GAIAK
Wadi Rum basamortu gorriaren irudia.

Wadi Rum basamortu gorria, naturaren erakustaldi itzela


Wadi Rum basamortu gorria naturaren erakustaldi itzela da. Harkaitz muinoz jositako parajea da, lurretik jalgitzen dira iragan nomada bateko gotorleku itxura hartuta. Ekialde Ertaineko bidegurutze adierazgarrienetakoa den honetan biziberritu egiten dira antzinako kulturak.

Lawrence Arabiakoak zaldi gainean trostan zeharkatu zituen Wadi Rum basanortuaren hareatza hauek, eta bazter askotan oraindik ere gogoan dituzte haren urratsak.

Begira, jakinduriaren zazpi pilareak». Ahmedek, gure interpreteak, hatzarekin ekialderantz seinalatu du, eguzkiak txigortutako lautadan erruz nabarmentzen den mendi muino erraldoia erakutsi nahian. «Diotenez –jarraitu du Ahmedek–, hari begira aurkitu zuen Lawrence Arabiakoak bere liburuaren izenbururako inspirazioa». Oso itxura berezia du muinoak. Iparraldean Makhras arroilak banantzen du Jebel Umm Al-Ishrin handiak osatzen duen atal nagusitik, eta bere erliebeari begiratuta, zutabe sail bat dirudi, zabalera irregularreko enbor biribilduko zutabeen segida, iparretik hasita handitik txikira doana, oinarri bateratu gisako batetik zutunduz, bereiziz bost adar. Izan ere, bost horiek argi eta garbi zenbatzeko modukoak dira, baina gainerako biak norberak irudikatu behar, hegal hori higaduraren higaduraz konkor desitxuratua baino ez baita.

Egia esan, inork ez du sinesten britainiar ofizial mitiko hark orduak eman zituela hortxe eserita, bere ibilerak kontatzen dituen obraren izenburuari buruz hausnartzen. Egia da, ordea, 1917an arabiarrak turkiarren aurka matxinatzea xaxatzeko agindua jaso zuenetik, Wadi Rum ezinbestean egon dela haren izenari lotuta. Bereziki, Peter O’Toolek gorpuztu zuenetik 1962an David Leanek zuzendutako film hartan. Wadi Rum basamortuak makina bat zeluloide metro ditu, ordea, bizkar gainean, azkenetakoak ‘Marte’ lanean hartutakoak, Ridley Scott eta Matt Damonek osatutako tandemaren eskutik. Nolanahi ere, ‘Lawrence Arabiakoa’ hartan bezainbesteko handitasun, xehetasun eta ikusgarritasunarekin ez dute beste inolako filmetan erretratatu.

Begien parean ditugu wadi (ibar) zabalak, zeruertzak urratuz eta bakardadeak desafiatuz ezerezetik sortuak diruditen jebel (mendi) pusken artean zokoratuta. Awda ibn Harb Abu Tayih-ren ahotsa entzun dezakegu –Anthony Quin-ek jokatutako papera– «Aqaba-ra!» oihuka, eta konturatu orduko harkaitz eta labar irrealen gorenetik mila mihik zabaldutako zaghareet irrintziak inguratu gaitu, eta horren segidan otomandarren trenbidea zartatzen duten leherketen oihartzun sorra zabaltzen da –gaur egun iparraldeko mugaren ertzetik doan fosfatoen burdinbide berbera. Irudikapen horiekin batera gogora etorri zait Itsaso Gorriaren ertzean arabierazko Korana saldu zidan beduino zaharra, nola azaldu zidan aspaldi-aspaldi dela beste koran bat erosi ziola zeinek eta Omar Sharifek berak.

Iraganeko nomadak

Buramik haima zabal batean hartu gaitu. Azukrez ondo hornitutako edalontzietan qahweh sad dah zerbitzatzen ari da. Kafea, nomaden erara. Sartzera gonbidatu, eta suaren bueltan pilatutako alfonbra eta kuxinetan esertzeko esan digu. Edaria eskaini digu. Lehen-lehenik, aurreneko ukaldia, fonjan al thaif, bisitariari ongietorria emateko. Jarraian beste bi aldiz bete digu ontzia, fonjan al saif, edo ezpatarena hartzeko, ausardiari gorazarre eginez, eta azkenik, fonjan al kaif, umore onaren alde. Burami bedua da, beduinoa, zalabia tribukoa, eta gehienbat horiexek arduratzen dira turistekin zerikusia duten zerbitzuez basamortu honetan. Tribu gehiago ere bizi dira hemen, hala nola huweitat, sweilhieen, gedman, dbour, omran... eta denen artean ez dira iritsiko 5.500 lagun izatera.

Egindako estimazioen arabera, hogeita hamarren bat familia baino ez dabiltza jada beren artaldeekin hara eta hona, bizimodu nomada egiten. Gainerakoak sedentario bihurtuz, bizimodu tradizionala ordezkatuko dute turismoarekin, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin. Herrixka txikietan finkatuz joan dira, esaterako, Rum, Twayseh, Shakriyyek, Mensheer edo Dishe, oinarri-oinarrizko zerbitzuak dituzten zementuzko eraikuntza xumeak baino ez badira ere.

