Autogestioa eta musika: EHZ-k 25. urteurrena ospatuko du Irisarrin 2021 EKA. 27 - 00:00h Jon Pagola Euskal Herriko ekimen berezienetako bat da. Funtzionamendu propioa du, ohiko enpresetatik urrun. Aurten, Chill Mafia, Ruper Ordorika, Anestesia, Zea Mays, Nogen, Rüdiger eta Herdoil taldeak arituko dira, besteak beste, uztailaren 2, 3 eta 4an. Entseguak utzi, eta oholtzara igo; ideia bat zena, errealitate bihurtu. Aurten beteko dira bederatzi urte Ziburuko The Lookers taldeak lehenengo zuzenekoa egin zuenetik, Nafarroa Behereko Heleta herrian. Gazteak ziren, asko jota 20 urte zituzten. Charlie bateria-jotzailea batu zitzaien berriki, baina Mikel Toyos gitarrista eta abeslariak gogoan duena da Su Ta Garrek erakustera eman zuen aurpegi basati eta zirraragarria. «Izugarri ongi pasatu genuen, giroa oso alaia zen». 1996an antolatu zuten lehen edizioa, Arrosan, eta 2012an 17 urte bete zituen Euskal Herriko musika jaialdirik osoenetarikoa denak. Heldutasunaren atarian, 60 emanaldi ingururen lekuko izan da Euskal Herria Zuzenean jaialdia. 2014an The Lookers hirukotea koskortua zen. ‘Never Had Control’ EPa kaleratu zuten, eta Australiako The New Christs punk-rockero ospetsuekin batera aritu ziren Bilboko Kafe Antzokian. Lekorneko Garroa gazteluaren inguruan antolatu zen urte hartako EHZ. The Lookersek bigarren aldia zuen jaialdian, eta kontzertua ondo atera zedin Mikel Toyosek argi du zein izan zen gakoa: «The New Christsekin jo ondoren sutan geunden», esan du barrez. «Galeseko Castro taldea ezagutu genuen gau horretan eta oso ondo moldatu ginen. Gaur egun kontaktuan segitzen dugu. Iparraldeko talde orok jotzen du EHZn. Musika taldeak ez ezik, hizkuntza eta euskal kultura bultzatzen ditu. Kanpoko jende asko etortzen da eta proposatutako jarduerei esker konturatzen dira Euskal Herria ez dela soilik folklorea». Uztailaren 2, 3 eta 4an ospatuko da Irisarrin, orain dela bi urte bezala, EHZren 25. urteurrena. Chill Mafia, Ruper Ordorika, Anestesia, Zea Mays, Nogen, Rüdiger eta Herdoil taldeak arituko dira, besteak beste. Osasun neurrietara egokitutako jaialdia izango da eta, ohi bezala, kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, tailerrak eta mahai inguruak egingo dituzte. Hiru prezioko sarrerak daude: 16,50 eurokoa (igandea), 21,50ekoa (ostiral zein larunbat) eta 46,50ekoa hiru egunerako. 90eko hamarkadatik, zein asmo dituen argi eta garbi utzi du EHZk, musikatik haratago doan ekimena baita, eta webgunean jaso dituzte jaialdiko egunetan ikuskizun ugari josten dituen ardatz nagusietako batzuk. «Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da gure festibala. Horregatik, trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen dugu, eduki politikoari garrantzi nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz (…) Festibalak esperientzia kolektibo anitzen espazioa izan nahi du. Atera gaitezen ohituretatik eta ausartak izan gaitezen mundua edertzeko!», diote antolatzaileek. Azkenaldian, errepide estu eta bihurgunetsu bati jarraitu diote. Bidea ez da batere erraza izan. EHZ antolatzen duen elkartean aldaketak izan ziren 2019an eta belaunaldi berri bat hasi zen lanean; horien artean da Irati Fernandez. «Gorabeherak izan ditugu. Normala da. Ibilbide luze batean saltoak egoten dira, belaunaldi ezberdinek parte hartu dute, eguraldiak eragin handia izan du… 2017an, bertan behera utzi genuen festibala eguraldi txarra zela-eta. Krisian sartu ginen», azaldu du Fernandezek. 