GAIAK

‘Agur’ kantuaren bideoklipa sareratu du Ilargi abeslariak

Ilargi abeslari lezotarrak ‘Agur’ kantua eta bideoklipa sareratu ditu. Aurrera egin ahal izateko zauriak ixtearen garrantzia azpimarratzen du kantuan. Abeslari lezotarrak datorren hilabetean aurkeztuko du bere lehen diskoa.


Ilargi abeslariak ‘Agur’ abestiaren bideoklipa sareratu berri du. Kantuan amaiera prozesuei buruz mintzatzen da lezotarra, «amaitu dela konturatzen garenetik zerbait horri agur esaten» diogun arteari hain zuzen ere. Abestiaren helburua, kantariaren hitzetan, «entzuten duen oro kateaturik mantentzen duen horren kontzientzia hartu eta askatzera bultzatzea» da.

Bideoklipa, Txoritokieta eta Jaizkibelen grabatu zen eta sormen lanetan Idoia Motiño eta Maitane Rodriguez izan ditu lagun abeslariak.

Ilargik datorren hilabetean argitaratuko du bere lehen diskoa izango dena. ‘Agur’ disko horretako bigarren aurrerapen kantua da, urtarrilean ‘Betirarte’ kantua sareratu baitzuen. Orduan aurreratu zuenez, diskoa Mutrikuko MAE estudioan grabatu du, Iker eta Haritz Laurobarekin. Konponketak lehenak, Iker Laurobak, egin dizkio. «Pandemiak grabaketaren erdian harrapatu ninduenez, etxean nituen baliabideekin, plataforma digitaletan eskuragarri dagoen ‘Utopian galdurik’ abestia grabatu eta kaleratu nuen. Ahal izan nuenean, grabazioarekin jarraitu nuen, eta azkenean, amaiturik dago nire lehen diskoa», azaldu zuen.

Zortzi abestik osatuko dute diskoa, horietatik zazpi euskaraz kantatuak. Hogei urteko musikariak gustuko dituen pop, pop-rock eta indie estiloak jorratu ditu eta horiek bidez arlo ezberdinak jorratu nahi izan ditu: «Abesti batzuek sentimenduei buruz hitz egiten duten bitartean, beste batzuek injustizia ezberdinak salatzen dituzte. Ni bezalako edozein gazte identifika daiteke jorratzen diren gaiekin, era batera edo bestera guztiok bizitzen baititugu halako egoerak», ziurtatu zuen.