Tikal, Guatemalako oihanean 2021 ABU. 21 - 13:36h Testua: Asier Vera (Argazkiak: Vera eta Thickstock) Peten, Guatemalako 22 departamentuen artean iparraldekoena, da herrialde honen birika. Toki honetan iraun zuen zutik 1848ra arte Tikalek: munduko hiri maia garrantzitsuena eta gaur egun, urtero, milaka pertsonak bisitatzen dutena. Oihanean barneratu eta duela 1.000 urte baino gehiago indigenak bizi ziren hiri horren hondarrak deskubritu aurretik, Isla de Flores da bidaia hasteko tokirik onena, antzina Tayasal deitua eta Peten Itza aintzirak inguratua. XVI. mendean suntsitu zuten espainiarrek, indigenak kristau bihurtzen saiatu ondoren, eta hiria abandonatuta geratu zen XVIII. mendera arte. Berreraiki ostean, Isla de Flores da egun Guatemalako toki turistiko garrantzitsuenetako bat da, Tikaleko hondakinetatik gertu dagoelako, 1979an Unescok munduko ondare izendatu zituenak. Kilometro erdiko harrizko bide batek lotzen du kostaldearekin hiri hau, etxe zahar eta kalexkek osatua, eta horien azpian daude antzinako Tayasal-en hondakinak; horixe izan zen espainiarrek mendean hartu zuten azken hiria. Toki hau erakargarri egiten duten gauzetako bat aintziran barrena ilunabarrari so nabigatzea da. Horretarako txalupa ugari dituzte bertan, Venezian bezala, aintziraren alde batetik bestera joateko zerbitzua ematen dutenak. Italiako hiri hori datorkigu gogora ere aintzira ertzean amaitzen diren kaleetako batzuk urak hartuta daudela ikustean. Lurrintzen dena baino ur gehiago jasotzen duelako gertatzen da hori. Autobusean ordubeteko bidaia eginda Petengo oihan eremura iritsiko gara; 1989an Maien Biosfera Erreserba izendatu zuten eta ehunka urteetan zehar Tikal hiri sakratua ezkutatu zuen, hots, maien hiri handiena izan zena eta egun Amerika osoan induskatutako leku handiena dena. Oraindik ez dakigu maiek zergatik alde egin zuten bertatik zakarki duela 1.000 urtetik gora, K.o. 900. urtean. Landaretzak apurka tokia hartu eta guztiz ezkutatu zuen. Indigenen kondaira batek hiri galdu bat bazela zioen, non beren arbasoak kultur garatua izatera iritsi ziren. Alabaina, Ambrosio Tut izeneko chiclero batek deskubritu zuen, kasualitatez, urrunetik tenpluen gandorrak antzematean. Arrapaladan joan zen bere aurkikuntza Petengo Probintziako orduko gobernadoreari kontatzera eta biak oihanean barneratu ziren tenpluz, jauregiz eta publikoz beteriko hiria aurkitu arte. Maien piramide garaiena Sazerdote eta erregeak bizi izan ziren han, K.a. VI. mendetik K.o. X. mendera arte, 800 urtez 33 gobernariren gidaritzapean bizi izan ziren 60.000 pertsonaren artean. Hondar arkeologikoen gune hau, 576 kilometro koadroko oihanak inguratua, bost tenplu nagusik osatzen dute, 16 kilometro koadro hartzen dituztenak: I Tenplua edo Jaguar Handiaren Tenplua; II Tenplua edo Maskaren Tenplua; III Tenplua edo Jaguar Sazerdotearen Tenplua; IV Tenplua edo Bi Buruko Sugearen Tenplua eta V Tenplua. Eraikuntza maiestatetsu horien artean nabarmentzen da gaurdaino ezagutu den piramide maia garaiena, hots, Bi Buruko Sugearen IV Tenplua. 