2021 EKA. 09 - 14:11h 20 urteko lozorrotik atera da -Gailu taldea eta disko berria iragarri dute 1997an sortu zuten Abrego anaiek -Gailu taldea. Urte gutxi geroago, ordea, jardunari eten zuten eta orain, 20 urteren ondoren, berriz ere itzultzeko erabakia hartu dute Drake lagun dutela. ‘Baserritar bati entzun ondoren’ kantuaren bideoklipa aurkeztu dute eta ekainaren 18an etorriko da lan berria. Iker Gurrutxaga Lozorroan 20 urte eman ostean, berriz ere elkartu eta disko berria kaleratuko duela iragarri du -Gailu taldeak. Abrego anaiak, Okene eta Mikel, eta Drakek ekainaren 18rako iragarri dute beren lan berria, ‘Begiak, egiak ba ote?’ deiturikoa eta bIDEhUTS zigiluarekin aterako dutela ere aurreratu dute. «Entsegu lokalean egindako esperimentazio eta jolasen fruitua da berpizte hau» esan dute -Gailu taldekoek. Ahotsa, bateria, baxua eta sampler desberdinak izango dira diskoan entzungo diren soinuak eta dagoeneko bideoklip bat kaleratu dute ‘Baserritar bati entzun ondoren’ kantuarena. Pablo ‘Txikia’ Zubiarrainen hitzak ditu abestiak eta Larrabil baserriko Jeronimori eskaini diote ikus-entzunekoa. Ideia originala eta zuzendaritza lanak Okene Abregorenak dira eta Itziar Lamuedra eta Rosa Zozaya aritu dira irudiak grabatzen. Abestia, berriz, 2020ko udazkenean grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan. Doinu urbanoen bueltan dagoela esan daiteke kantua eta nostalgikoenei denboran atzera egiteko ere balioko die kantuko ahotsak entzun bezain pronto. Hasiera hartan Abrego Anaiek Javi Pez izan zuten lagun eta 2002ko ‘Kutxa beltza’ diskoan kolaborazio zerrenda luzea osatu zuten, tartean Drake. Ea zer dakarren disko berriak.