Buramik leku zoragarri batean prestatu digu kanpamentua, Jebel Rumen magalean, Jebel Umm Ejil-en txopa parean, Abu Aine inguruan, baina Lawrenceren iturritik pixka bat hegoalderago. Kanpamentua bihurgune batean dago, eta haima handi ireki bat du, estera eta alfonbrekin –hortxe afaldu eta gosaldu behar dugu–, oinarri-oinarrizkoarekin ekipatutako denda bikoitz batzuk ere bai, garbiketarako pare bat txorroko bidoia, eta komun eramangarri zenbait, nolabait esan, egoera onargarri samarrean. Ez dugu gehiago eskatzen, ez dugu gehiago behar, bakarrik gaude eta horixe da oparirik onena. Izan ere, sutondoan geldirik edo dozena bat metro ibilita, zeruan amilduz doan eguzkiaren argi nekatuak, jebelen okre motelaren aurreko itzal artegagarriek edo izarren ñirñir isilak arnasaldi magiko bihurtzen dute hasperen bakoitza, eta harmonia berezi batez blai eginda eta gainezka bukatzen dugu.

Edertasun sinesgaitza

Gure kokalekua ikusgarria dela esatea erredundantzia hutsa da, egia esan, Wadi Rum osoa delako halakoxea. Basamortu honek ez du parekorik. Parajea janzten duen edertasun borborkari eta basati horrek sentimendu kontrajarriak jartzen dizkizu parez pare, egonezina eta abaroa, estutasuna eta jaretasuna, hain dira hain bereziak hemengo paisaiak.

Duela milioika urte itsas hondoa izan bazen, gaur egun ozeano horren beraren metafora fosil baten modukoa da, non hamada itsasoa den, erg txikiak olatuak diren eta hareharrizko harkaitzak uharteak diren errealitateari eta denboraren iragateari buruzko katramilen labirintoa osatuz. Gure buruen gainean 500 metroraino eta gorago iritsiz, ibar biluzi eta ia-ia apokaliptikoen amarauna eratzen dute. Ertzetan, labarrik labar, terrazak itxuratzen dituzten makina bat zurkulu, zubi natural eta siq edo arroila mehar deskubritu ditugu, eta gure begiradari joaten utzi diogu, zizelkatzeko haizea erabili duen natura horren dotoreziaren liluran erortzen, eta irudimenak sekretutzat jotzen dituen lekuetara lerratu ditugu gure urratsak.

Jebelak inflexio puntu bat dira, dirdira artean lausoturik beti desagertzearekin mehatxu egiten duen perspektiba bakarraren inflexio puntu. Batzuetan sendo eta gotor agertzen zaizkigu beren itxurazko konpaktutasunean; beste batzuetan, badirudi grabitateari ziria sartu diotela, kaos ulergaitz betean; eta beste batzuetan, aldarte zirtolari moduko baten harrigarriaren harrigarriaz, badirudi txirikilo dentsoetan desegiten doazela, harrizko izan beharrean ezkoz eginak balira bezala, harkaitz bat urtuz doana eguzkia eta denbora eskultore apetatsu baten plantak egiten ari balira bezala, helburu bakartzat hartuta gotikoa deseraikitzea dalitar umore zentzuarekin.

Txango laburrak nahiz ibilbide luzeak egin, oinez, 4x4 ibilgailuetan edo gamelu gainean, baita eskalatuz ere, beti dago zer deskubritu, ez dago mugarik. Barrah-ko arroila, Jebel Umm Ulayydiyako harea duna gorriak, Makhman eta Umm Tawagiko arroilak edo Wadakeko harrizko zubiak eta batez ere wadiaren gainean 80 metroko jauzia ematen duen Umm Fruth, horiek ikusi eta jabetuko gara mundu honetan sinesgaitzenak ere lekua duela.

Ura, mirariaren egile

Eta horrek guztiak altxor moduko bat gordetzen du bere baitan, antzinako kulturen aztarnak; izan ere, Arabiaren eta Mediterraneoaren arteko igarobide saihetsezina izanik, Wadi Rumi ez zaio inoiz arrotza egin gizakiaren presentzia. Ez gaitzala engaina gainazalaren latzak. Ondo erreparatuz gero, berde bizi baten trazak hautemango ditugu han-hemenka loratzen. Ura da mirariaren egilea, halako zoru idorrean ugaria den urak, eta horrexek bihurtu zuen itxura batean ezerezaren puska den hau basamortuetan denik eta zoragarri eta estimatuena.

Nabateoak Wadi Rumen jaun eta jabe ziren K.a IV. menderako, akuiferoen kontrola beren gain hartuta, eta hein horretan, karabanen joan-etorriena ere bai. Garai hartako testigantza da Allat jainkosari eskainitako tenplu txiki bat, Rum herrixkatik oso gertu. Baina gizakiaren aztarna zaharragoak ere badaude, gutxienez, duela 2.600 urtekoak, eta horietako batzuk ezin interesgarriagoak, hala nola Jebel Faishiyyako eta Jebel Khazaliko inskripzio tamudikoak. Arabiar kulturaren aurreko hizkuntza horren trazuak, beste inskripzioeta petroglifo batzuekin elkartzen dira, nabateo eta beduenak, eta horma horiek grafiti intenporalen kronika moduko bat bihurtzen dira.

Ilunabarrean txoko polit bat bilatu dugu eguzki amandreak zeruak eta lurrak, zoruak eta mendiak gorriminez nola tindatzen dituen ikusi ahal izateko. Eguzkia ezkutatu bitartean basamortuko iluntasun izoztuari bide emanez, biharamunean argi berrituarekin eta gogoberrituta harrituko gaituela jakinik, gogora ekarri ditugu Arabiako Lawrenceren hitzak nostalgia aurreratuarekin: «Inork ezin du bizimodu hau eraman eta bertatik aldatu gabe atera. Axaletik bada ere denek atxikia eramango dute desertuaren zigilua, nomadak markatzen dituen lotura hori, eta beren baitan izango dute itzultzeko premia, ahula nahiz setatsua, norberaren izaeraren arabera.