2021 EKA. 12 - 09:33h Innsbruck, Maximilianotik 500 urtera Pandemiak Maximiliano I.a Habsburgokoaren heriotzaren 500. mendeurrena ospatu berri harrapatu zuen Austriako Innsbruck hiria. Ez da harritzekoa ospakizuna, Innsbruck bere erreinuko hiriburu bihurtu baitzuen Maximilianok eta bertako monumentu historikoen eraikuntza bultzatu baitzuen. Innsbruck hiriko panoramika. (GETTY) Ana Isabel Vega (Argazkiak: Gonzalo Azumendi) Inn ibaiak indartsu egiten du talka Innbücke zubiarekin, Innsbruckeko alde zaharraren bihotzean. Tokikoak ohituta daude oso. Izan ere, mendietan elurte handiak baldin badaude udazkenean edo udaren hastapenean, ibaiaren emaria nabarmen igotzen da, eta, kolore gris-marroixka hartuta, enborrak, adarrak eta bidean harrapatutako guztia eramaten du indartsu, korronte eta zurrunbiloak sortuz Himalaiako ibaien pare. Ikusgarria da uraren indarra ikustea, eta, horregatik, mendetan zehar errepikatutako naturaren ohiko zikloaren emaitza besterik ez bada ere, herritarrek ibaiertzetan biltzen jarraitzen dute ikuskizun mehatxagarriaz gozatzeko asmoz. Gu adi-adi begira gauden honetan, emaria gero eta handiagoa da, eta jada zentimetro gutxi batzuk baino ez dira geratzen ibaiak gainezka egin eta Innsbruck Alpeetako Venezia bilakatzeko. Hiria Maximiliano I.aren (1459-1519) heriotzaren 500. urteurrena gogoratzeko ospakizunen ekitaldietan murgilduta egon da azkenaldiotan –mundua hankaz gora jarri duen pandemiak baldintzatuta, betiere–. Habsburgo dinastiako kidea izan zen Maximiliano, hau da, Europan 800 urte nagusi izan zen eta munduko historian mugarri izan zen dinastia bateko kide. Lurralde hedapenak, gerrak, erabaki politikoek baldintzatutako ezkontzak... izan ziren Maximilianoren botere gero eta handiagoaren ikur, baina baita ondorengo bere gainbeherarena ere. Hori bai, zalantzarik ez dago Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea izatera iritsi zen Maximiliano I.aren erreinaldian finkatu zela Habsburgotarren nagusitasuna. Paseo bat Maximilianoren eskutik Habsburgotarren aztarnak begien bistakoak dira Innsbrucken: Jauregi Inperiala, Gortearen Eliza, Urrezko Teilatutxoa edo Ambrasko Gaztelua iragan loriatsuaren lekuko ezin hobeak dira. 1500. urtean Maximiliano enperadoreak Innsbruck bere erreinu erraldoiaren hiriburu ekonomiko eta politiko gisa aukeratu izanak ekarritako aldaketa politiko eta ekonomikoen aztarna ere ukaezina da hirian. Erabakia ez zen kasualitatea izan: enperadorea abenturazale kartsua zen eta ehiza eta Tiroleko paisaia alpetarrak maite zituen. Arrantza ere gustuko zuen, eta, hain zuzen ere horregatik, Alpeetako lakuetan Danubio ibaiko amuarrainak sartu zituen –Inn ibaia Danubioren adarra da–. Amuarrain horiek ez dira beste amuarrain espezie batzuekin gurutzatu, eta, ondorioz, Danubioko amuarrainen nolabaiteko erreserba genetiko bihurtu dira denborarekin. Maximiliano bi aldiz ezkondu zen. Lehen aldiz, guztiz maiteminduta, Maria Borgoinakoarekin ezkondu zen. Ezkonbizitza zoriontsua izan zuten, baina laburra oso: Maria zalditik erorita hil zen bikotea ezkondu eta bost urtera. Maximiliano berriz ere ezkondu zen, oraingoan Bianca Maria Sforza Milango dukearen alabarekin. Bigarren emaztea hautatzerakoan, baina, ez zuen maitasuna lehenetsi, arlo ekonomikoa baizik: Bianca Maria Sforzaren dotea izugarri oparoa zen. Bi ezkontza horiek Urrezko Teilatutxoan irudikatuta daude, hau da, sutan urreztatutako kobrezko 2.657 teilak osatutako teilatu ezagunean. Urrezko Teilatutxoa 1500. urtean eraiki zuten mende aldaketa ospatzeko eta munduko begiratoki ezagunetakoa bilakatu da denborarekin. Iaz, Innsbruck Europako kulturaren hiriburu bilakatu zuen enperadorearen bizitzari buruzko erakusketa hartzen duen museoaren parte ere bada Urrezko Teilatutxoa. Gortearen Elizan Maximilianok betiko atseden hartzeko bere buruarentzat eraikitako panteoi ikusgarria bisita dezakegu. ‘Beltzezko Gizonez’ inguratutako kripta ederra da; eskulturok enperadorearen bi emazteak, beste senitarteko batzuk eta Arturo errege mitikoa bezalako pertsonaia bertutetsuak irudikatzen dituzte. Deigarria da 28 ‘Beltzezko Gizonetatik’ zortzi emakumeak direla. Kripta ikusgarria da oso, baina egiatan inoiz ez zen Maximilianoren gorpua hartzera iritsi, enperadorea bertatik 500 kilometrora ehortzi baitzuten azkenean, Vienatik gertu. Profezia baten parte izango balitz bezala, Maximiliano bera Innsbrucken izan zen azken aldian ere, ezin izan zuen hirian atseden hartu. 