2021 ABU. 05 - 13:31h Joar, ura da bizitza Araba eta Nafarroa banantzen dituen 1.417 metroko mendi puska, Kodes mendikatean. Gailurretik, hatzekin ukitzeko moduan ikusten dira Errioxa, Gaztela eta Aragoiko mendi handiak, San Lorenzo, Urbion eta Moncayo, jantzi zuri dotorearekin. Joar da. Kodes mendilerroa Torralba del Rio herrira daraman bidetik. Andoni Urbistondo Dozenaka mendi daude Euskal Herrian, baina badira mendi bakartiak, bereziak eremu ez menditsuetan daudelako. Gure geografiako tontor ezagunenekin alderatuta, bisita gutxiago jasotzen dituztenak, baina horiek bezain ikusgarriak. Haitz eta harritzar tenteez hornituak; Euskal Herrian hegoalderen eta garaien dagoen pagadiaren bizileku; Ebro ibai handia elikatzen duten akuiferoen kokagune. Hori da Joar. Euskal Herria itotzen ari da… Negua oso hezea izan da, euri eta elur asko egin du, eta udaberriko lehen hilabetean ere bota eta bota jarraitu du. Ez ipar isurialdean bakarrik, isurialde mediterraneoan ere erruz bota du, eta ibai eta errekak kabitu ezinik doaz euren arroetatik: Arga, Ebro... Baretuko dira, baina mendi handietan elur asko dago, eta elurra lurmentzeak Nafarroako eta Arabako baratze eta soroak berdetu ditu, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko edozein bailara izango balira bezala. Lizarrako eta Arabako Errioxa artean bizi diren herritarrak, ordea, ez dira kexu. Paraje hauek idorretan idorrenak bilakatzen dira uda luzean, eta botatako euriak gari eta garagar lurrak, baratze emankorrak elikatuko dituela jakitun dira. Euskal Herri hegoko paraje hauetan ura urrea da, bizitza ematen du. Mendi honi Kodes (azentua «e» hizkian) edo Telegrafo esaten diote Aguilar Kodesen, Torralba del Rion eta Azuelon (Nafarroa), Joar izen ofiziala baino gehiago. Litekeena da Telegrafo izena gailurrean jarri zuten antena erraldoi baten ondoren egin izana ezagun, 40-50 metroko altuera baitu. Itsustu egiten du gailurra, egia, baina antena erraldoi hori gabe ziur aski ezingo genuke sakelakorik erabili, argia eduki eta beste. Gizakiaren eta mendiaren arteko betiko kontraesana... Egutegian euririk egingo ez duen egunen bat, ordu batzuk bilatzen egon ostean, leihoa ireki da. Apirilaren 12an eginikoa da igoera hau. Donostialdetik Iruñera euria, barra-barra. Erreniega gaina (Perdon) pasata ateri, eta Los Arcos (Urantzia) eta Viana alderantz, laino alferrak. Joar, ordea, ez da ikusten. Kodesko Ama Birjinaren santutegitik abiatzen da igoera ezagunena (814 metro). Beneditarren monasterioa izan zen aitzina, egun ostatu bilakatua, eta taberna eta jatetxea dituena. Urte osoan dago irekia. Pista zabal bat hasieran, boilur lurrak zeharkatzen dituena (eremu babestua da). Arte eta artadiz inguratuta, pistan behera erreka urtsua jaisten da, goi mendietan ur zuloek ur gehiago hartu ezinik. Ordu erditxoko martxan, elurra agertzen da, 1.000 bat metrora, eta horrek ur emari handiaren jatorria ulertzen laguntzen du. Izan ere, azken bi egunetan elur geruza handia pilatu da Kodes mendilerroan. Zuhaitzak bakantzen doazen heinean Kodes mendilerroa harro azaltzen da hareharri bidetik. Peña de los Cencerros, ezkerraldera (1.171 metro), azpitik ikusita beldurra ematen duen haitz tente bezain ikusgarria. Bidean gora, hainbat eta hainbat monolito ikusten