2021 AZA. 18 - 14:45h Huntza taldeak aldaketaz beteriko diskoa aurkeztu du: ‘Ezin ezer espero’ Laugarren lan honetarako Julieta Venegas eta Doctor Prats bezalako artistekin kolaboratu du Huntza taldeak. Ohiko trikitixa doinuak mantendu badituzte ere, doinu intimistagoak landu dituzte zortzi kantaz osatutako diskoan. Huntza taldea ‘Ezin ezer espero’ lanaren aurkezpen ekitaldian. (Monika DEL VALLE/FOKU) Iraide Ibarrondo Huntza taldeak bere laugarren lana aurkeztu du ostegun honetan Bilboko Kafe Antzokian: ‘Ezin ezer espero’. Izenburuak dioen moduan, Huntza erritmo eta doinu aldaketa dezenterekin azaldu da zortzi abestiz osatutako disko berri honetan, betiere bere izaera mantenduz, baina ohikoak baino doinu intimoago eta letra sakonagoak plazaratuz. Horrela, Huntza berri bat aldarrikatu nahi izan dute, taldeak «alderdi eta erregistro asko» dituela erakusteko. Izan ere, taldea itxialdiaz baliatu da «barrura begira» jartzeko, hausnartzeko eta publikoak haiengandik espero zuenaren inguruan pentsatzeko. Hori horrela, kantak era «naturalean» eta «espero gabe» atera direla ondorioztatu du Josune Arakistainek, taldeko trikitilari eta ahotsak. Taldeak doinu lasaiagoen alde egindako apustuaren adibide nabaria ‘17:21’ kanta da, Julieta Venegas kantautore mexikarrarekin kolaborazioan egindako lana. «Trikitixarekin lehenengo melodia sortu nuenean nire etxeko salan nengoen eta burura etorri zitzaidan lehenengo pertsona Julieta Venegas izan zen. Esan nuen, joe polita izango litzateke Julieta Venegasek parte hartuko balu baina, Josune, ez egin hainbesteko ametsik», gogoratu du Arakistanek. Ideia hartatik abiatuz, trikitilariak entsegu batean egin zien proposamena taldekideei eta Venegasen ezetza jada bazeukatela ondorioztatu zuten. Hortaz, saiatzea erabaki zuten. Managerrekin kontaktuan jarri eta, espero ez zuten arren, Venegasek baiezkoa eman zien. «Ideia txoro batetik atera zen dena», azaldu du Arakistainek. Bideoklipean –jada youtuben zintzilikatuta dago– Venegas animazio bidez azaltzen da. Disko honetan, orokorrean, irudi, estetika eta bideoklipei «garrantzi handia ematen» saiatu direla adierazi du Uxue Amonarrizek, taldeko panderojole eta ahotsak. Era berean, taldekideek bideokliparen grabazioan jende askoren laguntza izan dutela azpimarratu nahi izan dute. ‘17:21’ kantan, esaterako, Oiartzunen izan zen grabazioa. ‘Ezin ezer espero’ lanaren beste berezitasunetako bat da produktore baten laguntzarekin, Pablo Novoarekin, grabatu duten lehen diskoa dela. Grabazioa 2021eko martxo eta abuztuan izan zen Haritz Harreguy estudioetan, Usurbilen. Peru Altubek, bateriak, Novoaren lana goretsi du: «Hasiera hasieratik oso lagungarria egin zaigu eta oso eskertuta gaude disko honi kanpoko ikuspegi bat atxikitzeagatik». Horretaz gain, Altubek gehitu du lana konfiantzazko jendearekin egiten denean, lanak askoz fruitu «oparoagoa» ematen duela. Zuzeneko kontzertu gosez Hemendik eta apirilera bitartean 20 kontzertu inguru ditu hitzartuta taldeak. Hiru bloketan banatuko dira: Euskal Herrikoak, espainiar Estatukoak eta frantziar Estatukoak. Horretaz gain, Aitor Huizik, biolinak eta biolak, Suitzan ere kontzertu bat eskainiko dutela zehaztu du. Oraingoz, iragarrita dituzten emanaldietatik Euskal Herrikoak dira urrienak, baina taldekideak ziur daude aurrerago data berriak itxiko dituztela euskal plazetan zein kulturguneetan. «Apiriletik aurrera gure asmoa linea honetan jarraitzea da. Uste dut denok gaudela desiatzen jotzen hasteko», aurreratu du taldeko baxu-jolea den Inhar Eskisabelek taldekideek, buruarekin adierazpena baieztatu duten bitartean. «Gu zuzenekoetako animaliak gara», gehitu du Huizik barre artean. ‘Aldapan Gora’ren mamua Oraingoz, Euskal Herrian data gutxixeago hitzartu izanaren arrazoiak bi izan daitezke taldekideen iritziz. Alde batetik, ‘Aldapan Gora’ hit-aren «mamua» Euskal Herrian oraindik oso txertatuta dagoela uste dute. Eta, hortaz, Euskal Herrian «kostatzen» dela mamu hori «atzean uztea» eta «Huntza berri bat aldarrikatzea». Bestalde, osasun neurriak eta pandemiaren bilakaera tarteko, epe luzerako kontzertuak ixtea zaila dela deritzote. Durangoko presentzialtasuna kolokan ‘Ezin ezer espero’ diskoaren aurkezpenak eta promozio kanpainak bat egiten dute heltzear dagoen Durangoko Azokarekin. Hala ere, Lakuako Gobernuak astearte honetan iragarri dituen neurri berriekin tentsioa zabaldu da musikari, argitaletxe eta antolatzaileen artean, jada ez baita guztiz ziurtzat ematen Azoka era presentzialean ospatuko denik. Ziurgabetasun honen inguruan galdetuta, Amonarrizek nabarmendu du diskoaren izenburuak dioen bezala, ezin dela ezer espero: «Ezin da jakin zer gertatuko den, ezta nola eramango den aurrera. Baina, tira, moldatuko gara. Pena izango litzateke presentzialki ez egitea, badelako plaza bat kontaktuan egoteko publikoarekin». Bere aldetik, Arakistainek adierazi du pare bat urte barrura begira egon ostean, gustatuko litzaiekela orain berriro ere jarraitzaileekin egotea haien feedbacka jasotzeko Durangok trasmititzen duen «hurbiltasunarekin. Tristura emango lidake ez balitz presentzialki egingo».