2021 URR. 15 - 13:40h Musika tradizionalaren transmisio sinfonikoa, Kalakanen eta EOSen eskutik Urriaren 20an hasita bost kontzertu emango dituzte Kalakan taldeak eta Euskadiko Orkestrak datorren astean kaleratuko duten diskoa aurkezteko. Sarrerak dagoeneko salgai daude Euskadiko Orkestraren web orrialdean. Iker Gurrutxaga Kalakan taldeak ‘Artizar’ lana kaleratu eta hilabete gutxira lan berria aurkeztuko du urriaren 18an, oraingoan Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean eta Elkar zigiluaren azpian. Jagoba Astiazaranen moldaketekin landutako hamabi kantuz osatuko da lana eta zuzenean aurkeztuko dute Euskal Herriko bost aretotan hilaren 20tik aurrera.Euskadiko Orkestrak duela 23 urte Benito Lertxundirekin abiatutako KlasikAT ekimenaren bidera batu dira Jeamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etcheverry, Kalakan osatzen duen hirukotea. Musika klasikoarekin aurretik ere loturaren bat edo beste izan du taldeak, horren adibide garbia da ‘Artizar’ lanean XIII. mendeko ‘Carmina Burana’ obra klasikoaren moldaketa bat gehitu izana.Oraingoan, ordea, berek aurretik sortutako kantak Jagoba Astiazaran musikariak Euskadiko Orkestrarentzat moldatuta grabatu dituzte. Hamabi kanta guztira. Astiazaran azkenaldian Iñar Sastrerekin ‘Arineketan’ izeneko lana aurkezten ibili da, euskal kantutegi tradizionaleko hainbat kantu txistuarekin eta pianoan aurkeztuz.Juanjo Oconen zuzendaritzapean Xalbador, Joan Batista Elizanburu edota Joxean Artzeren hitzak musikatuko dituzte, besteak beste, Kalakanekoek, baita hainbat kantu herrikoi eta beste propioren bat ere. Abesteaz gainera, beren ohiko instrumentuak, hala nola, txalaparta eta alboka, erabiliko dituzte sortutako konposizioetan. Aurkezpen kontzertuetarako sarrerak eskuratzeko moduan dira dagoeneko www.euskadikoorkestra.eus atarian. Iruñeko Baluarten hasiko dira aurkezpenekin urriaren 20an (19.30), asteazkenarekin eta, hilaren 21ean Gasteizko Principalen, 22an Bilboko Arriagan eta 23an Donibane Lohizuneko Jai Alain arituko dira. Azken geldialdia, berriz, Donostiako Kursaal Jauregian egingo dute azaroaren 5ean.Diskoa Elkar zigiluarekin kaleratuko dute eta laster izango da haien dendetan eskuratzeko moduan. Baita zuzeneko emanaldietan ere. Euskal kantuen transmisioan beste urrats bat emango dute, beraz, Kalakanek eta Euskadiko Orkestrak.