GAIAK
Elkarrizketa
Gurutz Aginagalde
Gainberri Kirol Heziketa

«Gainberri kirol heziketa arloko ikastetxe integrala izatea nahi dugu»

Kirol eta jarduera fisikoari lotutako profesional onak prestatzeko xedez, 2021-2022 ikasturtetik aurrera Tolosako Gainberri heziketa eskolak arlo horretako ikasketak abiaraziko ditu. Gurutz Aginagalde eskubaloi jokalari ohia da arduraduna eta arlo horietako heziketa eskaintza bateratu nahi du.

Gurutz Aginagalde

Kirol mundua gustuko dutenentzat oso ezaguna da Gurutz Aginagalderen izena. 43 urteko irundar hau eskubaloiko atezaina da; Bidasoa Irun eta Naturhouse La Rioja taldeetan jokatu zuen eta 2017an espainiar selekzioarekin jokatzera iritsi zen. Geroztik, kirol horren prestakuntzan aritu da eta CD Bidasoa-Irun klubaren lehendakari ere bada.

Tolosako Gainberri Kirol Heziketak erdi-mailako eta goi-mailako heziketa zikloak eskainiko ditu. Zergatik erabaki zenuten hemen martxan jartzea?
2019ko udan hasi ginen lanean. Tolosaldean kirol giro oso handia dagoela ikusi genuen, kirolari asko, bai profesionalak bai amateurrak eta bestela egiten dutenak. Gipuzkoan badago halako heziketa, baina Tolosaldean ez. Erakundeekin elkartu ginen eta aukera polita iruditu zitzaien, zentzua zuela eskualderako proiektu bat garatzeak.

Egitasmoa ez da lanbide heziketara mugatzen. Zer gehiago eskaini nahi duzue?
Batetik, ziklo hauek daude; bestetik, erregimen bereziko beste formazio batzuk. Kirol desberdinetako monitore edo entrenatzaile izateko orain arte federazioek eman izan dituzten tituluak aurrerantzean arautuak izan beharko dira, eta eskolara ekarriko ditugu. Adibidez, zuzendari, zuzendaritzako kide edo entrenatzaileentzat osagarri izan daitezkeenak, adibidez, programazio neurolinguistikoari buruzkoak; edo ikastetxeetan soinketa irakasle direnentzat. Fundazio bat sortuko dugu eskolaren inguruan kirol munduan dagoen heziketa guztia garatzeko. Horrekin lortu nahi duguna da ikastetxe berean formakuntza guztia elkartzea, dauden aukera guztiak hemen eskaintzea. Gainberri kirol heziketa arloko ikastetxe integrala izatea nahi dugu.

Kirola eta jarduera fisikoa egiteko joera hazi egin da azken urteotan. Horrek prestatzaile eta gidari onak izateko beharra ere ekarri al du?
Bai, behar horri erantzuteko intentzioa dugu. Orain arte, alorreko profesionalak ez zeuden ondoegi prestatuta eta Gainberrin bultzada bat eman nahi diogu. Gero eta pertsona gehiagok egiten du kirola, kiroldegietan jende gehiago dabil, eta horren inguruko profesionalak ondo prestatuta egotea garrantzitsua iruditzen zaigulako abiarazi ditugu ziklo hauek..

Behar hori ikusten al dute ikasle potentzialek? Zer nolako interesa piztu dute zikloek?
Egia esan, hasi ginenetik hainbat ikastetxetako orientatzaileekin harremanetan jarri gara eta ia egunero dei dezente izaten dugu, elkarrizketak etorri nahi duen jendearekin... Tolosa eta Tolosaldean berria da eta interes handia piztu du; baina ez bakarrik hemen, Gipuzkoako beste leku batzuetatik ere hurbiltzen ari zaizkigu. Oso pozik gaude, interes horrek guri ere indarra ematen digu, ilusioz aurrera jarraitzeko.

Zenbat plaza eskainiko dituzue?
Ez dugu mugarik, aukera daukagu talde bat osatu eta beste bat garatzeko. Aurten gugana etorritako gazte guztiak hartuko ditugu, denek ziurtatuta izango dute plaza. Uste dut hori ere garrantzitsua dela, familia asko lasaitasun horren bila datoz, ekaineko notaren zain egon behar ez dutela jakitea. Etortzen badira, plaza ziurtatuta edukiko dute.  

Zer profileko profesionalak aterako dira?
Espezialitate askotako lanpostuak izan ditzakete. Izan daitezke prestatzaile pertsonalak, kirol zentroetako monitoreak: spinning, aerobik... turismo enpresetan gidariak edota erakundeetan egiten diren lanetarako aukera ere izan dezakete. Natura inguruneko gorputz eta kirol jarduerak gidatzeko teknikariek mendi-gida izateko aukera dute; Gizarte eta Kirol Irakaskuntzako eta animazioko goi-mailako teknikariek, irakaslea edo animatzaile gizarte nahiz kirol alorrean, eta Egokitzapen fisikoko goi mailako teknikariak kiroldegi barruan, egokitzapen fisikori lotuta suertatzen diren indoor jarduera guztiak egin ditzake.

Amaitzean kirol munduko ikasketetan sakontzeko aukera ere izango dute; beste ikasketa batzuetarako sarbidea ere badira zikloak, ezta?
Gu berriak bagara ere, atzean gidatzen gaituen 20 urteko ibilbidea duen ikastetxe bat daukagu; eta ikasleen %67k baino gehiagok unibertsitatera pausoa ematen dute. Gazte asko sartzen dira kirola gustatzen zaielako, ikasketa tradizionaletan arazoak dituztelako edo oso argi dutelako kirol edo osasun alorreko graduak egin nahi dituztela. Askotariko jendea elkartzen zaigu, baina gurekin ikasita gustua hartu eta jarraipena ematen diete ikasketei. Hor dago ehunekoa, bi herenek baino gehiagok unibertsitatean bukatzen du.

Lan munduan sartzea ere erraztu nahi duzue, heziketa dualarekin.
Gipuzkoa eta Euskal Herriko enpresa oso potenteak dauzkagu gure proiektuan eta haiekin elkarlanean dualitatea aurrera eramango dugu, gazte horiek ahalik eta hobekien prestatuta egon daitezen etorkizunean lanerako pausoa emateko. Ikasle bakoitzaren beharrak eta helburuak ondo ezagutu eta horiek lortzeko jarraipen zuzena egingo dugu. Horretan bereizten gara.