2021 EKA. 03 - 10:30h Kanpalekuarekin baina doako espaziorik gabe ospatuko da aurten EHZ jaialdia Irrisarri izanen da berriz EHZ jaialdiaren kokagunea 25. urteurren honetan, baina aurreko edizioan ez bezala, plazara sartzeko ere ordaindu egin beharko da eta osasun neurrien ondorioz eguneko 3.000 lagun soilik sartu ahal izanen dira uztailaren 2, 3 eta 4an. Aldiz, kanpalekua baimendua izan da. Euskal Herria Zuzenean jaialdia Irisarrin ospatu zen aurreko edizioan, aurten bezala. (BOB EDME) NAIZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 24. edizioa bezala, mende laurden honetakoa ere Irisarrin ospatuko da, baina osasun neurriak direla eta aurrekoarekiko aldaketa batzuk izanen dira uztailaren 2, 3 eta 4an. Aurrekoan, herriko plaza denei irekia izan zen, baina oraingoan ez da posible izanen, eta egunero 3.000 pertsonek soilik hartu ahalko dute parte. Aldiz, berri onak ere badira, kanpalekua izatea baimendu dute Prefeturatik, eta kontzertuak zutik ikusi ahal izanen dira, maskara jantzita izatearen baldintzarekin. Espazio guztian sartu ahal izateko ordaindu behar izatea eta espazio osoa hetsia izatea derrigorrezkoa izatearen ondorio da, bertara sartu ahal izateko pase sanitarioa aurkeztu behar izanen baita, hau da, 48 oren gehienez duen PCR edo antigeno test negatiboa, txerto osoa edo covid-19a sei hilabete barne pasatua izatea erakusten duten agiriak.Azken neurri hau betetzea bertara joaten direnei eta laguntzaileei ere eskatuko zaie. Eta aurten, baldintza bereziak betetzen direla ziurtatzeko ohi baino laguntzaile gehiagoren beharra badela nabarmendu dute antolatzaileek, hori dela eta dei zabala egin dute 400 pertsona behar direla jakinarazteko. Euskal Herriko programazio aberatsaJaialdiaren aurkezpena maiatzean egin zutelarik, bertan izanen diren artista guztiak Euskal Herrikoak izanen direla aitzinatu zuten antolatzaileek, baita izen batzuk aurreratu ere. Oraingoan, «kalitatezko eskaintza aberats eta anitza proposatzeko xedearekin rap, rock, pop, reggae edota metal doinuek» osatzen duten zerrenda osatuagoa aurkeztu dute. Chill Mafia, Ruper Ordorika, Potato, Kuartz eta Torheit taldeekin batera Rüdiger, Physis vs Nomos, Entrexatak, Zea Mays, ProleteR, Tiktara, Rukula eta Fétiche izanen dira agertoki gainean. 25. edizioa iaz ospatu behar zen, baina pandemia dela eta bertan behera utzi behar izan zuten, hori dela eta urteurrena ospatzeko ekintza bereziak aurten izanen dira, nahiz eta oraindik denak zeintzuk izanen diren ez duten jakitera eman. Egunean zehar izenen diren tailer eta mahai-inguruetan gaia landuko da, baita kultura eta artearen funtzioak, etxebizitzaren arazoa, krisi ekologikoa eta Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua. Tailer horien artean eraso sexisten kontrakoak ere izanen dira, jaialdiko brigada ubelen eskutik. Sarrerak merkeago salgaiEkainaren 18ra arte hiru egunetarako sarrerak 45 euroan salduko dira, bertan erosita baino hamar euro merkeago alegia. Egunka erosteko aukera beranduago emanen dute. Sarrerak EHZren webgunean eskuratu daitezke; bertan bada ere laguntzaile izateko izena emateko aukera.