2021 EKA. 21 - 06:15h Elkarrizketa Amaia Zubiria Kantaria «Saiatzen naiz nostalgiak ez jaten uzten, eta batzuetan lortu ere bai» Donostiako Udalaren Adarra saria jasoko du gaur Amaia Zubiriak. Hasierak ez zituen errazak izan –etxekoek ez zuten bera kantari aritzerik– baina berak ez zeukan beste biderik, musikak bizi zuen. Eta dakien modu hoberenean emango ditu eskerrak gaurko ekitaldian, agertokira igoz. Amaia Zubiria kantariak ibilbide luzea du euskal musikaren eszenan. (Ander GILLENEA)) Xole Aramendi Errioxan egin du bere txokoa Amaia Zubiriak (Zubieta, 1947). Haro ondoan bizi da azken urteotan. Telefonoaren bestaldetik adeitsu erantzun dizkigu galderak. Osasuna ez du lagun izan bolada batez baina horrek ez dio irribarrea kendu. «Edozein toki da ona duintasun pixka bat ematen badizu. Saiatzen naiz nostalgiak ez jaten uzten eta batzuetan lortu ere bai», azpimarratu du. Ezta aurrera egiteko indarra ere. «Egoera txarretan ez dago aurrera egin besterik. Halako adorea ematen dizu», gaineratu du.Donostiako Udalaren Adarra Saria jasotzeko ekitaldia egingo da gaur. Ziklo bati agur esateko ordua iritsi denaren sentipena dauka Zubiriak. Egun berezia da, zuzeneko emanaldia eskainiko baitu ekitaldian. Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada eta Luis Camino... alboan izango dituen musikarien zerrenda luzea da. Hainbat kolaborazio ere izango ditu Zubiriak: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Ainara Ortega, eta Jon Maia eta Maialen Lujanbio bertsolariak. Eszenan, gainera, ondoan izango du Edorta semea ere, eta publiko artean Amagoia eta Naiara alabak eta sei bilobak. Ziklo bati agur bai, baina ez musikari.Osasun arazoak izan dituzu azkenaldian. Bai, bi urtez gaixorik egon naiz, erdi ohean egon naiz. Bihotzak huts egin zidan, arnasak ere bai... uste dut bizitza osoko nekeak, penak eta gabeziak gehituz doazela... adinarekin kargatzen doan zakua da. Momentu honetan ondo aurkitzen naiz. Batez ere ez dut maite kexarik, ez inori kulparik botatzerik ere. Bizitza horrelakoa da. Nire amak hala esaten zuen, ‘dena guretzat egina dago’.Behartuta geldirik egotea nola eraman duzu?Oso gaizki! Nik zaharrean zaintza ikasi nuen eta horretan lan egin izan dut. Asko maite dut, nahiz nekosoa den. Baina gaixo bezala desastrea naiz! Oso gogorra egiten zait onartzea gaixorik nagoela!Sariak alaitasun pixka bat ekarriko zizun...Harridura behintzat bai! Ez neukan sariaren berririk. Mundutik pixka bat aparte nenbilen, egia esan. Kontzertuak egin bai, baina ez dut sozializatzen. Errekonozimendua da, ni hor egongo nintzen zerrendan nire urteak ditudalako, baina politena sariarekin eman diguten aukera da. Kontzertu handi bat egingo dugu eta nirekin lan egin dutenak egongo dira. Ez denak, hori ez da posible, batzuren berririk ez dut une honetan. Baina adiskidetasuna askorekin gorde dut eta ahalik eta gehienekin emanaldia egin nahi izan dut. 1977. urtean musikan hasitako zirkulua itxiko dut. Disko dezente egin ditut nire ibilbidean, asko gustatzen zaizkit sortu ditudan kantak... horixe da nire lanaren emaitza. Eta musikaz aparte, zaintzaile lanetan ze pertsona zaindu ditudan, zenbat eman didaten... izugarri!Gaur ondo lagunduta egongo zara agertokian. Bai, zorte handia izan dut pertsona horiek denak ezagutzeaz. Hilda edo eri daudenak ere bertan egongo dira. Kantu lehiaketetan aritu izan direnek ere bai, eta nola ez, hain gustukoa dudan bertsolaritza. Bizitzak asko eman dit. Horrela sentitzen duzu, bizitza ondo portatu dela zurekin?Nik sentitu dut karma. Nire erabakiak batzutan ez dira onenak izan baina beti hartu izan ditut onena egiten nuela pentsatuz. Eta hori gerazen zaizu barruan. Ez dago damurik, sekulan ez! Eta horrek oreka sentsazioa, pozgarria, uzten dizu. Semearekin emanaldiak egiten jarraitzen duzu?Urte dezente pasa ditugu elkarrekin. Bikote izan gara –emanaldien arabera taldetxo bat ere osatzen genuen– eta orain berak baja eman du, ama berreskuratu nahi du. Kantariak asko egongo dira, baina ama bat bakarra daukagu [barreak]. Lanean ari garenean ez gara nahiko genukeenak, pixka bat gogor eta exigenteak jartzen gara... Musika zer da zuretzat?Oso zaila da hori definitzea. Eszena gainean etxean bezala sentitu izan naiz. Nire beldur guztiak uxatzen ziren, gustura sentitzen nuen, inprobisatzeko beldurrik gabe, gainera. Musikariek ere eskaintzen zidatena beti zen ona, sendagarria. Musikak dena eman dit.Nire amak esan zuen