2021 IRA. 10 - 06:50h Liher taldeak eguneroko baten bidez NAIZen emango du labean duten diskoaren berri Irailaren 13an hasita estudioko bosgarren lana izango denaren grabaketa egunen nondik norakoak kontatuko dizkigute Liher taldekoak NAIZen. Uztailean sartu ziren estudiora eta dagoeneko nahasketak eginak dituzte; hartara, xehetasun guztien berri emango dute musika atalean. Liherrek Donostiako Kafe Antzokian emandako NAIZ Kontzertua. (Gorka RUBIO/FOKU) Iker Gurrutxaga Pandemia garaia jakina da ez dela batere erraza izan musika taldeentzat. Galdetu diezaietela bestela Liher taldeko kideei, herensugea munstro bihurtu eta ia ia irentsi egin baitu talde gipuzkoarra. Baina munstroa garaitu eta duten kemena eta adorea baliatuz berriz ere estudiora sartu dira, urtea bukatu aurretik lan berria kaleratzeko asmotan.Iazko otsailean kontatu ziguten hemen, NAIZen, ‘Hemen herensugeak daude’ diskoaren grabaketaren egunerokoa nola izan zen. Gerora, NAIZ Irratian diskoa aurkeztu eta egun gutxira, Europara abiatu ziren hura jendaurrean defendatzera. Eta, bira haren erdi-erdian, izurritea iritsi zen. Izurriteak izan ditzakeen albo kalte guztiekin. Izan ere disko horretan ilusio berezia jarrita zuen Liher taldeak, euskarri desberdinetarako sortutako proiektua zelako eta horrek lan handia ekarri zielako. Lan horren fruituak, hala ere, 2021ean jaso dituztela esan daiteke hein batean. Hein batean diogu, bidetik uzta oparoagoa galdu dutelako.Disko berria grabatu dute dagoeneko, ez dugu inor engainatuko, baina NAIZen grabaketaren nondik norakoak jakiteko aukera izango dugu, primizian, haiek kontatuta. Normalean udako agenda bete-beteta izaten duten arren, azken bi urteetan ez da horrela izan eta bigarren udan lokalean egindako lana jendeari aurkezteko unea dela erabaki eta urtea bukatzerako disko berria kalean izango du Liherrek. Urte gogorra Proiektu askoren bideragarritasuna zalantzan egon da 2020ko martxoaren 15ean denak eztanda egin zuen unetik. Iñigo Etxarrik berak ere kontatu zigun hori NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean : «Frustrazio moduko bat badaukagu, hartu dugun lana eta egin dugun ekarpen guztia eginda ‘Hemen herensugeak daude’ diskoak ez duelako edukitzea nahi genuen bidea izan. Kalkuluak egin ditugu eta 55 inguru kontzertu geratu zaizkigu bertan behera. Eta, jakina, ez dugu horren kalte-ordainik ez diru-laguntzarik jaso».Aurkezpen bira bukatzeko ez zaie gehiegi falta, ezustekorik ezean, irailaren 18an Errenterian Qverno taldearekin izango direlako Niessen aretoan eta bira ixteko Gasteizko Azkena Rock festibalaren edizio berezian joko dute, irailaren 23an Iradier Arenan. Aurretik Madrilen, Bartzelonan, Udinen eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan aurkeztu dute, besteak beste, 'Hemen herensugeak daude’.Kritikoak izan dira hainbat konturekin pandemia garai honetan Liher taldekoak, baina ausardia hori ere eskertu beharreko zerbait da garai hauetan. Izan ere, artistei merezi duten bezala tratatzeko aldarria baino ez dute egin gipuzkoarrek eta ez dira gehiegi izan haien pare ibili direnak gauzei bere izenez deitzerako garaian. Baina gozotik ere dastatu dute, pixka bat izan bada ere. Izan ere ‘Teloia’ abestiaren bideokliparekin nazioarteko hainbat sariketatan aipamen eta sari bat baino gehiago eskuratu du Liher taldeak; azkena, Indian.Disko berria labean Uztailaren 26an sartu ziren estudiora beren bosgarren lana grabatzera. Euskal Herrian grabatu dute lana eta nahasketak ere eginak dituzte dagoeneko, hartara, ez da askorik falta disko hori kalean izateko. Lan berrirako, hainbat kolaboratzaile ere batu dituzte, gainera. Guk hemen ez dugu ezer aurreratuko, ordea. Haiek izango dira diskoaren nondik norakoak, xehetasunak, estudio eta kolaboratzaileen inguruko kontuak eta kaleratze datak emango dituztenak. Edo ez. Erabat librea izango baita beren egunerokoan kontatuko digutena NAIZen webguneko musika atalean. Irailaren 13an hasiko dira barruan gordea dutena azaleratzen eta musika gustuko duen edonorentzako moduko kontuak izango dira NAIZera ekarriko dizkigutenak, grabaketa prozesuak nolakoak diren beti izaten baita interesgarri. Adi jarraitu beharko ditugu, beraz, Ander Berzosa, Iñigo Etxarri, Lide Hernando eta Joshka Natkek, Liher taldeak, datozen egunetan idatzitakoak.