2021 AZA. 08 - 11:34h Herbie Hancock, Diana Krall, Yann Tiersen eta Hiromi arituko dira datorren urteko Jazzaldian Herbie Hancock, Diana Krall, Yann Tiersen, Hiromi, Gregory Porter, Kurt Elling eta Calexico arituko dira, besteak beste, Donostiako 57. Jazzaldian, 2022ko uztailaren 21etik 25era izango dena. Trinitate plazarako eta Kursaalerako sarrerak hilabete honen bukaeran jarriko direla salgai iragarri da. Hiromi pianojole japoniar aparta, dagoeneko konfirmatuta dauden izenen artean dago. (Pedro PARRAGA/JAZZALDIA) NAIZ Datorren urteko Jazzaldiko lehen izenak eman dituzte jakitera dagoeneko: Herbie Hancock, Diana Krall, Yann Tiersen, Hiromi, Gregory Porter, Kurt Elling eta Calexico. Beraiek arituko dira, besteak beste, 2022ko uztailaren 21etik 25era burutuko den jazzaren festa handian, Jazzaldiak berak aurreratu duenez. Beraz, Trinitate plazarako eta Kursaalerako sarrerak hilabete honen bukaeran jarriko dira salgai Donostiako Jazzaldiaren web orrialdean. Hiru pianista Musikaren panoramako izar ugari izango dituzte berriro Donostian distiratsu. Horren erakusgarri, hona hiru pianista nabarmen: Herbie Hancock legendarioa, Yann Tiersen aparta eta Hiromi zoragarria. Eta aparteko hiru bokalista: Gregory Porter boteretsua, Diana Krall bikaina eta Lurt Elling dotorea. Aipatutako guztiek, eta baita mugako musika egiten duen Calexico talde sutsuak ere, baieztatu dute datorren Jazzaldian parte hartuko dutela. Gaurko osagun egoera kontuan izanik, antza pentsa dauteke 2022an Keler Agertokian berriro kontzertuak egin ahal izango direla, Zurriola hondartzan. Antolakuntza, beraz, hainbeste une ahaztezin eman dizkigun eta sarrera doakoa duen agertoki honen programazioa prestatzen ari da; hala, koronabirusaren pandemiaren ondorioz Jazzaldiaren azken bi edizioetan itxi behar izan duten hondatzako agertokia berriro irekiko dute. Era berean, JazzEñeren zortzigarren edizioa egingo da. Joan den urtean bezala, berriro gozatuko dugu, Jazzaldiaren barruan, Estatu espainiarreko jazzaren internazionalizazioa helburutzat duen SGAE Fundazioaren ekimen honetaz. Jazzaren erreferente diren zortzi taldek publiko orokorraren eta mundu osoko jaialdietako programatzaileen aurrean joko dute, Espainiako Jazzaren soinua nazioartean zabaltzeko helburuarekin.