2021 API. 23 - 08:54h Euskara eta naturaren balioen artean, ibilbide zuzen eta interesgarria Nazioartean argitaratutako ikerketa batek euskara eta naturaren balioen arteko loturak azaleratu ditu. Ingurumenaren zaintzan hizkuntzek duten garrantzia aztertuta, Euskal Herrian basoen balioak «harreman materialetatik haragokoak» direla ikusi dute. Urederran, ur-jauzia. NAIZ ‘People and Nature’ aldizkari zientifikoan argitaratu den BC3 euskal ikerketa zentroko eta Bristolgo Unibertsitateko ikertzaileek eginiko ikerketa batek egiaztatu du hizkuntzak baldintzatzen duela «kolektibo batek ingurumenarekin eta naturari buruzko balioekin duen harremana». Azaldu dutenez, mundu osoan azkartzen ari den bioaniztasun galerari aurre egiteko, zientzialariak naturaren balio anitzak ikertzen ari dira, baina orain arte nazioarteko ikerketetan hizkuntzen garrantzia ez da kontuan hartu naturarekiko balioak aztertzerakoan. Fokua arlo horretan jarrita, ikerketa Euskal Herriko ekialdean burutu zen 2019 urtetik geroztik, Aezkoa, Garazi, Zaraitzu eta Zuberoa ibarretan, «hango gizarteak Iratiko eta Arbailetako basoekiko dituzten balioak» aztertzeko. Euskaraz hitz egitearekin lotuta Emaitzek erakutsi dute hizkuntza «garrantzitsua» dela tokiko natura identitatearentzat eta lekuarekiko atxikimenduarentzat, eta «nortasun atxikimendua, halaber, zenbait pertsonak euskara ulertu eta hitz egitearekin lotzen dutela ikusi dute». «Nahiz eta, talde anitz izaki, euskaldunek naturari buruzko balio ezberdinak dituzten, ikerketaren arabera badago natura euskararen bidez ulertu eta gozatzen duen jende multzo bat», zehaztu dutenez. Ikerketak ehun partaidetik gora izan zituen eta erabilitako metodologian elkarrizketak eta talde eztabaidez gain balio-lehentasunak ere kuantitatiboki ikertu zituztela azaldu dute.Dylan Inglish ikerketaren egileetako batek adierazi du eskualdeko jendearekin hitz egitean «argi» zegoela balio anitzak dituztela eta «horietatik asko harreman materialetatik haragokoak» Hizkuntza eta natura zaintzeko mugimenduentzat Azaldu duenez, «Euskal Pirinioak zonalde eleanitza izaki», tokiko hizkuntza, euskara, naturarekiko harremanetan «pisuzko aldagaia ote zen» ikertu nahi zen. «Ez genekien zehazki loturarik no eta nola azalera zitekeen, baina metodologia eta datu-analisian aurreratu ahala, argi geratu zen eskualdeko jende multzo esanguratsu batek euskara eta basoa estuki lotzen zituela», nabarmendu duenez Artikuluaren beste egileetako bat den Unai Pascualen esanetan, bioaniztasunaren galerari aurre egiteko, «ezinbestekoa da» naturaren balioak hobeto ulertzea. «Naturak ondasun materialak emateaz gainera gure ongizate mental, kultur identitate eta leku-atxikimendurako ere pisuzkoa da, nahiz eta politikan berriki arte harreman hauei garrantzi eskasa eman izan zaien», agertu du euskal zientzialariak. Nabarmendu duenez, «hizkuntza eta naturaren balioen artean aurkitutako loturak hizkuntza zein natura zaintzeko mugimenduetarako berritzaileak» izan daitezke. Ohartarazi, bestalde, lotura horiek munduko beste leku batzuetan ikertzeak duen premiaz.