liskarretako batean. Juan de Urquizuk fidantza ordaindu eta kartzelatik askatu zuen arren, alde egitea gomendatu zion, eta, hala, Limara joan behar izan zuen. Ordura arte emakumeekin harremanak izatea ekidin zuen arren, Liman «limurtzaile eta andrezale» gisa ezagun egin zen Katalina. Emakumeen artean maitale onaren fama hartu zuela diote haren gainean idatzitako artikuluek. Maitasun istiluek bultzatuta, baina, Txilera bidaiatu eta bertan soldadu egitea erabaki zuen. Txilen, anaia zuen Miguel Erauso kapitainaren agindupean ibili zen gudan, 1.600 gizonezkorekin batera. Anaiak ez zuen Katalina ezagutu. Anaiarekin izandako eztabaida baten ondorioz, Paicabí indigenen lurraldera erbesteratu zuten; bertan, indigenen aurka erakutsitako krudelkeria eta ankerkeriagatik egin zen ezagun. Valvidiako batailaren ostean, Katalina alferez izendatu zuten erakutsitako ausardiagatik. Alferez zela, bataila batean bere konpainiako kapitaina hil egin zen, eta, hala, berak hartu zuen agintea, arrakastarekin gainera. Aldiz, liskarrez liskar aritzen zenez, ez zioten kapitan maila eman. Ez hori bakarrik, hain ohikoak zituen liskarretako baten ostean, Miguel anaia hil egin zuen duelu batean. Azkenean, Andeetatik barrena Argentinara hanka egin zuen justiziatik ihesi. Handik ere Boliviara ihes egin behar izan zuen Perura itzuli aurretik. Hain zuzen ere, bertan eman zen jakitera azkenean emakumea zela. Liskar batean zauri oso larriak jasan ostean, Guanamangako apezpikuaren etxean babestu zen, eta, hil zorian zela, emakumea zela aitortu zion. Honek sinetsi ezinik emagin bati deitu zion, eta, emaginak, emakumea zela egiaztatu zuen. Moja alfereza eta bere historia harrigarria berehala egin ziren ezagun munduan barrena, eta, apezpikuak bultzatuta, abitua hartu zuen berriro Katalinak. Hiru urteren buruan, Europara itzultzea erabaki zuen. Espainian Felipe IV.a erregeak eta Erroman Urbano VII.a aita santuak egin zioten harrera. 1624an bere autobiografia idazten hasi zen Katalina eta hurrengo urtean ikusi zuen argia. 1630ean Ameriketara jo zuen berriro Katalinak, Mexikora zehazki. Gizonez jantzita joan zen berriro, Moja alfereza goitizenaren zamatik ihesi, izan ere, ezaguna bai, baina kritikatua izan zen oso Katalina. Antonio Erauso izena hartu zuen bere bizitzako azken urteetan Katalinak eta Mexikoko Veracruz hirian bizi izan zen, itzain gisa lana eginez. Bertan hil zen, 1650ean. ELVIRA ZIPITRIA Andereñoen andereñoa Elbira Justa Zipitria Irastortza, «andereñoen andereñoa», 1906ko maiatzaren 28an jaio zen Zumaian eta 1982ko abenduaren 26an hil zen Donostian. Abertzalea, euskaltzalea, emakumeak baztertzearen kontrako borrokalari nekaezina eta klase kontzientzia handiko pertsona izan zen arren, bizitzako beste aspektu askotan oso tradizionala izan zen Elbira. Hala, katoliko fededuna izan zen barne muinetaraino. Emakume Abertzale Batzako kidea eta militante jeltzale sutsua ere izan zen. Frankismoaren garai ilunenetan ausart jokatu zuen oso, ikastolen hazia erein eta euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak lotuz. Bizitzea nagusiki ekitea dela erakusten du bere ibilbideak. Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak nota bikainekin amaitu zituen 1926an. Azkar ekin zion lanari eta Errepublika garaian sortu zuen bere lehen ikastola, Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kalean zehazki. 1936ko gerraren eta Francoren altxamenduaren ondorioz, baina, muga zeharkatu behar izan zuen. Donostia eta Donibane Lohitzune arteko bidea arrantzontzi batean egin ostean, Sarara jo zuen. Urte gutxiren buruan, Donostiara itzuli eta gerra aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, beste ikastola bat martxan jarriz. Euskara eta pedagogia berritzailea, bi ardatz horiek zutabe hartuta, ondoren etorriko ziren ikastolen sustraiak errotu zituen Elbirak. Piaget, Freinet, Makarenko eta Montessori pedagogo entzutetsuen teoriak gurera ekartzen lehena izan zen, eta, besteak beste, neska eta mutilen arteko berdintasuna ikasgeletan praktikara eramaten tematu zen. Oso irakaskuntza metodo aurrerakoiak erabili zituen, bereziki garai hartako eskolekin alderatuta. Ikastolen alde lanean jardun zuen, heriotza arte. Baina ez zen soilik haurren andereñoa izan. Ikasleekin batera, euskaraz jardun nahi zuten irakasle-eskoletako ikasleak ere hartzen zituen Elbirak bere eskolan frankismoaren garai ilunenetan; hala, gerora etorriko ziren ikastolen hazia ereingo zuten irakasle berriek Elbirarekin egin zituzten praktikak. «Andereñoen andereño» izan zela idatzi zuen Joxemi Zumalabek Zipitria hil zenean, eta gerora asko izan dira izendapen hori erabili dutenak. «Ez dizut erakutsiko zuretzat soilik, baizik eta Euskal Herrian zabaltzeko niregandik ikasi duzuna». Horixe zen Zipitriak irakasle gazteei ematen zien mezu argia, haietako askok gogoratu izan duten moduan. Helduei euskara irakasten ere jardun zuen Zipitriak. Gau eskolak antolatu zituen, eta, batez ere, euskaldun zaharrak alfabetatzen aritu zen. Euskararen irakaskuntzan ere ekarpena egin zuen Elbirak, zehazki euskal aditza irakasteko moduan; izan ere, erdal gramatiketako terminologia iluna baztertuta, lehendabizikoz hasi zen “nor-nori-nork” paradigma hitz horiekin erabiltzen; ordura arte erabilitako sujeto, paciente, recipiente eta gisakoak atzean utzi zituen betiko. Euskara batua ez zuen sekula onartu, haren aburuz euskara jatorra baztertu eta asmakeria hutsa zen euskara batua zabaldu nahi zuten. Bere bizitzako azkenengo urteetan zio bihurtu zuen euskara batuaren aurkako gurutzada.