1518ko azaro hotz batean izan zen, eta hiriko ostalari guzti-guztiek uko egin zioten Maximiliano eta 400 pertsonako bere segizioa aterpetzeari. Ordurako nazka-nazka zeuden guztiak Maximilianoren ez-ordaintze eta zorrekin eta enperadoreari ostatu ez ematea adostu zuten. Elurraren eta modernotasunaren hiria Innsbruckeko alde zaharra Maximilianoren urratsak jarraituz ezagutzea, nolabait, «paseoaren hirira» itzultzea da. Izan ere, Maria-Theresien etorbidea beti izan da ikusi eta ikusia izateko gunea, den-dena bertan gertatzen baitzen iraganean eta oraindik ere bertan gertatzen baita: dendak, kafetegiak eta dibertsioa aurkituko ditugu fatxada koloretsuz eta arkupez betetako etorbide ederrean. Maria-Theresien etorbidetik, urrunean, eski-jauziak egiteko Bergiseleko tranpolin ezaguna ikusten da. Zaha Hadid arkitektoaren obra da eta 2001ean eraiki zuten. Goizetan, kirolariak jauzi ikusgarriak egiten ikusteko aukera dago 1809 jatetxe panoramikoan, noski, austriar ardo bat hartzen dugun bitartean. Jatetxearen izena ulertzeko, kontuan izan behar da 1809. urtea historikoa dela oso lurrotan. Data horretan Bergiseleko bataila odoltsuak izan ziren, eta bertakoek ez dute ahazteko tiroldar matxinoek frantziar armada garaitzea lortu zutela. Tirol Panorama museoan 1.000 metro koadroko margolan panoramiko erraldoi bat ikus daiteke, argazki zirkular izugarria balitz bezala, Bergiselen gertatutakoa irudikatzen duena. Hungerburgbhan funikularraren geltokiak ere Zaha Hadid arkitektoarenak dira. Txoriak edo ausaz sortutakoak diruditen izotz egiturak ekartzen dituzte gogora. Innsbruckeko erdigunetik bertatik abiatuta arkitektura modernoan barna ibilaldia egiteko aukera eskaintzen digute geltokiek; bi teleferikorekin lotura eginez gero, Nordkette mendilerroaren gailurrera iristeko aukera ere izango dugu. Teleferikotik jaitsi eta oinez paseo txiki bat eginda, 2.234 metroko Hafelekar mendiaren gailurrera iritsiko gara. Behin bertan, nola ez, ezinbestekoa da gailurreko argazki bat ateratzea sare sozialetan partekatzeko. Gailurretik, Alpeen bihotzetik bertatik, hiria gure oinetan ikusiko dugu, 30 minutu eskas lehenago atzean utzitako hiria. Baina hirigunetik ihes egin eta Tiroleko mendi ospetsuez gozatzea baldin bada gure nahia, Trek ibilbidea da zalantzarik gabe gure hautua. Astebeteko txangoa egiteko aukera eskaintzen digu, bizkarrean motxilarik eraman beharrik gabe gainera! Ibilbide guztiz malgua da, eta, eguneroko etapa abiatu aurretik, bi zailtasun mailaren artean aukeraketa egin daiteke. Hautatzen dugun etapa hautatzen dugula, mendi gidari bat izango dugu alboan, baita hiriko gure hotelera itzultzeko autobus zerbitzua ere. Innsbruck Trek ekimenaren helburua Alpeetako ibilaldi ederrenak aterpetxeetan lo egin eta motxila bizkarrean ibiltzerik nahi ez dutenen eskura ere jartzea da. Ezin aipatu gabe utzi Area 47 abentura parkea ere. Europako handiena da eta abentura eta aire zabaleko 35 kirol baino gehiago eskaintzen ditu: rokodromoak, tirolinak, salto egiteko askotariko gailuak... aurkituko ditugu. Adrenalina askatzeko gune ezin hobea da. Tranpolinez eta txirristaz betetako igerileku ugari ere eskaintzen ditu parkeak, ura etengabe 20 graduko tenperaturan dela gainera. Parketik kanpo, Inn ibaian rafting egiteko aukera izango dugu, edo arroila jaitsiera bikainak egitekoa, edo Ötzal bailaran espeleologia egitekoa... Mendi ibilaldien eta emozioz betetako kirol jardueren ostean, gertu-gertu aurkituko dugu gure hurrengo helmuga: Aqua Dome arkitektura txundigarriko bainuetxe modernoa. Alpeetako hirumilakoak parez pare ditugula ur termaletan erlaxatzea plazer izugarria da. Igerilekuz, jacuzziz, saunaz... betetako 5.000 metroko ingurune ederra aurkituko dugu, tartean, lurrotan oso ohikoa den nudismora bideratutako gune handi bat. Heldu da gure bidaiari amaiera emateko unea. Noski, oroigarri bat etxera bueltan eramatea ezinbestekoa da, zerbait berezia: izotza edo Tirol bera den «harribitxia» inspirazio dituen Swaroski etxearen egoitzan azken geldialdia egingo dugu. Innsbrucketik oso gertu dago eta benetan merezi du bertako museoko lorategiak ezagutzea. Swarovski etxearen kristalezko munduak ezagutzen ditugun bitartean, laku eder bat aurkituko dugu, kristalez osatutako lainoak gainean dituen laku paregabea.