70 metroko altuera du eta K.o. 470. urtean eraiki zuten hileta ospakizunak egiteko. Beste batek soilik gainditzen du, La Danta izeneko lurpetutako tenpluak, El Mirador antzinako hiri maian dagoena, San Andres herrian, Petenen hori ere. Tikal bere edertasun betean ikusteko, egunsentia baino lehen bertaratu behar da IV Tenpluaren gailurretik eguna argitzen ikusteko. Egurrezko eta sustraizko eskailera batzuetatik igo beharra dago lehen eguzki izpiek goizeko behe laino trinkoa nola saretzen duten ikusi eta tenplu bakoitza deskubritzen joateko; hori guztia oihaneko soinu bandak lagunduta, zeinean tximino orrolariak protagonista diren. Tikalek 285etik gora hegazti exotiko espezie hartzen ditu; ez, ordea, ketzala, Guatemalaren ikurra den txoria. Erraz ikus daitezkeen animaliak dira tximino armiarma eta pizotea, azken hau mapatxearen tankerako ugaztun bat; aldiz, gutxitan ikusi ohi da oihan inguru honetan bizi den jaguarra. Landaredi oparoko ingurunea da hau; ehunka orkidea mota ditu eta egur bitxien 30 espezie baino gehiago, horien artean chico zapote eta ceiba direlakoak, azken hau maien zuhaitz sakratua. Guztira, Tikalen 3.000 eraikuntza inguru daude, besteak beste, tenpluak, jauregiak, gizakiak sakrifikatzeko aldareak, egoitzak, maien pilota jokoak, terrazak, galtzadak eta k, gehienak ura batzeko akueduktu eta zisternekin konektatuak. Gainera, zeremonia gune nagusietan estela deritzen 200dik gora monumentu daude, glifo eta irudiak zizelkatuak dituztenak, zeintzuen bidez garai hartako agintariei buruzko istorioak kontatzen diren. Tikalen berreraikitako zatian bederatzi talde eta plaza daude; horien artean III Tenplua nabarmentzen da, hori baita gaurdaino iraun duen ateburua duen bakarra. Ateburuak, ateen gaineko erlaitz maiestatetsuak, duela 1.000 urte baino gehiago zizelkatu zituzten maiek chico zapote zuhaitzaren zur gogorrean. Ondo iraun duen beste eraikina Saguzarren Jauregia da, non oraindik horman sartutako bankuak, oheak eta leiho baxuak ikus daitezkeen; bi mailako egitura da, bobeda mailakatuz eta elkar konektaturiko gelez betea. Plaza Handia eta «mundu galdua» Zalantzarik gabe, Tikaleko gauzarik erakargarrienetako bat eta toki honen irudi enblematiko bihurtu dena Handia da; bertan dago Jaguar Handiaren Tenplua, 47 metroko garaiera eta 90 eskailera-maila dituena. Izena gailurrerian irudikatuta duen jaguar buruari zor dio, maientzat animalia erregea. Gaur egun ez dago bertan, Genevako Arkeologia Museoan baitago. ‘Mundu Galdua’ izenekoa da Tikaleko beste toki berezietako bat. 38 egitura ditu eta, hala, parke arkeologikoko ospakizun gune handiena da. Astronomia gune funtzioa izan zuen; 31 metroko altuerako piramidea eta tokian dauden hiru tenpluak baliatzen zituzten izarrak begiztatzeko eta denbora kontatzeko, ekinokzio eta solstizioetan eguzki irteera trazatuz. Tikalek erakusteko franko du oraindik, ez baitituzte hiriko egitura guztiak lurpetik atera; eta hala, Guatemalan oraindik kontserbatzen diren aztarnategi arkeologiko ugarietako bat da, besteak beste, Aguateca, Yaxha, Ceibal eta Cancuen-ekoekin batera, eta hor dago maien zibilizazioaren sorlekua. Merezi du Aguateca bisitatzea; horretarako La Pasion ibaiaren ibaiadarretako baten 28 kilometro ibili beharra dago. Oihan betean kokatua eta ibaitik 80 metro eskasera, zaharberritutako egitura gehien duen tokia da, 704 hain justu, eta horiek islatzen dute K.o. 100 eta 810. urteen artean bertan bizi izan ziren 4.500 biztanleen bizimodua. Bi orduko ibilaldian zehar, ospakizun eraikinak zein errege-jauregiak ikus ditzakegu. Baina antzinako hiri hau ezaugarritzen duen zerbait bada, hori bertako arrakala izugarria da, inguratzen ziren etsaiengandik defendatzeko erabili zutena.