2021 UZT. 02 - 08:20h Udan ere ingurumena errespetatzeko kanpaina abiatu du Euskal Elkargoak Udako sasoia abiatu den honetan, ingurumena errespetatzeko xedez, turistei zein herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio kanpaina berezi bat abiatu du Euskal Elkargoak. Kanpaina berezi bat abiatu du Euskal Elkargoak. Willy Roux «Ingurumenarekiko eta gure lurraldearekiko errespetua 2021eko udako sasoiaren erdigunean ezarri» . Hori da Daniel Olcomendy Turismo iraunkorraz arduratzen den Euskal Elkargoko lehendakariordearen xedea. 2022rako ekintza plana lantzen ari diren bitartean, Euskal Elkargoak uda honetan bertan praktika onen inguruan sentsibilizatu nahi du, Ipar Euskal Herria etorkizunean «turismo iraunkorra garatzeko eredu» bihur dadin. Kanpaina berri honetarako, Euskal Elkargoak iazko udan oso bisitatuak izan diren mendiko guneetan zentratu nahi izan du. «Mendia lan tresna bat da artzain eta laborarientzat. Nahi dute espazio hori konpartitu, baina errespetuarekin», azaldu du Jakes Barreix, iniziatiba sindikatuetako Euskal Elkargoko lehendakariordeak. Ardi tropa baten erditik ez pasa, xakurra lotua atxiki… ibiltariei oroitarazi dizkieten arauen adibideak dira. Sentsibilizazio kanpaina honen karietara, bi baliabide eskura jarri ditu Euskal Elkargoak. Alde batetik, bitartekarien presentzia bermatuko du jende asko biltzen den guneetan. Bestalde, umorea lagun izanen duen komunikazio kanpaina bat.CPIE Euskal Itsasbazterra egiturarekin partaidetzan, gune ezagunenetan bitartekariak egonen dira, hala nola, Ibardinen, Artzamendin, Iparlan, Munhoan, Sorogainen edo Errozaten. Bere lanaren xedea bisitariei praktika egokiak azaltzea izanen da. Astelehenean, ekainaren 28an prentsan eta baita hainbat errepideetako iragarki paneletan ere abiatu duten komunikazio kanpaina aitzina eramanen dute. Kanpaina honek slogan argi bat izanen du: «Mendia…errespetua!». Halaber, panel horiek aparkalekuetan ere ikusi ahal izango dira, ibilbideak hasten diren leku estrategikoetan. «Profesional eta mendiko erabiltzaileen arteko elkarbizitzaren problematikari erantzun behar diogu», azaldu du Battitt Laborde euskal mendiaz arduratzen den hautetsia. Sentsibilizazio kanpaina hau eta bitartekarien presentziaz gain, Euskal Elkargoak, lau txango-gida argitaratu ditu. Gidaliburu elebidun horiek lau eremu geografikoren arabera (Lapurdi, Lapurdiko ekialdea, Baxe Nafarroa eta Xiberoa) aurki daitezke. Guztira, 93 ibilbide daude agerian. Besteak beste, praktika onak zeintzuk diren gogorarazten dute. Gida hauek salgai daude Ipar Euskal Herriko mendi sindikatu guztietan, prezio txikian, 8 eta 10 euro bitartean. Helburua bisitariak tokirik ezagunenak ez diren beste toki batzuetara bideratzea da bisitariak sakabanatzeko eta leku berean jende gehiegi ez biltzeko. «Banakako eta taldeko erantzukizuna izateko deia luzatzen dugu, mendia, baina baita itsas bazterra ere errespetatzeko. Era berean, xahutzearen aurkako borrokarekin segitzen dugu, baliabide naturalak zaintzeko, guneak ez kutsatzeko», erran du Daniel Olçomendyk. Erantsi duenez, hondartzak zaintzen segituko dute aurten ere.