2018an formatu berezia izan zuen jaialdiak, eta EHZ Nomada izenpean hiru emanaldi egin ziren Baigorrin, Baionan eta Itsasun. «Gogoeta prozesu» baten ostean, Irisarri hautatzea erabaki zen. Joan den urtean zailtasunak, ezinak eta nahigabeak izan zituzten. 2017an bezala, bertan behera geratu zen, kasu honetan pandemiagatik. Aurtengoa «urte konplikatua» izan da, baina aurrera egitea lortu dute. Fernandezek adierazi duenez, urtarrilean hasi ziren aurtengo egitaraua prestatzen eta, «zailtasun handiak» gainditu ondoren (oro har, formatuari dagokionez), euskal kultura garaikidean berebiziko garrantzia duen lekukotzarekin jarraitzeko prest daude. «Pixkanaka-pixkanaka argiago daude gauzak eta antolakuntzan ari gara orain lanean. Taldea aski indartsu dago eta badirudi aurtengo edizioa arrakastatsua izango dela, behintzat sarreren salmenta aldetik. Seinaleak positiboak dira». Mugak eta gabeziak albo batean uzteko gai izan dira eta “Kulturaren pindarra bizituz!” leloa sareetan zabaldu dute ilusio handiz. Hiru mila bat lagunek parte hartu ahal izango dute aurtengo edizioan –legez, pertsona bakarra sar daiteke lau metro karratuan– eta edaten eta jaten emateko aukera izango dute. Ezohiko egoerak bultzaturik, azken orduan, maiatzaren 19an, ezagutarazi zuten programazioaren zati handiena. EHZko kideak uste du ez dela aldaketa handiegirik sumatuko edizio pandemiko honetan. «Irisarrik baliabide eta ezaugarri egokiak eskaintzen dizkigu eta gunea oso positibotzat jo genuen bere momentuan. Formatua ez da asko aldatuko. Irisarrin egon denari asko gogoraraziko dio 2019ko edizioa. Gunea, giroa eta espero dugu eguraldia ere antzekoa izatea». Covid-19aren ostean, osasun eta segurtasun neurri berriak «kontuan hartu behar» direla adierazi dute Euskal Herria Zuzenean festibalekoek. 25. edizioa aurrera ateratzeko, laguntza deialdia egin dute sare sozialetan eta 400 boluntario beharko dituztela ohartarazi dute. Funtsezko gaia da antolatzaileentzat eta Fernandezek honakoa azpimarratu nahi izan du: «Aurten laguntzaileen papera garrantzitsua izango da. Normalean baino laguntzaile gehiago beharko ditugu. Deialdia ongi doa, baina ez gara 400 pertsonara iritsi. Irekita dago izen-ematea webgunean, hiru egunetan parte har daiteke edo nahi duenak bere txanda egin dezake egun solte batean». Izarren distira. Manu Chao eta Fermin Muguruza aritu ziren 2009an. Public Enemy-ren izarrak egin zuen distira 2012an. Hainbatetan egon da Zea Mays taldea EHZn. Pandemiak eztanda egin zuenean, herritar askori tokatu zitzaion etxetik lan egitea. Telelana bete-betean sartu zen bulego batean lan egiten duen jendearen bizitzan. Musika taldeentzat, ordea, bestelakoa da egoera. Beren lana agertoki batera igo eta abestiak jotzen dituztenean gauzatzen dute, publikoak, multzoka bilduta, musikarekin bat egin dezan. Pandemiak gogor jo du sektorea. Beste askok egin duten bezala, The Lookers bezalako talde xume batek disko berri bat grabatu du eta Mikelek Toyosek adierazi du kantuak nahasten ari direla laster ezagutzera emateko. «Beti gauza berbera diot, badakit, baina zeharo ezberdina izango da. Espero dut kontzertuak egiteko aukera izatea». Jakina da Zea Mays euskal