mutu jaio nintzela, hilda bezala. Eta negarrez hasi beharrean, indarrik ez nuenez, kantari bezala hasi nintzela, intziri txikiak eginez. Nire etxean edozein gauza txar gertatu ondoren kapaz ginen denok kantari hasteko, e! Kantua oso inportantea izan da gurean. Une pozgarri zein tristeetan beti lagun... Bai, lagun, sekula ez etsai. Atzera begira jarrita zein sentipen duzu egindako ibilbideaz?Nik ez dut osperik bilatu, alderantziz. Nik ez nuen famatua izan nahi, kantaria baizik. Eta lortu nuen. Fama izateko gustatzen ez zaizkigun gauza asko egin behar dira eta horiek sekulan ez ditut onartu. Ni konformatu naiz hori dena kendu eta lortzen nuen guztiarekin, zeren asko zen. Bidea zaila izan da?Eskola 11 urtetarako utzi behar izan nuen. Ezkutuan –etxean ez zidaten uzten–, zuzen-zuzen, musikara jotzen nuen. Lana egin eta gauez irratiko lehiaketa bazegoen, ni, isil isilik, hara joango nintzen. Hamasei urterekin aurkeztu nintzen lehen aldiz Bellas Artes-eko lehiaketara, ileapaintzailea nintzen. Niretzat ezinezkoa zen ez joatea, zerbaitek atzetik bultzatuko baninduen bezala zen. Gero egunkariaren edo irratiaren bidez etxekoek jakiten zutenean, jipoia hartu eta berriz aurrera egiten nuen. Kantu tradizionalaren bidea hartu zenuen. Nire kantak egiten hasi nintzenean oso tresna gutxi nituen. Ez nekien musika irakurtzen, ez beste ezer egiten. Eta kantu tradizionala, aldiz, banakien. Etxean beti kantatzen zen. Bertso zaharrak, elizako kantak –laster aparte arren kantak beti maitatu izan ditut– eta altxorra da. Egia da euskarak lotsatu egiten ninduela. Bizi egin behar zen garai hura! Nik hainbat hizkuntzatan nekizkien abestiak baina euskarazkoak existituko ez balira bezala bizi nituen. Bellas Artes-eko kanta lehiaketara joaten nintzen beti eta han entzun nuen lehendabiziko aldiz Benito [Lertxundi] kantatzen. Han erderaz kantatu behar zen eta berak ondoren euskaraz egiten zuen beste kanta bat. Eta hori posible zela ikusteak eta hain polita kanta zitekeela ikusi nuen, sentitzen hasi nintzen zenbat neukan barruan eta zenbat egin nezakeen horrekin. Ez zen bapatean etorri kontzientzia, pixkanaka baizik, baina han sortu zen, horretaz seguru nago. Nik herriz herri jarraitzen nuen Benito, eta lau katu izaten ginen baina han egoten nintzen. Oso garrantzitsua izan da niretzat. Gero, 19 urterekin ezkondu eta hamar urtez musikatik aldenduta egon ondoren bueltatu nintzen, haurrak koskortuta zeudenean. Kantu tradizionala gaurkotzea izan zen zure asmoa? Hasten zarenean iruditzen zaizu berritzen ari zarela baina dena dago asmatuta. Berritzeari ez diot hainbesteko garrantzirik ematen. Berria, zaharra, zer da? Kanta da. Musika sortzerakoan garrantzitsua dena da zerbait esateko izatea. Benetazkoa, zuk sentitzen duzun zerbait izatea. Eta gero, ahal bada, zure hizkuntzan. Gaur egun etena dago euskal kulturaren transmisioan. Kezkatzen zaituen zerbait da? Gazteeek ez dute zertan entzun guk entzuten genuena. Oxala denetariko gustuak zabaltzen badira, libre sentitzen badira aukeratzeko. Euskaraz izateagatik ez du zertan hobea izan. Noski, ona izan daiteke eta euskaraz, gainera. Oso ondo! Erakargarri egiten ez badiogu gazte bati, ez du entzungo. Eta ez dut porrota bezala bizi, horrela da. Gazte asko ari dira kulturaren barruan gauza desberdinak egiten eta hori sekulakoa da. Enbidiagarria ere bada, guk ez bezala entseatzeko lekuak dituzte... Horretarako ibili gara arlo askotan ziria sartzen, eta bapatean badator. Ikusi, probatu... egin behar dute. Melodiak eta hitzak idatzi izan dituzu. Jarraitzen al duzu? Bai, bolada batzuetan ez zait tajuzko ezer ateratzen, baina ez dut etsitzen. Idatzi eta idatzi... aterako da zerbait ona. Ez dut hainbeste sufritzen eta ez dut hain kanta serio eta gogorrak egiteko beharrik. Agian fribolitatean ere sartu beharko dut. Bikote izan gara –emanaldien arabera taldetxo bat ere osatzen genuen– eta orain berak [Edorta, semeak] baja eman du, ama berreskuratu nahi du. Kantariak asko egongo dira, baina ama bat bakarra daukagu [barreak]. Nik ez nuen famatua izan nahi, kantaria baizik. Eta lortu nuen. Fama izateko gustatzen ez zaizkigun gauza asko egin behar dira eta horiek sekulan ez ditut onartu. Ni konformatu naiz hori dena kendu eta lortzen nuen guztiarekin, zeren asko zen. Ezkutuan –etxean ez zidaten uzten–, zuzen-zuzen, musikara jotzen nuen. Lana egin eta gauez irratiko lehiaketa bazegoen, ni, isil isilik, hara joango nintzen.