2021 EKA. 01 - 13:30h Izarraitz, Gipuzkoako kostalde eta barnealdearen arteko muga Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea banatzen ditu Izarraitz mendiguneak. Kantauri itsasoa, iparrera; Urola bailara, hegora. Debatik Zumaiara eta handik Azkoitiko lurretaraino luzatzen da, hiruki antzeko bat marraztuz. Xoxoteren magalean aterpe dotorea dago, mendigune eder hau lasai-lasai ezagutzeko. Adoni Urbistondo Izarraitz mila metro goititzen da bailaratik, eta itsasora 9.75 kilometro baino ez daude Erlo tontorretik (1.026 metro). Etxetik gertu daudela jakinarazten die Izarraitz mendiguneak arrantzaleei. Erlo, Xoxote eta Kakueta dira hiru mendi garaienak. Kakuetak Azkoitia zaintzen du; Xoxotek, Loiolako basilika eta Azpeitia, San Inazioren eskultura erraldoi eta guzti; eta Erlok, Urola errekaren azken kilometroak. Xoxoteren magalean aterpe dotorea dago, mendigune eder hau lasai-lasai ezagutzeko. Izarraitz. Izar haitz. Esanahi handiko hitzak. Osoki Kantauri isurialdean dagoen mendigune handienetakoa da, Gipuzkoako ipar-mendebaldeko zati handia hartzen duena eta, mendi multzo gutxik bezala, itsaso atariraino iristen dena. Izarraitzen kasuan Itziarko kostaldean, Deba eta Zumaia arttan, Andutz gailurretik iparrera. Itsasoa eta Gipuzkoa barnealdeko bailarak: bizimodua, ohiturak ere banatu izan ditu Izarraitzek gizaldiz gizaldi. Bitxia da Urola ibaiaren bidea nola moldatu duen Izarraitzek. Zumarragan eta Urretxun behera mendiak estututa egiten du bidea errekak. Behin Azkoitian sartuta, zabaldu egiten da erreka, eta bailara, baina Azpeititik aurrera, eta Zumaian itsasoratzen den arte, estutu egiten da arroa berriro. Urola, ura eta ola hizkien batura. Burdinolek bailara hauetako biztanleen egunerokoan izan zuten garrantziaren erakusle. Euskara bera ere ezberdina da Izarraitzeko punta batean, eta bestean. Gipuzkera eta bizkaiera euskalkien muga 1.026 metroko menditzar honen harkaitzetan dagoela esan daiteke. Zestoa, Azpeiti eta Azkoiti arteko alderaketa sinplea egitea ariketa erraza da. Zestoan, Erlo puntatik 1.000 metro beherago, ogiari ogiya esaten diote. Dozena bat kilometro hegora, Azpeitian, ogiye. Eta mendebalderago, Azkoitian, ogixe, bizkaieraren eragin nabarmenarekin, dagoeneko. Gipuzkeraz mintzatzen den oro harritu egiten da azpeitiarrei attitte eta amama hitzak entzutean (bizkaierazko hitzak, biak ala biak), beste eskualde batzuetako aitona eta amona, hain zuzen ere. Marinel eta itsasgizonek ere errespetu eta miresmen handia diote Izarraitz mendiguneari. Kantauri itsasotik 9.75 kilometrora bakarrik dago lerro zuzenean, eta etxetik urrun sosen bila arrantzara joaten ziren arrantzaleak Izarraitz noiz ikusi edo sumatzeko grinarekin egoten omen ziren zain ontzian, aste edo hilabete luzeak etxetik urrun egin ondoren. Izarraitz ikusteak etxekoen usaina eta berotasuna gerturatzen zien, onik eta salbu itzultzea, itsasoaren enbata gaiztoetatik libre itzultzea, beste behin. Itsasotik bezala, Izarraitz mendigunea toki askotatik ikusten da, ondoan, edo gertu, itzal egiten dion mendi bakarra baitu: Ernio. Mila metroko beste mendi bat bilatzeko Oiz aldera egin behar da, Bizkaian, mendebaldera, edo Urola Garaiko mendietaraino, hegora, Aizkorri mendigunera. Izarraitzek hiru herri nagusi ditu: Zestoa, Azpeiti eta Azkoiti. Ba hiru mendi edo tontor ere bai, baina ez herrien distribuzio edo banaketa berarekin. Erlo, garaiena (1.026 metro). Ofizialki, Azpeitiko lurretan dago. Azpeitiarrei galdetuta, dena den, ez dute tinko defendatuko Azpeitiko mendia denik, euren mendi kuttuna Xoxote baita (912 metro). Zestoarrei galdetuta, zeharka onartuko dute Erlo Azpeitia dela, bai baina ez, eta argumentu honekin erantzun: «Igoera politena Zestoatik hasten dena da!». Azpeiti herritik apenas nabarmentzen den mendia da Xoxote, eta Erloko tontorretik ikusten den parajeak ematen dio distira. Xoxoten, San Inazioren eskultura da behatoki ikusgarriena, haren magalean, 900 metro beherago, dotore ikusten baitira Azpeiti eta Azkoiti herrietako etxe multzo, industriagune eta larreak. Kakueta da hirugarren tontorra (Kakute azkoitiarrentzat), 937 metrokoa. Hirurek dute gurutze handia gailurrean. Kakuetako