dira, asko igo gabeak. Elurra harriari gaina hartzen zaionerako, La Llana lepora iristen da (1.210 metro). Goi ordoki ederra da: La Plana (1.337 m) eta Costalera (1.274 m) haitzak ekialdera, eta Joar nagusia mendebaldera. Errepiderik ez zegoenean, mendi bide erabilia izango zen pasabide hau, ziur. Pagadi ikusgarria La Llana lepoan lainoa joan da. La Plana mendia ere ozta-ozta ezkutatzen da, eta agerikoa da eguzkia, pixkanaka, lainoei borroka irabazten ari zaiela. Joarrerako igoera ederra da. Elurra gero eta zabalago hedatzen da, gero eta sakonago, eta pagadian barneratu ondoren, udaberriko txangoa negukoa bilakatzen da: pagadi itxia, elur geruza sendoa zoruan, eta soinurik txikiena ere ez, norberaren hanka-arrastoen hotsa baino ez. Ekuazio hoberik ba al da, pertsona bere munduan murgildu eta eguneroko bizitzaren komeriak ahazteko? Pagadi hau berezia da. Euskal Herrian hegoalderen kokatzen dena da, eta Iratiko oihaneko pagoekin lehian, gurean dagoen garaienetakoa ere bai, garaiena ez bada. Ez alferrik, Kodes mendilerroko pagadia 1.400 metroraino zabaltzen da, negu gordinetan ezin hobe moldatzen den zuhaitza dela frogatuz. Igoera bukaerak pagadiko une gozoarekin egiten du talka, modu zatarrean. Eraikin orlegi handi bat dago, eta haren ondoan, 40-50 metroko antena erraldoi bat. Baita Arabako Kanpezu herritik igotzen den mendi pista zabal bat ere. Pagadiek milaka urte iraun duten eremuan gizakiak ere bere arrastoa utzi behar... Joarren ere eguzkiak lainoa makurrarazi du, eta tamainako behatokian, begiek ikusten duten guztiarekin gozatzeko komeriak dituzte. Joar baino mendi garaiagorik ez baitago, kilometro eta kilometrotan. Kantabria mendilerroko erpinak, mendebaldean, altuxeagoak dira, baina ez da nabaritzen. Urrun, hego-hegoan, Logroño hiriaren atzealdean, Iberiar mendikateko gailur biribilduak sumatzen dira, zuri-zuri: San Lorenzo (2.262 m.), Urbion (2.228 m.) edota denetan garaiena, Moncayo ezaguna, Soria eta Aragoiko mugan (2.319 m.). Iparrera Urbasa eta Kapilduiko mendiak daude, eta ekialderantz, Monjardin eta Montejurra (Iurramendi), Lizarra aldean. Dos Hermanas haitzak Jaitsiera bera ez errepikatzeko aukera ugari eskaintzen ditu Joarrek. Elurrarekin, ez dira udan bezain samurrak, baina bai arriskurik gabe egiteko modukoak. Ohikoena gailurretik Azuelo herriraino jaisten dena da (Kodesko ostatutik 5 kilometro eskasera). Gailurretik hegorantz, Pico Royo inguratzen da aurrena (1.321 m.), eta Peña Blanca azpitik pasa ondoren (1.249 m.), pista batera iritsi arte. Pistatik ezkerrera daude Kodes mendilerroko haitz ezagunenak, Dos Hermanas haitzak: Bi dira, nagusia eta gaztea, eta Riglosko mallo-en antza dute. Haraino iristeko bidea ez da erosoa, eta horrek eskalatzaileak uxatu izan ditu. Urrunetik ikusgarriak dira oso. Kondairak dioenez, bi haitzak Uxanuri edo Genevillako ahizpak dira, bere amaordeak harri bihurtzeko madarikazioa egin ostean, egun batean erauntsi betean etxera berandu iritsi zirelako. Ama Birjina Kodeskoaren ostatura bueltan, Kodes eta Joar bere handitasunean agertzen dira. Goi gailurrak zuri, antena eta guzti, eta Torralba del Riotik Los Arcosera urruntzen joan ahala, goizeko lainoarekin ikusi gabeko mendikate dotorea. Euskal Herri lehorrean, Euskal Herri horian.