eszenako talderik arrakastatsuenetako bat dela, baina «txarto» pasatu dutela adierazi dute. «Pandemiaren itsasoan igeri egiten ikasi dugula ematen du, baina nekatuta gaude eta lurra zapaldu nahi dugu behingoz. Horrekin amets egiten dugu», esan dute etsipen puntu batekin. Udako agenda betetzen hasiak dira bilbotarrak, apurka-apurka bada ere. Madrilgo eta Bartzelonako kontzertuen berri eman dute sare sozialetan. Uztailaren 3an jarri diete hurrengo data EHZn. Zea Maysentzat «ohorea» da Irisarrin jotzea. «Azkenengo urteetan hainbat oztopo eta ezbehar izan ditu festibalak, eta aurtengo berpizte honetan egoteak asko pozten gaitu. Eszenatoki eta ordutegi desberdinetan jo dugu behin baino gehiagotan eta oso ondo tratatu gaituzte. Oso gustura ibili gara beti. Talde itzelak ezagutu ditugu bertan, hemengoak eta nazioartekoak. Aurten betiko moduan dena ematera joango gara, bai oholtza gainean, baita kontzertuak ikusten ere». Zea Maysek Rinocerose-ren rock elektroniko «brutala» nabarmendu du EHZtik pasatu diren hainbat eta hainbat talderen artean. «Euskal Herrian oso garrantzitsuak dira festibalak bai publikoarentzat, baita taldeentzat ere. Talde ezberdinak elkartzen gara eta elkar ezagutzeko aukera paregabea da. Hegoaldeko eta Iparraldeko taldeak batera egoteko leku berezia da EHZ, elkarrekin musikaz gozatu eta mintzatzeko aukera dugu». EHZren helburuetako bat «euskal kultura eta sorkuntza» sustatzea da eta aurten, 2019an bezala, tokiko eragile eta artistekin lan egitea erabaki dute. Koronabirusak «ez du eraginik izan» antolatzaileek hartu duten erabakian. Modu kontzientean egin dute. «Euskal hizkuntza, nortasuna nahiz kultura defendatu eta laguntzailegoan oinarrituriko antolakuntzaren bitartez jatorri eta eremu sozial ezberdinetako gazteen arteko trukaketa eta ezagutza bultzatzeak» egiten du EHZ Ipar Euskal Herriko ekimen berezienetako bat izatea. Elkartearen funtzionamendua horizontala da; hots, ez dute enpresa klasikoen bertikaltasunean sinesten. Hor datza jaialdiaren xarma ugarietako bat: irabazi asmorik gabeko egitasmoa da eta ohiko enpresen logikak ez du hemen balio. Badira hasieratik kide izan direnak, baina «garai berrietako beharrei egokitzen doa» elkartea eta belaunaldi gazteak hartu dute festibalaren lekukoa. Zaila da egun EHZ zenbat lagunek osatzen duten esatea. Irati Fernandezen esanetan, «laguntzen duten guztiek osatzen» dute festibala. Beraz, «ehunka pertsona gara. Hogeita bost urtetan kide izan direnak daude. Antolakuntzan hogei bat gara. Data hurbiltzen doan heinean, komisio ezberdinak aktibatzen dira eta errazki hirurogei bat pertsona ari dira lanean». Azaldu duenez, erakunde publikoen dirulaguntzak urriak dira eta sarrera-salmentaren bidez nahiz tabernetako barretan ateratzen diren etekinekin lortzen dute finantzaketa. 25. edizioko azken zertzeladen zain dauden arren, etorkizunera begira bidea egiten ari dira. Nola ikusiko ote dute etorkizuna? Nolakoa izango da bost edo hamar urte barru Euskal Herria Zuzenean? Irisarrin jarraituko du? Fernandezek eman duen erantzuna EHZren espiritu eraikitzaile, berritzaile eta inklusiboarekin bat dator. «Belaunaldiz belaunaldi transmititzen da EHZ eta belaunaldi bakoitzak bere ukitua ematen dio. Beraz, hemendik urte batzuetara segitzen badu, ez dakigu formatua zein izango den, baina segituko du».