igoera zuhaitz artean egiten da, hegoaldetik, eta gailurrera iristean bakarrik lortzen da Azkoitiko ikuspegi ona. Ordu pare bateko txango erraza Hain eremu zabala hartuta, hamaika lekutatik abia daiteke Izarraitz mendiguneko tontorrak igotzeko txangoa. Hiru gailurrak egun berean igo daitezke, gainera, hiruzpalau ordutan. Eta nondik abiatu? Azpeitiko herriko plazatik, ausart asko. Bertako Urreta Txiki baserritik onena, baserri bideen bitartez ordu erdiko bidea aurreztuz. Zestoako herrigunetik ere has daiteke martxa, baina autoa Ondarbaso baserritik gertu utziz gero, erosoagoa jarduna. Mendebaldetik, Attola izena duen gunetik ere oso erosoa da txangoa, 300 metro pasatxoko desnibela baino ez. Izarraitzeko sekretuen berri emateko, Eneko Etxeberria abokatua dugu bidelagun. Azpeitiko alkatea izandakoa 2011-2019 agintaldian. Herriko kaleetan barrena Scalextric-ye, herrian duten halako errepide berezi batean gora bidali du gidaria, Joxe Urbieta Takolo mendizale ezaguna zenaren baserritik Urreta Txiki baserri ondoraino iristeko. Botak jantzi eta martxa, galtzada erromatar itxura duen harri bide batetik. Azkar irabazten da altura, eta sigi-saga batzuen ostean, Xoxote inguratu ekialdeko ertzetik. Han pinu basoa deitzen diotena hasten da, konifera basoa, azkar pago baso bilakatzen dena. Basoa bukatuta, Azketako iturrira iristen da mendizalea, eroso. Iparrera Erloko gaina ageri da. Hegora Xoxotekoa, gertu biak. Iparraldera Zestoako etxeak, eta Kantauri itsasoa, eta gertuago Haitz Bakar erpina, kareharri multzo ikusgarria. Zintzurra busti ondoren, ibilera oso eroso egiten da, Azketako elurtegira iritsi arte. Azpeitian neberie esaten diote. Ia 900 metrora dago, eta bistan da belaunaldi batzuk atzera neguak egun ditugunak baino askoz gogorragoak zirela, elur biltegiko elurra eta izotza Zestoako bainuetxean erabiltzen baitzuten, gaixoak sendatzeko. 200 metro gorago aintzira bat dago. Potzuaundi izenekoa, bertakoentzat. Aspaldi euririk ez du egin, Euskal Herrian egiten duen moduan behintzat, baina aintzirak ur dezente gordetzen du. Neguko hotz egun gordinetan izoztu egiten omen da Potzuaundi. Lepoan, aukera egin behar da: Erlo edo Xoxote, bietako zein aurrena. Erlo, garaiena delako, aurrena, eta ondoren, Xoxote, hara iristeko martxa aise egiten delako. Pista batean barrena egin daiteke, Azpeitiko Loiola hoteleko biribilgunean hasten den pista bat. Orotariko autoentzat egokia, baina noski, trafiko mugatua duena, beste gidarientzat, jende pilaketak saiheste aldera. Bizikletek libre dute pasabidea, eta igoera polita, tentea du Azpeititik. Azketa lepotik ordu laurdenean iristen da Erlo. Ez da tontor ikusgarria, harri anabasa handia baizik. Urrunetik ikusita handitasun sentsazio handiagoa ematen du. Itsasoa ikusten da, Lastur eta Itziar aldeko txokoak, Ernio, eta Xoxoteko hiru gainak. Horietako batean eskultura bitxi bat dauka: Loiolako San Inazioren figura. Aterpe ikusgarria Azpeitiarrek ezaguna dute figura, baina lehen aldiz ikusten duenarentzat ikaragarria da. Hiruzpalau metroko estatua bat bailarari begira... Azpeitian Loiolako San Inaziori dioten miresmenaren erakusle. Kasualitatea edo ez, estatua Loiolako santutegiaren parean dago, ia-ia. San Inaziok halako gurtzarik merezi duen edo ez eztabaida luzea litzateke, eta eztabaidan azpeitiarrek parte hartzen badute zeresanik ez. Kontua da dotorea dela estatua, txoko ezin aproposagoa lasai egon eta Urola bailara 900 metroko balkoitik ikusteko. Eta ondoan sagardo botila eta ogitartekoa badituzu, zeresanik ez. Bakarren batek pentsatuko du, horretarako motxilan karga eraman behar! Ba ez, txango honek duen gauza onetako bat, onena ez esatearren, Xoxoteko aterpe itzela delako. Xoxote magalean dago, zuhaitz handiz inguratua, paraje lau ederrean, 885 metrora. Neguan eta udaberriko lehen erdian asteburuetan eta jaiegunetan bakarrik irekitzen dute. Bestelakoan egunero. 32 lagunentzako bi gela handi ditu, eta eskola umeek-eta usu pasatzen dute gaua bertan. Janaria eta edaria beti dago eskura, eta izerdia bota ostean disfrutatzeko gogoa izanez gero, badakizue, geldialdia egin aterpean. Zibilizaziorako buelta samursamurra egingo zaizu.