2021 URR. 04 - 06:36h Denboraldi berriarekin batera, martxan dira urriko 'Beste Bat' saioak Martxan da 'Beste Bat' saioaren hirugarren denboraldia, aukeraketarik onenarekin. Sabaia joaz hasteko asmotan, Mikel Karton abeslaria, Tatxers taldea, Habi eta Marmoka izango dira partaide. 15:00etatik 16:00etara ere, musika usaina dute Naiz Irratiaren uhinek! Urriko 'Beste Bat' saioa | Mikel Karton, Tatxers, Marmoka eta Habi Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen. Ioar Aizpurua 'Beste Bat' saioak, hirugarren denboraldia izango du estreinaldi ikasturte berriarekin batera. Astelehenetik-ostegunera bitarteko formatuak, berdin izaten jarraituko du 15:00etan hasi eta 16:00rak bitarte Naiz Irratiaren uhinetan. Mikel Karton abeslariak gidatuko du astelehenetako txanda, Tatxers taldeak berriz astearteetakoa, Habi-k asteazkenei jarriko die bidea eta Marmoka-ren gustuak entzuteko aukeran izango gara berriz ostegunetan. Astelehenetako kantu-zerrenda osatzeko ardura izango du beraz Mikel Karton abeslari gipuzkoarrak. Musikaren presentzia nahitaezkoa izan du betidanik bere bizitzan, baita azken urteetan diharduen bakarkako ibilbidean ere. 2010.urtera arte 'Gure Kabuz' izeneko musika taldean topatu genuen. 2013an etorri zen ordea, bere lehen autoekoizpena 'Protesta ahotsa' izenarekin eta ondoren 2017an 'Irauten'. Euskal artista ezagun ugari entzuteko aukeran izango gara berari esker asteko lehenean. Tatxers taldeko hirukoteak berriz, ez du gutxiago egingo astearteetan. 2018.urtean hasi ziren murgiltzen taldearen izenarekin, nahiz eta bakoitzak aurretik bere proiektuetan aritu. Martin Ziriza, Jon Salinas eta Iñigo Soria da hirukotea, Naiz irratiaren uhinak hankaz gora jartzera datozenak hain zuzen. Joan zen urtean kaleratu zuten beraien lehen lana, ekainean 'Goizean Oskorri' izeneko kantu arrakastatsuaren berri izan bagenu ere. Arrakasta lortzeko osagai guztiak biltzen dituela esan beharko genuke behintzat, entzun bestela! Asteazkenak 'Habi' taldearenak izango dira. Villabonan sortu zen 'Habi' duela hiru urte Jon Ander Artola eta Yeray Gascon musikarien bitartez. 'Rock' doinu ugari jorratu izan dituzte ibilbidean zehar. Aipatzekoa dute ere 'Etxekalte' Bermeoko taldearekin nahiz Elkar estudioarekin buruturiko elkarlana, itzela izan zela. 'Arimak Denboran' izenpean eman zuten ezagutzera modu horretara single bikoitza. Hondarribitik datorkigu azken aukeraketa, 'Marmoka' musika taldea hain zuzen ere. 2014tik, gitarren sokak astintzen ari dira taldekideak rock doinuan murgilduriko zenbait lan eskaini ahal izateko. Koldo Emeryk, Ibai Larraldek, Telmo Iridoik eta Gorka Emazabelek osatzen dute taldea, eta seguru gaude lan txukun bezain bereziak aukeratuko dituztela beraien kantu-zerrendetarako. Entzun bestela Izokina izeneko lan hau, dantzan hasteko gogoa sumatuko duzu seguruenik. Guztiak zuzenean entzun ahal izateko aukera izango da Naiz irratian zuzenean astelehenetik-ostegunera bitarte 15:00etatik 16:00etara bitarte. Ondoren, irratia.naiz.eus webgunean edo podcast plataformetan ere eskuragarri egongo da nahi adina aldiz entzun ahal izateko.